Otsoa dela-eta konpondu ezinik

Jaurlaritzak otsoa espezie babestu izendatu ondoren, Arabako Diputazioak eten egin du ale «bakarra» ehizatzeko baimena, behin-behinean. Abeltzainak «minduta» daude.

Otso bat, Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) Robledo parkean, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Otsoaren bueltako egoera «surrealista» da, Andres Illana Euskadiko Otso Taldeko kidearen iritziz. Azken egunetan gertatutakoek bultzatu dute hori pentsatzera. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak joan den asteartean jakinarazi zuenez, otsoak 153 animalia hil zituen iaz Araban, Gibijo, Arkamo eta Urkabustaiz mendilerroetan. Haren esanetan, hori saihesteko hartutako «prebentzio neurriak» ez dira «eraginkorrak» izan, eta, horrenbestez, hamalau eguneko baimena eman zuen otso «bakarra» ehizatzeko. «Justifikatuta dago». Hurrengo egunean, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak iragarri zuen otsoa espezie mehatxatuen katalogoan sartuko duela, nahiz eta Naturzaintza natura zaintzeko aholkularitza batzordeak kontra bozkatu zuen—emaitza ez da loteslea—. Otsoa interes bereziko espeziea izango da. Jaurlaritzak erabakia hartu eta biharamunean, herenegun, foru aldundiak bertan behera utzi zuen otsoa hiltzeko baimena behin-behinean, «zuhurtasun printzipio bat» argudiatuz.

Javier Torres Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuneko kidea «minduta» dago Ingurumen Sailak egindakoarekin.Gogoratu du Naturzaintza batzordean hamabost eragilek —Jaurlaritza; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak; EHU; Eudel; nekazaritzako elkarteak; basogintzakoak...— dutela boto eskubidea, bozkatu zutela, eta bederatziri iruditu zitzaiela ez dela «une egokia» otsoa espezie mehatxatuen katalogoan sartzeko. «Gutxietsi egin gintuzten. Bilerak ez zuen ezertarako balio izan, erabakia hartua baitzuen [Jaurlaritzak]». Derrigorrezko izapideak bete ondoren, araudia «pare bat hilabete barru» da indarrean sartzekoa, ingurumen saileko iturrien arabera.

Illanarentzat «positiboa» da otsoa zerrenda horretan egotea. «Guk egindako eskaera baten ondorio izan da erabakia; ez da Jaurlaritzaren ekinbidez izan». Oroitu du 2015ean Euskadi Otso Taldekoek eskaera egin zutela ofizialki, txosten tekniko «zorrotz bat» aurkeztuz. Baina Jaurlaritzak ez zien erantzun ere egin, «ezta arartekoak adierazi zionean ere otsoak zerrendan egon behar zuela». Elkarteak auzitara jo zuen. «Orduan bai, orduan otsoa katalogatzeko eta interes bereziko espezie izendatzeko prozedura hasi zuen Jaurlaritzak». Iazko otsailean ekin zion.

Gertatutakoa «bere onetik ateratzen» ari delakoan dago Torre. «Gure bizimodua defendatzea eskatzen dugu, besterik ez. Gu gara egunero landetan, erreketan, mendietan gaudenak, gure ingurumena zaintzen eta mantentzen». Uste du mendian dagoen abeltzainaren kontrako beste «kolpe bat» dela erabakia.

Bakoitzak berea defendatzen du, eta Illana ekologistarentzat «barregarria» da otsoa interes bereziko espezieen kategorian sartzea. EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan lau maila daude: galzoriko espeziea —hori da maila gorena—, kaltebera, bakana, eta interes berezikoa. Basakatua, esaterako, azken maila horretan dago. «Kopuruaz hitz eginez gero, Euskal Herrian ez dute zerikusirik basakatu eta otso kopuruak». Illanaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «otso bakarra» dago. «Foru aldundiak berak esaten du». Torreren ustez, «ezinezkoa» da otso bakar batek «erregistratutako eraso guztiak» egitea. «Otso bat egon daiteke Araban astebetez, eta gero alde egiten du... Ez dakigu egonkortuta dauden ala ez».

Lege aldaketa EAEn

Hilabete batzuk barru, «agian datorren legegintzaldian», Jaurlaritza biodibertsitate lege berri bat onartzekoa da, Illanak azaldu duenez. «Espezie mehatxatuen katalogoa aldatu egingo da, eta Madrilgoarekin bateratuko da». Espainiako Estatukoan bi babes maila daude: galzoriko espeziea eta kaltebera. «Jaurlaritza horretan oinarrituko da otsoa ez sartzeko, katalogotik kanpo uzteko. Hori da jokaldia».

Torrek ez du «espekulatu» nahi, baina pentsatzen du kontrakoa gerta daitekeela: «Interes bereziko espezieen artean egotea, eta, estatuan halakorik ez dagoenez, hurrengo mailara jauzi egitea». Uste du administrazioak ematen ari diren pausoak ez direla «egokienak». «Legea aldatu behar bada, normalena da aldatu arte itxarotea eta gero erabakitzea zein jarrera hartu». Illanaren aburuz, «kasurik okerrenean», otsoa espezie mehatxatuen zerrendatik kanpo uzten badute, kontuan hartu behar da Naturzaintza ari dela otsoaren kudeaketarako plan «parte hartzaile bat» osatzen. «Hori oso inportantea da».

Mastinak eta beste

Otsoek abelburuei egindako erasoak saihesteko neurriek huts egin zutela adierazi zuen Arabako ahaldun nagusiak, eta Torre bat dator. Ez, ordea, Illana. Zehaztu du Europako Batzordeak esaten duela otsoa espezie babestua dela, eta EB Europako Batasuneko estatu kide guztiek «obligazioa» dutela babesteko. «Esaten du, gainera, interes humanoak eragiten dituzten gatazketan prebentzio neurriak hartu behar direla, eta horien eraginkortasuna ebaluatu behar dela». Baina diputazioak auziaz egindako espedientea irakurri du. «Horretan, inondik inora ere ez da egiaztatzen prebentzio neurriak hartu direnik; eta, noski, ez da eraginkortasuna ebaluatzen. Soilik aipatzen da prebentzio neurriak ez direla eraginkorrak; zeintzuk diren ere ez dute esaten». Ekologistaren esanetan, foru aldundiaren txostenak jasotzen du, besteak beste, abeltzaintzako ustiategi batean hamalau eraso izan zirela iaz, apiril eta azaro bitartean: «Uste duzu prebentzio neurriak hartuak dituen ustiategi batera hamalau aldiz sartuko zela otsoa?».

Eta neurri horiek dira, Torreren hitzetan, txakur mastinak jartzea abelburuen inguruan, abelburuak etxetik gertu edukitzea, txoriak uxatzeko gailuak jartzea... Horien ajeak aipatu ditu abeltzainak. «Uxatzeko gailuari dagokienez, egun batzuetan eraginkorra izan daiteke, baina, ohitzen denean, otsoak ez dio kasurik egiten». Txakur mastinen kostua «oso handia» dela ere nabarmendu du, eta, gainera, horien ondorioz «arazoak» sor daitezkeela asteburuetan mendira joaten diren norbanakoekin. «Oso zaila da dena bateragarri egitea. Ez ditugu otso guztiak hil nahi, baina, kalteak handiak direnean, neurriak hartu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.