Koronabirusa

Herria, gotorleku bilakatuta

Koronabirusak gaixotutako bizilagunik apenas dagoen Kuartango, Errezil, Ea, Izaba eta Ozaze herrietan, baina bertako herritarrak egoeraz «kezkatuta» daude.

Kuartangoko udalerrian (Araba) 400 biztanle inguru bizi dira, eta ofizialki ez dute birusak kutsatutako kasurik. Irudian, Etxabarri-Kuartango herria. JUANAN RUIZ / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusa hedatua da Euskal Herriko ia bazter guztietara, baina oraindik badira ofizialki kutsaturik ez duten herriak. Euskal Herriak 20.000 kutsaturen langa gainditu duen arren, egon badaude pandemiaren zabalkundea egunez egun geldiarazi duten udalerriak. Horietako batzuk dira Kuartango (Araba), Errezil (Gipuzkoa), Ea (Bizkaia), Izaba (Nafarroa) eta Ozaze (Zuberoa). Bertako alkateek BERRIAri azaldu diete izurriari nola itxi dioten atea, eta etorkizuna nola ikusten duten.

KUARTANGO
Arauak «zorrotz» betetzen


Arabako mendebaldean dago Kuartango, Gasteiztik 28 bat kilometrora. Laurehun biztanle ditu udalerriak, hogei herritan sakabanatuta, eta batean ere ez dago inor kutsaturik. «Ofizialki bederen, ez dugu kasurik, nahiz eta baten batek sintomak izan dituen eta etxean geratu den». Eduardo Fernandez de Pinedo Kuartangoko alkatea «pozik» dago birusa ez delako zabaldu udalerrian, eta ez duelako inor hil. Nekazaritzari lotua da Kuartango, eta etxebizitzak banakatuta egoteak eragotzi egin du birusaren hedapena. Udalak, gainera, herriko taxi gidaria jarri du herritarren zerbitzura, eta adinekoak Izarrara eramaten ditu, dohainik, bertan baitago inguruko janari denda bakarrenetarikoa.

Etxebizitza gehienek lur eremu edo baratze txiki bat dutenez, itxialdia errazago eramaten ari dira Kuartangoko bizilagunak.Nolanahi ere, herritarrak «zorrotz» betetzen ari dira konfinamendua, alkatearen esanetan. «Harrituta nago jendearen jarrerarekin, batez ere haurrekin: inork ez ditu arauak hautsi». Kutsaturik izan ez arren, herritarrek ez dute eskatu itxialdi neurriak arintzeko, Fernandez de Pinedok dioenez. Kuartangon bizi diren bizilagun askok Gasteizen edo inguruetan egiten dute lan, eta, beraz, konfinamendu neurriak herrian lehenago leuntzea «zentzugabekeria» litzatekeela uste du. Zuhurtziaz jokatzea hobetsi du, hortaz: «Mugakide garen herriek harreman handia daukagu elkarrekin, eta hobe dugu denok batera aritzea, seguruagoa baita».

ERREZIL
«Beldurra» barneratuta


Azpeitiko osasun etxean artatzen dituzte Errezilgo biztanleak, eta medikuekin astero egoten da Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea. «Baieztatu didate gaur-gaurkoz ez dugula kasu bakar bat ere», dio, pozik. 580 herritar inguru bizi dira Errezilen, gehienak baserrietan; herrigunean oso jende gutxi bizi da. Batzuek zein besteek «oso zorrotz» bete dituzte itxialdia eta segurtasun neurriak. Egoera samurragoa egiten ari zaie, noski, baserrian bizi direnei: «Etxe ingurura atera gaitezke, eta haizea har dezakegu». Hala ere, adineko asko bizi da herrian, eta, haien behar guztiak asetze aldera, neurriak abian dituzte. Gizarte zerbitzuetako langileek eguneroko jarraipena egiten diete adinekoei, eta, kasu batzuetan, astean bizpahiru aldiz prestatutako janaria eramaten diete etxera.

Kutsaturik ez dute, baina birusagatik «kezkatuta» daude herrian. «Beldurra oso barneratuta dauka jendeak». Konfinamendu neurriak arintzen hasi dira Euskal Herrian, baina Agirretxek uste du errezildarrak «zuhurtziaz eta tentu handiz» ibiliko direla besteengana hurbiltzeko orduan.

EA
Etorkizunaz kezkatuta


Estatistika ofizialen arabera, COVID-19 gaitzak kutsatutako kasurik ez duten Bizkaiko udalerrietako bat da Ea (836 biztanle). Zahar etxe bat ere badaukate herrian, hamalau egoiliarrekin, eta hor ere ez da inor gaixotu. «Komunitatea ongi egotea pozgarria da», nabarmendu du Iratxe Arriola alkateak. Izurria zetorrela jakin bezain laster, neurriak hartzen lehenetakoak izan ziren, eta denda eta taberna guztiak itxi egin zituzten. «Birusa hedatzen hasi zenerako, gu konfinatuta geunden».

Aurrera begirakoak kezkatzen du gehien Eako alkatea. «Ezinegona» sortzen dio hurrengo etapak, irizpide argirik ez delako finkatu oraindik: «Kostako herriekin zer gertatuko da? Hondartza txikietan nola bermatuko dugu bi metroko distantzia? Ez gara garaiz aurreikusten ari». Osasun sistemaren gabeziez ere kezkatuta dago: «Gernikan badugu osasun zentro bat, ospitale baten funtzioa betetzen duena, eta, goiko solairuan ZIU baterako oheak jartzeko eskatu dugun arren, ez digute kasurik egiten».

IZABA
Bandoa, adi ibiltzeko


Izaba da koronabirusak ofizialki kutsaturik gabeko Erronkariko herrietako bat. «Ofizialki bai, baina badakigu bizilagun bat ala bi gaixotu direla, eta etxean geratu behar izan dutela berrogeialdian», zehaztu du David Baines alkateak. Laurehun lagun dira herrian, eta nahiko «lasai» daudela dio Bainesek. Hala ere, herritarrak «gehiegi erlaxa» ez daitezen, alkateak duela egun batzuk bandoa egin zuen konfinamendu neurriak zorrotz betetzea eskatzeko. «Abisua aintzat hartu dute, eta itxialdia betetzen ari dira».

Osasun larrialdia ezartzean, laguntza talde bat eratu zuten, erosketak edo botikak etxez etxe eramateko. Segurtasun neurriak betetzea, berriz, erraza dutela dio Bainesek, landa eremuan daudelako. «Nafarroako hirugarren udalerria gara hedaduraz, eta, nahi badugu, ez dugu bizilagunekin topo egiten». Bestelakoa da, baina, herriaren kezka: «Turismotik bizi gara, eta kezka handiz begiratzen diogu etorkizunari».

OZAZE
Bakarrik daudenei arreta


Koronabirusak jota bi lagun baino ez dira gaixotu ofizialki Ozazen: biak ala biak sintomarik gabeak ziren, baina testean positibo eman zuten. Oro har, normaltasuna da nagusi herrian, nahiz eta kezkatuta dauden gaitzarekin. «Enpresak eta eskolak itxi zituztenean jabetu zen jendea egoeraren larritasunaz», azaldu du Maite Etxeberriak, Ozazeko auzapezak. Dioenez, konfinamendu neurriak ondo errespetatzen dira herrian, eta Poliziak ere kontrolatu egin du horiek betetzen direla.

Bakarrik bizi diren bizilagunez kezkatuta dago Etxeberria auzapeza, eta laguntza sare batez ari dira behar dutenei laguntza ematen. Etorkizunaz arduratuta daudela ohartarazi du: «Nola bueltatuko gara lehengo bizitzara? Nola abiaraziko dugu ekonomia?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.