Aire kutsatua arnasten dute lau herritarretik hiruk Hegoaldean

Ecologistas en Accion taldeak ikerketa bat egin du ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Hainbat lekutan, pasatu egin dute OMEk aholkaturiko gehienezko maila, bereziki Ebro aldean

Aire kutsatua arnasten dute lau herritarretik hiruk Hegoaldean.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Ecologistas en Accion taldeak ikerketa bat egin du airearen kutsaduraren inguruan, eta ohartarazi du Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dutela: lau lagunetik hiruk. Azterketak dioenez, aurreko urteetako datuekin alderatuta, Ebro ibaiaren inguruko kutsadura da nabarmentzekoa; esaterako, Tuterakoa (Nafarroa) eta Gaubeakoa (Araba). Tuteran, adibidez, irailera arte 117 egunetan gainditu dute OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura, eta Gaubean, 135 egunetan. Taldearen arabera, eguraldiak zerikusia izan du horrekin: bero handiagoa egin du Ebro inguruan, eta kutsadura areagotzea dakar horrek. Bilbo-Barakaldon eta Iruñerrian ez dute nabaritu kezkatzeko moduko kutsadurarik.



Ecologistas en Accion taldeak urtero egin ohi du gisa bereko azterketa bat. Zera ikertzen dute: ozono troposferikoko kutsaduraren ondorioz zenbat herritarrek arnasten duten aire kutsatua. Urtarriletik irailera arte jasotako datuak dira ikerketaren oinarria, eta ondorioztatu dute OMEk ezarritako maila gainditu egin dela Hegoaldeko leku gehienetan, airea aztertzeko gailuak aintzat hartuta. Iazko egoeraren aldean, «gora» egin du kutsadurak. Taldeak nabarmendu du herritarrei eman egin behar zaizkiela datuak.

Ozono troposferikoari ozono gaiztoa ere esaten diote; eragina du osasunean eta ingurumenean. Talde ekologistak azaldu duenez, lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. «Ondorioztatu dugu aurten erregistratutako tenperatura altuek eragin zuzena izan dutela kutsadura mailan». Erantsi dute beste sektore batzuek ere zuzenean eragiten dutela ozonoaren kutsaduran; bereziki aipatu dituzte garraioak, zentral termoelektrikoak eta abeltzaintza intentsiboa.

Airearen kutsadura «lehentasunezko» osasun arazotzat hartu behar da, Ecologistas en Accion elkartearen esanetan. Salatu dute erakundeek ez diotela behar bezala heldu egoerari: ohartarazi dute Hego Euskal Herriko erakundeek ez daukatela planik ozono troposferikoko kutsadura murrizteko. Auzia gizarteratzeari dagokionez ere badute ezinegona: nabarmendu dute herritarrei ez zaiela «informazio egokia» ematen airearen kalitateari buruz.

Har daitezkeen neurriak

Airearen kutsadura murriztea lehentasunezkotzat hartu behar dela nabarmendu du taldeak, eta, horretarako, «kutsadura bide nagusietan» eragin behar dela. Besteak beste, neurri hauek proposatu dituzte: hirietan, adibidez, ibilgailu motordunen zirkulazioa mugatzea, eta garraio publikoaren eta motorrik gabeko ibilgailuen erabilera sustatzea; energia sortzeari dagokionez, erregai fosilak erabiltzen dituzten zentralak bertan behera uzteko eskatu dute, eta energia berriztagarrien aldeko apustu handiagoa egiteko.

Erakundeetan soilik ez, herritarrengan ere eragin nahi dute. Ardatz bat ikusten dute bereziki jorratu beharrekoa: zer gertatzen ari den zuzenean azaltzea. «Ozonoko kutsadura nabarmen murriztu arte, ezinbestekoa da kutsaduraren eragina jasaten duten biztanleen esposizioa murriztea; horretarako, kutsadura maila altuak daudenean, informazio egokia helarazi behar da». Informazio «garbia eta ulergarria» eskatu dute. Bereziki nabarmendu dute ikastetxeen, osasun etxeen eta komunikabideen zeregina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.