Filosofiaren historian emakumeek jasan duten ikusezintasuna azaltzea; pentsamendu feministak filosofian izan dituen ekarpenak ezagutaraztea; emakume filosofoen proposamenak ezagutaraztea; eta Bigarren Hezkuntzako curriculumean dagoen gabezia estrukturala agerian utzi eta materialak sortzea. Horiek dira UEUk eta Agora Filosofia elkarteak elkarlanean antolatu duten ikastaroaren helburua: Filosofiatik ezabatutako emakumeak. Atzo egin zuten jardunaldia, Eibarren (Gipuzkoa), eta gaiaren inguruko hausnarketa jaso zuten. Lehen mahai inguruan, filosofiaren hutsuneak ikusarazi zituzten, eta filosofiaren historian pentsamendu feministak egin dituen ekarpenak seinalatu. Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoak eta Arantza Etxeberria eta Agustin Arrieta EHUko filosofia irakasleek hartu zuten hitza.
Eskisabelek euskal pentsamenduan eta feminismoan jarri zuen fokua: Euskal pentsamendua eta feminismoa: non dira gurutzaketak?. Euskal pentsamendua zer den zedarritu zuen, marko bat jartzeko. Mundua Euskal Herritik ulertu eta irakurri nahi duen pentsamendu ildoari buruz ari dela azaldu zuen, eta, aldi berean, Euskal Herria mundu izan dadin bultzatzen duen pentsamenduari buruz. Azpimarratu zuen,zalantzarik gabe asko pentsatu dela gizartean: aberriaz, nazioaz edota herriaz; eta, gainera, gogoeta hori lur hartuta egin dela. «Pentsamendu hori guztia garaian garaiko gainerako pentsamendu ildoei lotuta egin da, eta toki zehatzetatik abiatu da».
Feminismoari heldu zion ondoren, eta Karmele Jaio idazleak egindako adierazpen batzuk ekarri zituen gogora: «Berdin da aberriaz ari zaren edo maitemintzeaz: genero arauek dena zeharkatzen dute». Eskisabelek azaldu zuen, ordea, euskal pentsamenduak ez duela «oso jario oparorik eduki» feminismoarekin. «Orokorrean, letra larriz idatzi den pentsamenduari kosta egin zaio eta kosta egiten zaio feminismoarekin parez pare elkarrizketan aritzea». Aitortu zuen azken urteetan egon dela nolabaiteko jabekuntza bat: «Badago ohartze bat sexu-genero sistemak guztia zeharkatzen duela, eta hori ardatzean jartzea ezinbestekoa dela benetako diagnostikoetara eta irtenbideetara iristeko».
Horiek horrela, euskal pentsamenduaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa batzuk azaldu zituen. Zertzelada batzuk eman zituen, proposamen moduan. Gogoratu zuen feminismoaren eta euskal pentsamenduaren arteko elkarrizketa ez dela oso oparoa izan, baina Euskal Herriko mugimendu feministaren parte batek duela urte asko egin zuela uztarketa hori, eta zapalkuntza hirukoitzaren formulazioa ekarri.
Beste gurutzaketa bat ere azaldu zuen: «Euskal-aren iruditerian sexu-genero sistemari lotuta eraiki diren hainbat mito deseraiki ditu Euskal Herrian sortu den pentsamendu edo teorizazio feministak; esaterako, matriarkatua». Gatazkaren, indarkeriaren eta etikaren gaineko ikuspegi eta irakurketa berri bat ekarri duela ere esan zuen: «Pentsamendu feministak beste ikuspegi batzuk ahalbidetu ditu». Eskisabelen arabera, ekarpen bat ere izan da soziolinguistikarako ekarritako «begirada berria».
Genealogia berrikusteko premia dagoela ere adierazi zuen. Eta azkenik, gorputzean jarri zuen arreta. «Egindako ekarpen handietako bat da: mundu ikuskera guztietara gorputzaren garrantzia ekartzea». Hain zuzen, gorputza izan zuen ardatz bere hitzaldian Etxeberriak ere: Hilekoa eta subjektu filosofikoa izenburupean. Azpimarratu zuen hilekoa ez dela izan gai akademikoa, eta espezializazio gutxi egon dela gai horren inguruan. «Ezkutuan bizi izan dugun zerbait da».
Mundu filosofikoan, Simone de Beauvoir da hilekoaz idatzi dutenetariko bat, Bigarren sexua saiakeran. Hor, hilekoaren inguruko oso irudi «pesimista» jasotzen da. «Menarkiak, nolabait, gutxiago dela adierazten dio neskatoari». Horren ostean, filosofian hilekoarekin lotutako lan gutxi egon direla azaldu du. Iris Marion ekarri du gogora; dioenez, erreferentzia mediko eta fisiologiko gehiegi daude hilekoaren inguruan, eta filosofian esperientzia ia ez da aztertu. Lotsan ere jartzen du arreta: «Kontsideratu daiteke hilekoa dela, nolabait, emakumea hilean behin armairuan sartzea bezala».
Etxeberriaren arabera, subjektu filosofikoa neutrala eta gorputzik gabekoa balitz bezala hartu da, baina filosofo feministek kritikatu dute subjektu unibertsal horren atzean beti daudela gizonak, eta kutsu maskulinoa duela.
Simone Weil filosofoaren ideiak ere aztertu zituen. «Aipatzen du, behin eta berriro, lanak, sufrimenduak eta zapalkuntzak ekartzen duela otzantasuna; ezkutatzeko beharra, eta ezin pentsatzea».
Bestalde, nabarmendu zuen emakumeak gutxiengoa direla filosofian. Etxeberriak egindako lanean, azalpen psikologikoak eta sozialak agertu zituen, eta aztertu nola «filosofiaren estereotipo irudia gizonezkoa den».
Ekarpenak
Pentsamendu feminista filosofiarako sarreran. Hori da Arrietak landu zuen gaia, osatzen ari den proiektu baten deskribapena eginez. 2016an kaleratu zuen Filosofiaren sarrera bat liburua, eta, dituen gabeziak antzemanda, testu berri bat sortzen ari da. «Filosofiarako sarrera bat ikasgai tematikoa da; gaika antolatuta dago. Filosofiaren esparruak jorratzen dira: metafisika, epistemologia, hizkuntza, estetika, etika... Prestatzen ari naizena da pentsamendu feministak zer ekarri dion filosofiari esparru horietan guztietan».
Emakume ezabatuei tokia
UEUk eta Agora Filosofia elkarteak 'Filosofiatik ezabatutako emakumeak' ikastaroa egin dute. Pentsamendu feministak filosofiaren historian egindako ikerketak aztertu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu