Konponbiderako jarraibideak

Burujabetza auziak onbideratzeko kode baten oinarriak aurkeztu dituzte. Sistema politiko demokratikoak «biztanleriaren adostasunean» oinarritu behar direla nabarmendu dute

Euskal Herriko eta nazioarteko 70 adituk baino gehiagok hartu dute parte txostena osatzeko prozesuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatutako Burujabetza gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldiak atzo amaitu zituzten, Subiranotasunaren lurralde gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak dokumentua aurkeztuta. Xedea, gutxieneko irizpide edo printzipio batzuk zehaztea burujabetza auziei konponbide demokratiko bat emateko, eta gako nagusietako bat: sistema politiko demokratikoek «biztanleriaren adostasunean» oinarritu behar dutela.

27 orriko dokumentu bat da, hiru ataletan banatua: aurrenekoan zehaztu dituzte burujabetza gatazken ezaugarriak, eta, bigarrenean, Europako erakundeen esku hartzerako «dimentsio juridiko-politikoa» eta «pragmatikoa» landu. Azkenik, «burujabetza gatazken kudeaketa demokratikorako baldintzak» xehatu dituzte.

Azken atalean zehaztu dituzte konponbiderako printzipio batzuk. Herritarren adostasuna da abiapuntua, eta, beraz, txostenean adierazi dute herritarrek sistema politikoak egokitzeko aukera izan behar dutela, «iraganeko adostasunetan» oinarritu gabe. Hori horrela, burujabetza gatazken konponbiderako prozedurak «kontrajarritako gehiengoen» existentzia aurreikusi behar du, eta bi horien arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat egituratu. Testuaren arabera, gatazka horiek «soilik konpondu daitezke printzipio demokratikoan oinarrituta, eta horrek komunitateen borondate askearen adierazpena, pertsona eta talde guztien oinarrizko eskubideen errespetua, Zuzenbide Estatuarekiko errespetua eta alde guztien fede oneko negoziazioa jasotzen du».

Bestalde, egokitzat jo dute «alde biko berme sistema» bat ezartzea, konponbide prozesuan zenbait balio eta printzipio betetzen direla bermatzeko eta blokeoak saihestuko dituen mekanismoak aurreikusteko. Kodearen oinarrietan zehaztu dute konponbide prozesua, lehen instantzian, estatuei dagokiela, baina Europako erakundeek lagundu dezaketela, beren eskumenen esparruan, konponbidea «errazten».

Prozedura baten oinarriak ezarri nahi dituzte kodearen bitartez, eta, prozedura horren jatorrian, komunitate batek bere estatus politikoa aldatzeko nahia dago. Horregatik, kodearen oinarrietan jaso dute komunitate horrek prozesu bat abiatzeko aukera izan behar duela, «biztanleriaren sektore zabalen babesean» oinarrituta: esaterako, parlamentu bat daukaten komunitateen kasuan, ganbera horretan gehiengo batek hala adierazita. Beste aukera batzuk ere aurreikusi dituzte: adibidez, tokiko erakundeek borondate hori adieraztea. Edozein kasutan, komunitate horretako instituzioek galdeketa ez-lotesle bat egiteko aukera izan behar dute, herritarrek prozesua abiatzeari buruz duten iritzia ezagutzeko.

Zehatzago, kodearen oinarrietan azaldu dute estatusari buruzko erabakia «prozesu deliberatzaile garden» baten markoan hartu beharra dagoela, «eztabaida publiko parekidea eta kontrastatutako informazioa» bermatuta. Horietan, beharrezkotzat jo dute tresna instituzional ordezkatzaileak —gobernua eta parlamentuak— eta demokrazia zuzenekoak —galdeketak eta erreferendumak— uztartzea. Deliberazio horren finantzaketaren berdintasuna ere bermatu beharko litzateke, testuaren arabera. Gainera, galdeketaren data eta galdera ere adostu beharra antzeman dute, galdera «argia eta ulerterraza» izan dadin, eta erabakia itzulgarria izateko beharra ere.

Ondoren, zer? Prozedurari jarraituz erabakia hartu eta gero, estatu subiranoak «herritarren gehiengoaren erabakia onartu beharko luke, eta fede onez aritu emaitzen inplementazioan». Hala egin ezean, Europako instituzioek aintzat hartu beharko dituzte aldebakarreko independentzia deklarazioak, «horien zilegitasun demokratikoa baieztatu eta gero».

Kodea jardunbide egokiei buruzkoa denez gero, oinarrian ditu nazioartean izandako beste esperientzia batzuk, kolonialismoaren testuingurutik kanpo ere. Esaterako, kodearen oinarrietan adierazi dute Quebecen eta Kanadaren arteko gatazka kudeatzeko «marko egoki bat» ezarri dela han, «konstituzioaren irakurketa ireki» batean oinarritua. Marko konstituzionalaren interpretazio irekiak ahalbidetutako estatus aldaketak ere aurreikusita daude Ipar Irlandaren eta Groenlandiaren kasuetan ere.

Europaren marjinak

Txostenak aztergai du Europako instituzioek esku hartzeko izan dezaketen tartea ere, horiei zuzenduta dagoenez gero. Hori horrela, ondorioa da Europako Batasunak, Europako Kontseiluak eta Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak ez dituztela zuzenean lurralde gatazketan esku hartzeko eskumenak, baina badituztela baliabideak gatazka horien inguruan zenbait jarduera gauzatzeko: ildo edo printzipio orokor batzuk ezartzeko, esaterako.

Izan ere, agiriak jaso dutenez, Europako erakundeek zenbait printzipio ezarriak dituzte orain arteko hitzarmenetan; bakearen sustapena, herrien eta herritarren eskubideekiko errespetua eta dominaziorik eza, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.