Herri mugimenduetatik martxan jarritako prozesuak kudeatzen lagundu die eta laguntzen die herri mugimendu ugariri Joxemi Zumalabe fundazioak. Duela urte batzuk, 2015 eta 2018 artean, formakuntza esperientzia bat antolatu zuen herri mugimenduekin batera, eta, «egindako bidea eta aterarako irakaspenak» plazaratzeko asmoz, ikastaro hartan oinarritutako bi lan ondu ditu: Su txikian. Herri mugimenduak bor-borka bideoa; eta PIL-PILEAN Herri mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian. Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018) liburua. «Gure helburua da horiek formakuntza politikorako tresna praktikoak izatea, eta herri mugimenduen eskura ipintzea», azaldu du fundazioko kide Maialen Larrea Menikak. Iruñean aurkeztu zituzten, atzo, Katakraken.
Ordu erdi inguru irauten du bideoak, eta, Larrearen arabera, horretan ageri dira, «haien esperientziak eta ikasitakoak kontatzen», jai herrikoietan dabiltzan herri mugimenduetako kideak, «garapen urbanistikoaren kontrako plataformetan militatzen dutenak», aisialdi taldeetakoak, eta «euskara mugimendukoak», besteak beste; Euskal Herri osokoak. 2015 eta 2018 artean hiru ikastaro eraman zituzten aurrera —ikasturte bakoitzeko bat—, eta bakoitzean herri mugimenduetako 30 bat lagunek parte hartu zuten.
Euskal Herriko zazpi eragilerekin egindako «prozesu kolektibo bat» izan zen ikastaroaren ernamuina. Bi urte iraun zuen prozesuak, eta balio izan zien, Larrearen esanetan, detektatzeko herri mugimenduetako militanteek zer behar zituzten: «Esperientzietatik abiatuko zen eta borroka guztiak uztartuko zituen formakuntza integral baten beharra zegoen». Eta horri heldu zioten, «herri hezkuntzako» metodologia erabiliz.
Behin prozesua amaituta, ikastaroa prestatu zuten, «bi ardatzen» gainean. Batetik, barne antolakuntzari begiratu zioten; «hau da, taldeen egituraketari»; eta, bestetik, kanpora begira ere jarri ziren: «Jasotzen ditugun zapalkuntzei erreparatu genien, baita horiei aurre egiteko alternatibei ere», zehaztu du fundazioko kideak.
Haientzat, «garrantzitsuena» zen metodologia «parte hartzailearen bidez» egitea ikastaroa. «Kontua ez zen ikastaroa jasotzea eta kito. Ez. Asteburu batetik bestera eginkizun bat antolatu behar zenuen taldearekin». Eta eginkizun horiek, «ardura horiek», aldatuz joan ziren. «Bat zen teoria eta dinamika prestatzea, eta asteburu horretan dinamizatzea»; beste bat, «egitura eta zaintza gaiekin» lotutako ardurak: menuak prestatzea, erosketak egitea, etxea ipintzea asteburua igarotzeko... «Sistematizazioa» zen beste ardura bat: «Zer gai hartuko zen adosten zen kurtsoaren hasieran, eta talde horrek egin behar zituen bileren agiriak, bideoak, argazkiak, eta asteburuaren amaieran txosten bat». Azkena «patxadaren eta patxangaren» eginkizuna zen: «Harrera egitea eta gaubeila prestatzea espazio informal batean egoteko».
Eta, bost asteburuetarako espazioak aukeratzerakoan, fundazioaren lehentasuna zen horiek herri mugimenduetakoak izatea. Egin zituzten, horrenbestez, Astran, (Gernika, Bizkaia), Amaraunan (Ziordia, Nafarroa), Garaionen (Gasteiz), Errekaleorren (Gasteiz) eta Goñiko udalekuetan (Nafarroa). «Aterpe pribatuak ere baliatu genituen, Euskal Herrian ez daudelako herri mugimenduetako hainbeste leku atonduta bertan ikasteko, lo egiteko...», argitu du Larreak.
Haren ustez, «esperimentu bat» izan zen ikastaroa bera. «Oso polita da esatea denok dena egiten dugula, baina gero praktikara eraman behar da. Arreta handia eskatzen zuen, asteburu batetik bestera hamaika gauza prestatu behar ziren eta».
Militantzia ulertzeko erez
Su txikian bideoan agertzen diren hainbaten arabera, ikastaroak balio izan zien militantzia beste era batean ulertzeko. Larreak adierazi duenez, Joxemi Zumalabe fundazioaren barruan azken urteetan egindako hausnarketetako bat izan da herri mugimendu batzuetan «mutur batetik bestera» pasatu direla alde horretatik. 2012 eta 2014 artean egindako gogoeta batetik dator hori: Dabilen harriari goroldiorik ez. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen liburuan jasota dago.
Fundazioko kideak kontatu duenez, «lehen», espazio militante batzuetan, «garrantzi gehien» proiektuak zuen, eta pertsonak eta taldea ahazten zituzten. «Orain, berriz, ikusten dugu beste norabide bat hartu dela militantziako espazio batzuetan, eta ni-ari, pertsonari, ematen zaiola garrantzia: 'Nik nahi dudan gauzetan, nik nahi dudanean, eta taldearekiko eta proiektuarekiko konpromiso gutxi erakutsiz'». Larreari iruditzen zaio «gakoa» dela «erdian-edo» egotea: ez mutur batean, ez bestean. «Askok aipatzen dute militantziaren kontzeptua aldatu zitzaiela ikastaroan, alderdi praktikotik argi ikusi zutelako zer garrantzi duten hirurek: proiektuak, taldeak eta norbanakoak».
Hori barneratu zuten parte hartzaileek. «Gauza bat da esatea lanak txandakatu egin behar direla, eta gero egitea, eta ikustea zer zailtasun dauden denetatik pasatuz gero. Horrela gehiago baloratzen duzu besteak egiten duena. Bizipenetatik asko ikasi zen», nabarmendu du fundaziokoak.
Bizipen haietatik jaiotako bideoa eta liburua «sozializatzen» ari dira orain. Baionan eta Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) egin behar zituzten lehen aurkezpenak, baina atzeratu egin behar izan dituzte, COVID-19aren ondorioz hartu diren neurriengatik. Algortan (Getxo, Bizkaia) egin zuten saio bat, apirilaren 15ean; maiatzaren 13an Gasteizko gaztetxean egingo dute (18:00); 27an, Donostian —ez dituzte zehaztu ez lekua, ez ordua —; eta azkenekoa Ziordiako Amaraunan, ekainaren 19an (12:00). Behin aurkezpenak eginda, bai bideoa eta bai liburua deskargatu ahal izango dira fundazioaren webgunean.