«Inteligentzia Zentro Nazionalaren jarduerak [CNI] sekretupeko informazio klasifikatua dira, eta halaber dira sekretupeko informazio klasifikatua haren antolaketa eta barne egitura, baliabideak eta prozedurak, langileak, instalazioak, datu baseak, informazio iturriak, eta aurreko gaien berri ematen duten informazio edo datuak ere, halaxe ezarri baitute sekretu ofizialak arautzeko legediak eta nazioarteko akordioek, eta, nolanahi ere, aipaturiko legedian eta nazioarteko akordioetan ezarritako klasifikazio gradurik handiena izango du informazio horrek». Hala dio CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako jarduna arautzen duen 11/2002 legeak, eta horixe erantzun dio Paz Esteban Lopez CNIko zuzendariak Valentin Diaz Blanco Guardia Zibileko jeneral buruak egindako eskaerari: ezin diola 13/13 auziko atxiloketa eta miaketetan «ustez» parte hartu zuten CNIko kideei buruzko informaziorik eman, legeak ez diolako baimentzen. CNIk Guardia Zibilari igorritako dokumentuaren kopia bat eskuratu du BERRIAk, eta hala dio Esteban Lopez CNIko buruak: «Legez ez da posible».
Espainiako Auzitegi Nazionalak urriaren 4ko auto batean eskatu zion Guardia Zibilari 13/13 auziko auzipetuen atxiloketetan eta haiei atzemandako dokumentu informatikoen desenkriptazioan arituriko CNIko kideak identifika zitzala, eta Guardia Zibilak Espainiako zerbitzu sekretuei eskatu zien hori bera, segidan. CNIk urriaren 7an eman zion erantzuna Guardia Zibilaren zuzendaritza nagusiari: ezezkoa.
Defentsaren abokatuek egindako eskaera bat du abiapuntu Espainiako Auzitegi Nazionalak Guardia Zibilari egindako galdeak, halere. Izan ere, defentsak uste du «erabat beharrezkoa» dela CNIko kideek 13/13 auziko epaiketan testigu gisa deklaratzea, eta hori gertatu ahal izateko «ahal zuen guztia» egiteko eskatu zioten Angela Murillo epaileari.
Epaiketaren lehen auzi saiotik bertatik plazaratu zuten abokatuek eskaera, aurretiazko gai gisa. Izan ere, abokatuek uste dute Espainiako zerbitzu sekretuek 13/13 auziko instrukzioan parte hartu izana auzipetuei benetako babes judizialerako eskubidea urratzea dela. CNIren agiriak, gainera, ez dira desklasifikatu, instrukzio epaileak berak hala eskatu bazuen ere. Alfontso Zenon abokatuak uztaileko lehen auzi saio hartan nabarmendu zuen CNIko kideek auzipeturiko abokatuen eta beren bezeroen arteko komunikazioak entzun zituztela, eta hori legez kanpokoa dela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko jurisprudentzia hartu zuen oinarri Zenonek hori argudiatzeko. Aiert Larrarte abokatuak ere ohartarazi zuen CNIren entzuketak «babes legalik gabe» egin zirela, «botere banaketa» eta «defentsarako eskubidea urratuta».
Epaiketan lekuko eta peritu gisa deklaratu duten hainbat guardia zibilek, gainera, onartu egin dute CNIko kideek 13/13 auziko Polizia operazioan eta ikerketan parte hartu zutela. Hala erran zuen Z61382J zenbakidun agenteak uztailaren 14ko auzi saioan: «Guk eskatzen genituen datuak ematen zizkigun CNIk; hitzordu bat bazegoen, CNIri eskatzen genion ea horri buruzko zerbait ba al zuten. Ematen ziguten elkarrizketa bat, baina soilik guk eskatutakoari lotutakoa». Irailaren 22ko saioan ere antzeko zerbait azaldu zuen bertze guardia zibil batek: onartu zuen Guardia Zibilak berak eskatuta aritu zirela CNIko kideak haiei laguntzen, eta Arantza Zuluetaren eta Jon Enparantzaren telefono deiak eta mezuak helarazi zizkietela.
Auzitegiaren trabak
CNIko buruak Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaerari uko eginda, azkenean zerbitzu sekretuetako agenteek ez dute epaiketan deklaratuko, beraz. Onartu izan balute, biharko auzi saioan izan behar ziren deklaratzekoak, epaiketaren gainontzeko zatiak bururatuak baitituzte jada. Abokatuek helegitea jarri diote CNIren erantzunari, eta ikusteko dago auzitegiak zer erantzunen duen orain. Aitzinetik, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak jarriak zituen trabak afera horretan. Irailaren 22ko saioan, erraterako, defentsaren abokatuek galdegin zuten epaiketa eten zedila CNIko kideek testigu gisa deklaratzearen eskaera argitzen zen artean: Murillo epaileak ez zuen etetea onartu, eta ia epaiketa bukatzear zela egin diote CNIri identifikatzeko eskaera, azkenean —epaileak irailaren 27ko saioan onartu zuen Guardia Zibilari CNIri buruzko informazioa eskatzea—. Aurretiazko gaietan planteatutako arazoari, berriz, sententzian erantzungo dio epaileak.
13/13 auziko epaiketak bihar segituko du Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, CNIko kideen deklaraziorik ezean, ondorioen eta zigor eskaeren berrespenen edo moldaketen txanda izanen da. Orain arte, orotara 77 urteko espetxe zigorra eskatua du Jose Perals fiskalak —Altsasuko auziko bera da— Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo auzipetuen aurka. Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe da haiek epaitzeko arrazoia. Izan ere, lan horren bidez Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu nahi diete. 2010eko apirilaren 14an egindako Polizia operazio bat du oinarri auziak. Epaiketa azaroaren 3an eta 4an bukatzea espero da, alde bakoitzak bere tesia defendatuta.
CNIk uko egin dio 13/13 auzian parte hartu zuten agenteak identifikatzeari
Espainiako zerbitzu sekretuen arabera, legeak eragotzi egiten dio halako datuak ematea. Guardia zibilek onartu egin zuten CNIk ikerketan esku hartu zuela. Bihar jarraituko du epaiketak, Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu