Pirinioek batutako aldarria

Suredak eta Gomezek «sinbologiaz betetako» mobilizaziotzat dute burujabetzaren alde uztailaren 2an egingo dutena. Elkarlana nabarmendu dute: «Parean duguna berdina da»

Susanna Sureda eta Manu Gomez, Etxarri Aranatzen. BERRIA TB.
Lara Madinabeitia - Olatz Artola Apeztegia
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gure Eskuk eta Kataluniako eragile sozial batzuek Pirinioetako Bidea antolatu dute uztailaren 2rako; asmoa da mendikate horretako 300 bat gailur argiztatzea, Kantauri itsasotik Mediterraneora. Egitasmoaren berritasunetako bat da bi herrialdeetako herritarrek bat egingo dutela mobilizazio berean, eta horietako bi dira Manu Gomez burujabetzaren inguruko herri galdeketen sustatzaile izandakoa eta Susanna Sureda Katalunian jaiotako etxarriarra. «Sinbologiaz betetako proiektu bat» izango da uztailaren 2ko egitasmoa, Suredaren esanetan.


Izan ere, tontorrak argiztatzea, gailurretatik argia ematea, «oso sinbolikoa» iruditzen zaio Suredari: «Katalan eta euskal herritar gisa, partekatzen ditut aldarrikapenak. Niretzat, uztailaren 2an Mediterraneoa eta Atlantikoa lotuko ditugula pentsatzea zirraragarria da. Egunotan irudikatzen nituen [Jaurlaritzako lehendakari izandako Jose Antonio] Agirre eta [Kataluniako Generalitateko presidente izandako Lluis] Companys; bere garaian faxismotik ihesi, milaka herrikide bezala». Biek Pirinioak gurutzatu zituzten 1936ko gerran.

Metafora berari heldu dio Gomezek ere: «Orduan itzaletara joaten ziren, eta orain argia ematera goaz». Bi herrialdeek batera egiten duten lehen «ekintza intsumisotzat» du uztailaren 2koa: «Hori da pixka bat bidea: desobedientzia, baina imajinazioa landuta. Desobedientzia puntu bat ere badu. Oso polita iruditzen zait. Parean duguna ikusita, intsumisiorik gabe ezingo dugu aurrera egin. Beharrezkoa da bi herriek batera egitea bide hori».

Hain zuzen, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidea partekatzeko egokitasunaz mintzo da Gomez: «Aspaldi entzun nion katalan bati; bakoitzak edukiko duela bere historia baina parean daukaguna berdina dela. Elementu berdina dela gure herriari erabakitzen ukatzen diona, eta, berdina den neurrian, ezinbestekoa da biok batera aurre egitea, nahiz eta gero bakoitzak bere erritmoa eramango duen edo ez». Kataluniako herritarren aldetik «ilusioa» nabari du Suredak, nahiz eta deialdia han «beranduago» zabaldu den: «Kontsigna betikoa da: ez dago atzerabiderik. Indar paregabea daukagu: jendearen indarra. Pizten da behar den aldiro, eta badakigu ez gaudela bakarrik».

Ekintza «ikusgarria»

Mobilizazioaren izaera berritzaileari ere erreparatu dio Gomezek: «Askotan, aktibismoa lotzen dugu hausturarekin eta ez dugu lotzen sortzen ditugun gauza ederrekin. Agian horrek gehiago eragiten du; bat-batean ikusi dugu bakarren bat muturbeltz jarri dela mendi batzuk argiztatuko ditugulako; ekintza ikusgarri bat egin behar dugulako. Oihartzuna izango du, ez da egunero 800 kilometro argiztatzen. Ez da egunero mendilerro bat argiz ikusten».

Mobilizazioan, 115 tontor inguru argiztatzea egokituko zaie euskal herritarrei. Zailtasunaren arabera, berdez eta gorriz sailkatu dituzte gailurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.