Koronabirusa

Krisiaren faktura, «kapitalari»

Erreforma fiskala egitearen eta zaintza zerbitzuak publiko bihurtzearen aldeko aldarriak izan dira nagusi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituriko mobilizazio jendetsuetan

Bilbon atzo goizean egin zen manifestazioko burua. Irudian, pankartari eutsiz, Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Krisi hau kapitalak ordain dezala!» izan zen gehien errepikatutako oihua Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak atzoko antolatu zituen mobilizazioetan. Goizean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten manifestazioak, eta, arratsaldez, herrietan. Hiriburuetakoak jendetsuak izan ziren, eta kaleetan kolektibo ezberdinetako kideak elkartu ziren. Bilbokoaren amaiera ekitaldia Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean izan zen, eta manifestariek, hiru ilaratan banatuta, ia kale osoa hartu zuten.

[YouTube]https://youtu.be/zDpxtIyBI1o[/YouTube]

Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten kolektiboek zazpi proposamen zehatz dituen gutun bat bidali diete Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiei, eta haiei oihartzuna emateko antolatu zituen atzoko mobilizazioak, Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz lelopean. Eskaeretan aurrenekoa zerga erreforma egitea da —puri-purian dago debate hori—, eta gutunean parte hartzen duten kolektiboek argi utzi zuten euren iritziz beharrezkoa dela presio fiskala handitzea «irabaziak dituzten enpresei».

Mobilizazioaren amaieran, gutuneko kide diren kolektiboetako ordezkariek hartu zuten hitza, eta sindikatuek aberastasunaren banaketan jarri zuten arreta. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera, koronabirusaren krisiak agerian utzi du «Jaurlaritzaren eta Confebasken artean dagoen sinbiosia», bi erakundeek politika berdinak «bultzatzen» dituztelako. Era berean, fiskalitatearen eztabaidari ekiteko garaia dela adierazi zuen: «Diru gehiago bildu behar da, eta modu egokiago batean. Urkullu jaunak ahalegina eskatu die langile publikoei, baina inoiz ez die halakorik eskatu enpresariei».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkariak ere Bilbon hartu zuen hitza, eta salatu zuen Jaurlaritzak «amnesia kolektiboko» ekintza bat egin nahi duela bere bide orria eratzeko, eta herritarrek «pandemia zeinek jasan duten eta pandemian lanean zein ibili den» ahaztea nahi duela. Hura ere aberastasunaren banaketaz mintzatu zen: «Arduratuta gaude ikusten ditugun seinaleekin. Azpiazu sailburuak esan du 3.000 milioiko zuloa egongo dela eta ez duela erreforma fiskalik egingo. Irakurketa oso argi dago: edo aldaketa fiskala egiten da, edo murrizketak etorriko dira. Herri honetan dagoen eztabaida nagusia da, eta guk ez dugu nahi krisia langileek ordaintzerik».

Erreforma fiskalaren inguruko eztabaidaz gain, zaintza zerbitzuak publiko bihurtzearen aldeko aldarriak ere pisu handia izan zuen, COVID-19aren pandemiak agerian utzi duelako, besteak beste, «zahar etxeen egoera larria». Greban dauden Gipuzkoako zahar etxetako langileek presentzia handia izan zuten Donostiako mobilizazioan. Lerro luze bat osatu zuten, eta, besteak beste, «Krisi honek emakume aurpegia du» oihukatu zuten.

Haiekin oroitu zen Jaione Ugalde Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkaria, Donostiako mobilizazioaren amaieran. Esan zuen «prekaritatea are gordinagoa» izango dela aurki, eta salatu zuen krisi honetan gutxi batzuen irabaziak «askoren osasunaren» bizkar puztu direla. Langileentzat garai zailak datozela iragarri zuen, halaber: «Etenik gabeko salbuespen eta alarma egoera dator langileentzat eta krisi honek gogorren jo dituenentzat».

Amets Ladislao Etxalde arrantzale eta nekazari elkarteko kideak ere pandemia izan zuen hizpide, eta euskal herritarrei eskerrak eman zizkien gertuko ekoizleengana jo dutelako, eta, bereziki, herriko merkatuetako itxieraren auzian izan zuten jarrerarengatik. Aldiz, kritiko mintzatu zen Jaurlaritzari buruz. «Haien kolorea berdea da, baina ez larreena, dolarrena baizik. Pandemian merkataritza gune handien alde egin du. Baina jendea konturatu da jatekoa ez datorrela handik bakarrik».

ELA eta LAB sindikatuez gain, beste kolektibo hauek ere hartu zuten hitza: Bilbon, pentsiodunen mugimenduak; Donostian, EH Bilduk; Gasteizen, Bilgune Feministak eta ESK-k; eta Iruñean, Ernaik eta Steilasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.