Euskaltegiek 2.000 ikasle galdu dituzte

BERRIAk egindako neurketa baten arabera, euskaltegiek ikasleen %6 galdu dituzte ikasturte honetan Euskal Herrian. Pandemia dela eta, aurrez aurreko ikasketetan ia bost puntu apaldu da ikasle kopurua

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Euskaltegietako matrikulazio kanpainara ere iritsi da pandemiaren eragina. Azken lau urteetan, urtez urte gora egin du euskara ikasten edo alfabetatzen ari ziren helduen kopuruak, baina 2020-2021 ikasturteak orain arte utzitako datuen arabera, iaz baino 2.079 ikasle gutxiagok eman dute izena Euskal Herriko zentroetan. BERRIAk egindako datu bilketan HABEko, Euskarabideko eta AEK-ko zenbakiak erabili dira. Denetara, 30.156 pertsonek eman dute izena euskaltegietan, baina kontuan izan behar da ikasturte berean matrikulazio kanpaina bat baino gehiago egin ohi direla, lurraldearen eta ikasketa zentroaren arabera. Alegia, ikasturte honetan, ikasle gehiago jasoko dituzte euskaltegiek, baina iaz garai berean BERRIAk egindako zenbaketarekin alderatuta, zenbakiak argiak dira: euskara ikasleen kopuruak %6 egin du behera Euskal Herrian.

Balorazioa egitean, ezin da COVID-19aren eragina alboratu. Aldagai hori kontuan izanda, Jokin Azkue HABEko zuzendariak onartu du matrikulazio kanpainak abiatu baino lehen aurreikuspen makurragoa zutela. «Galera handiagoa espero genuen, azken batean, borondatezko ikaskuntza prozesu bat baita, eta hori horrela izanda, jaitsiera handiagoa izango zela uste genuen». Aurreikuspen hori egiteko, bi aldagai hartu zituzten kontuan: batetik, ikasleek geletara joateko hauturik ez zutela egingo, neurri murriztaileen eta birusaren hedapenaren beldurrez; eta, bestetik, ikasgeletako edukiera asko murriztu behar izan dutela. Horregatik, datuei begiratuta, «txarrenean nahiko pozik» daudela azaldu du Azkuek. «Ikasleak joan direlako euskaltegietara, eta ikasten jarraitu dutelako».

Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak ere antzeko irakurketa egin du. «Balorazioa gazi-gozoa da, jendea etorri delako euskaltegietara, baina ezin izan ditugu denak hartu». Asko itxaron zerrendetan geratu behar izan direla azaldu du. AEK-k dituen euskaltegietan, ikasle kopuruak Euskal Herriko proportzioen pare egin du behera, baina, halere, pozik dago: «Eutsi ahal izan diogulako». Gainera, eusteko arrazoietako bat online ikasketa prozesua izan da. «Nabarmen igo da autoikaskuntza, eta, hortaz, ikasle jaitsiera apaldu ahal izan dugu». Dena den, jendeak oraindik aurrez aurreko modalitatea nahiago du, «baina egoera ikusita, sareko metodoa aukeratu dute askok, eta hor egon da igoera».

Aurrez aurrekoa nahiago

Euskaltegietan izena eman duten hamar ikasletatik zortzik ikastaro presentzialaren alde egin dute Hego Euskal Herrian, baina online ikastea erabaki dutenen proportzioak gora egin du, nabarmen. Ikasketa motaren araberako alderaketa egiteko aukera HABEren datuek ematen dute soilik, eta horien arabera, 2020-2021 ikasturtean aurrez aurreko ikasketa aukeratu dute ikasleen %77,4k; sarekoa, %18,9k; eta bien jarduna uztartzea, %3,5ek. Aurreko ikasturtean, ordea, ikasgelara joatea hautatu zuten %82,1ek, online modalitatea, %15,2k eta jardun bikoa, %2,6k. Hau da, euskara sareko plataformen bidez ikastea erabaki dutenen proportzioa ia lau puntu igo da ikasturte bakar batean. Joera hori lehendik ere indarra hartzen ari bazen ere, arlo horretan pandemiak eragin handia izan du. Dena den, ikasleek oraindik nahiago dute aurrez aurre ikastea, baina sareko aukerak ikasle galera orokorra apaldu du.

Ikasturte honetako bilakaerak lehendik zetorren joera bizkortu du, eta aurrerantzean zer gertatuko den jakitea zaila izango da. Ikasgelara joateak lehentasunezkoa izaten jarraituko du Azkueren arabera, baina aurtengo igoera nabarmen horrek sareko eskaintzaren apustua indartzeko balio dezakeela ere uste du.

Dena den, euskaltegien helburua galdutako ikasleak berreskuratzea izango da datozen kanpainetan. Eta hala gertatuko dela uste du Azkuek. Izan ere, urte bakar batean ikasleen %6 galdu bada ere, matrikulazioen errebote efektu bat iritsiko dela espero du, koronabirusaren gaitzak eragindako ondorioak lasaitzen hasi bezain pronto. «Egoera normalizatu batera goazen momentuan, matrikulazio kopurua ere normaltzen joango da». Hau da, ikasturte amaieran 36.000 ikasleren bueltako zenbakietara iristea Euskal Herri osoan. Iribarrenek ez du halako aurreikuspenik egin nahi izan, are gutxiago COVID-19agatik ezarritako neurriek noiz arte iraungo duten ez dakien artean. «Zaila egiten zait aurreikuspenak egitea, ez dakigulako aurreko ikasturteko goranzko joerari eutsi ahal izango diogun». Aurreko urteetan, ikasturtez ikasturte gora egin zuten matrikulazioek AEK-ko zentroetan.

Emakume ikasleak, bi heren

Koronabirusak ikasle kopuruan eragina izan baldin badu ere, joera batzuek bere horretan jarraitzen dute. Euskaltegietan izena eman dutenen artean, bi herenak emakumeak dira. Azken urteetan errepikatu da sexu arteko ezberdintasuna, eta aurtengoan ere berretsi egin da. Bestalde, lan egoerari dagokionez, hamar ikasletik bi langabezian daude, azken urteetako zenbatekoen pare.

Datuak lurraldeka aztertu eta iazko garai berdineko datuekin alderatuz gero, denean egin du behera ikasle kopuruak, Bizkaian izan ezik. 280 ikasle inguru gehiago zenbatu dira lurralde horretan, eta euskaltegietan izena eman dutenen erdiak bertakoak dira —15.208, denera—. Galera txikiena Ipar Euskal Herriko zentroetan izan da, 23 ikasle gutxiagorekin; Gipuzkoan, 400 pertsona inguru gutxiagok eman dute izena, eta Araban, 630 inguruk. Nafarroa izan da, BERRIAk aurten eta iaz egindako neurketen arabera, ikasle gehien galdu dituen lurraldea: 1.300 pertsona gutxiago daude bertako euskaltegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.