Bizkaiak zera onartu zuen aurreko astean: Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) zaborra jasotzen jarraitzea herrialdeko azpiegituretan. GHK-k urriaren hasieran eskatu zion Bizkaiari aurten eduki duten ituna 2020ra arte luzatzea. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du Zubietako erraustegia martxan jartzeko prozesuan izandako «atzerapenen ondorioz» onartu duela kontratua luzatzea. Bereizita jasotzen ez den hondakinen zati bat oraindik Mutiloako (Gipuzkoa) Lurpe zabortegira eramaten ari dira, baina aurreikusten dute hura bete egingo dela azaro amaieran. Hala, aurten izan duten ituna luzatuta, 2020an ere 60.000 tona zabor Zabalgarbira eraman ahal izango ditu GHK-k.
Zer gertatu da, baina, atzeratzeko? BERRIAk erraustegiaren lanen barruko iturrietatik jakin duenez, ekainaren 13an martxan jarri behar zuten erraustegiko energia transformadore nagusia, baina egun hartan leherketa bat gertatu zen Zubietan, eta transformadorearen pieza batzuk hondatu egin ziren.
Erraustegiko transformadore nagusia 27 megavolt ampereko (MVA) gailu bat da, ABB enpresak egina. Geroztik hainbat hilabetetan aritu dira aztertzen eta konpontzen saiatzen, baina urrira arte ez dute lortu behar bezala energizatzea. Transformadore hori funtsezkoa da sareko energia planta barrura sartzeko, baita labeetan sortua kanpoko argindar sarera bidaltzeko ere. BERRIAk galdetuta, GHK-k aitortu du arazoak izan dituztela «planta energizatzeko», eta «horren ondorioz atzeratu» dela martxan jartzeko epea. Bestetik, GHK-k ez du zehaztu noiz jarriko duten martxan erraustegia. «Orain probak hotzean egiten ari gara. Hurrengo hilabetean hasiko gara probak hondakinekin egiten».
Gipuzkoak ez du informazio askorik eman Zubietako plantan gertatzen ari den atzerapenaren inguruan. Urte hasieran, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak iragarri zuen obrak aurreikusitako epeetan amaituko zituztela, eta udazkenean martxan egongo zirela bai tratamendu mekaniko-biologikoko planta (TMB), baita erraustegia ere. Azaroa ate joka dago, eta oraindik ez dira hasi hondakinak erretzen erraustegian, ezta proba fasean ere. Horrekin hasten direnetik martxan jartzen den arte hainbat hilabete behar izango dituzte, eta, arazorik izanez gero, proba prozesu hori dezente luza liteke.
Egutegia hankaz gora
Transformadore nagusian izandako matxurak hankaz gora utzi du Gipuzkoako Diputazioko agintarien egutegia, eta jadanik baztertuta daukate 2019an Zubietako labeetan zaborra erretzeko aukera, hala ageri den arren enpresa kudeatzaileekin (Urbaser multinazional txinatarra da haietako nagusia) egindako kontratuan. Jakina den moduan, enpresek 2052. urtera arte izango dute aukera Zubietako erraustegia kudeatzeko, GHKrekin sinatutako kontratuaren arabera. Itun horretan zigor ekonomikoak ere aurreikusten ziren plantaren abiatzea atzeratzen bazen, baina GHK-k ez du argitu ea haiek ezarriko dituen edo ez. «GHK-k kontratua bere osotasunean eta zorrozki beteko du, eta, erabakirik hartu beharko balitz, GHKren batzarrak hartuko luke erabaki hori», azaldu du.
2017ko apirilaren 3an GHK-k eta enpresek sinatu zuten kontratuaren arabera, 26 hilabetean amaitu behar zuten obra, eta azpiegiturak martxan egon behar zuen lau hilabeteko probaldiaren ostean; hau da, urriaren 3an amaitu zen 30 hilabeteko epea. Hortik aurrera, agiriek aurreikusten dute enpresei egunero 60.000 euroko zigorra ezar lekiekeela, baldin eta atzerapenaren arrazoia haiei egoztea balego. Atzerapena hiru hilabetetik gorakoa balitz, administrazioak kontratua bukatutzat jo lezake, eta enpresei kalte-ordainak eskatzeko aukera izan lezake.
Gainera, baliteke atzerapena areagotzea. TMB plantan tratatu ostean, zaborra bio-lehortze prozesu batetik pasatzen da, eta handik zabor hobian pilatzen, labeetara eraman aurretik. Kazeta honek obrako iturrietatik jakin duenez, oraingoz ez daude martxan ez bio-lehortzeko xafla eta ez zabor-hobia. Areago, hobia urez beteta dago, eta zaborra pilatzen hasi aurretik lehortu eta garbitu beharko lukete. Atzerapenaren beste seinaletzat jo daiteke, halaber, hondakinak hobitik altxatu eta labeetara botatzen dituen garabiak oraindik ez dauzkala hamarratzak jarrita.
Transformadore baten matxurak lau hilabetez atzeratu du erraustegia
Ekainean lanetan izandako leherketa baten ondorioz hondatu zen transformadore nagusia, eta urrira arte ez dute lortu energizatzea. GHK-k aitortu du arazoak izan dituztela erraustegia energizatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu