Preso segituko du Haranburuk, auzitegiak aske uzteko erabakia hartu arren

Fiskaltzak helegite bat jarri dio auzitegiaren erabakiari, eta bi hilabeteko epean aztertu beharko dute. Ipar Euskal Herriko hautetsiek fiskaltzaren jarrera salatu dute

Haranbururen aldeko elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsean Baionako suprefetura aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zigorrak Aplikatzeko Parisko Auzitegiak Frederic Haranburu Xistor euskal presoa askatzearen alde egin du, baina Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak erabakiari helegitea ezarri dio berehala, Bake Bideak jakinarazi duenez, eta Haranburuk kartzelan segituko du oraingoz. Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkaritza batek, Bake Bideak eta Bakegileek adierazpen bateratua egin dute, fiskaltzaren jarrera salatzeko. Frantziako Estatuari dei egin diote «bake prozesua lagundu dezan».

Maiatzaren 7an aztertu zuten Haranbururen eskaera. Prokuradoreak baldintzapeko askatasuna ez onartzea galdegin zuen; aldiz, defentsak bezala, Lannemezango (Okzitania) kartzelako zuzendariak aldeko iritzia azaldu zuen —han dago preso Haranburu—. Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak aske uztearen alde egin eta fiskaltzak helegitea ezarri ondoren, Dei Auzitegiak bi hilabeteko epean egin beharko du prokuradorearen helegitea aztertzeko audientzia, Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez. Epeak errespetatuko ez balituzte, Haranburu aske utzi beharko lukete.

Ipar Euskal Herriko hautetsi eta bestelako ordezkari talde bat Euskal Elkargoan bildu zen atzo arratsalde hasieratik, elkarrekin hartzeko euskal presoari buruzko erabakiaren berri, eta agerraldi bat egin zuten gero. Bertan izan ziren Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson senataria, Michel Veunac Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza, Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea, Alice Leiziagezahar eta Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko kontseilariak, Maritxu Paulus Basurko abokatua, Mixel Berhokoirigoin bakegilea, eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea. Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak eta Vincent Bru diputatuak bideo konferentzia bidez hartu zuten hitza.

Mixel Berhokoirigoinek irakurri zuen, ordezkaritzaren izenean, denek adostutako mezua. Zigorren Aplikaziorako Auzitegiaren erabakia gorestearekin batera, oroitarazi zuten Haranburuk 30 urte daramatzala presondegian, eta 2008tik egin dezakeela baldintzapean aske gelditzeko eskaera. «Zuzenbide estatu baten printzipioak segitzen dituen erabaki bat da. Maleruski, ez da gauzatuko, fiskaltza antiterroristak helegitea eman duelako. Irmo gaitzesten dugu fiskalaren jarrera; azken urteetan Euskal Herrian abiatua den bake prozesuaren kontra doa ministerio publikoa».

Helegitea aurkezteko fiskalak erabili dituen argumentuak oraindik ezagunak ez badira ere, prokuradoreak auzi saioan izan zituen hitzak gogorarazi zituzten: ETAk berriz borroka armatua hartzeko arriskua dagoela argudiatu zuen orduan, eta hori «lurralde honen inteligentzia kolektiboari irain egitea» dela salatu zuten. «Blokeo egoera batean gaude, ez dago aldaketarik», deitoratu zuten. Halaber, adierazi zuten egoera kontraesanean dela Emmanuel Macron Frantziako presidenteak maiatzaren 18an Miarritzen izan zituen hitzekin. Eredutzat jo zuen Euskal Herria gatazkaren konponbideari eta armagabetzeari begira, eta estatuaren «betebeharra» mugimendu hori «laguntzea» dela adierazi zuen: «Estatuari eskatzen diogu bere hitzak eta ekintzak pareka ditzala», esan zuten atzo.

«Justizia politikoa»

Adierazpenaren ondotik, hautetsi bakoitzak hartu zuen hitza, bere iritzia agertzeko. Bruk bideokonferentziaz hitz egin zuen: «Xistor ezagutzeko aukera izan dut, kartzelan bisitatu nuelako. Zuzendariarekin eta funtzionarioekin ere egon nintzen. Xistorren jarrera eredugarria da; ezin da kontsideratu ordena publikoarentzat traba bat denik». Gaineratu zuen Haranburuk baduela lan eskaintza bat Senperen, eta ez dela arrazoirik askatua izan ez dadin. «Estatu buruari dei egiten diot, egoera honek ez dezan iraun».

Brissonek ebatzi zuen auzitegiak arrazoi eman diela; arrazoi dutela Haranburu askatzeko eskatzean. «Edozein izanik ere zigortzeko arrazoia, ezin ulertua egiten zait 30 urtetik gora preso egotea. Ezin ulertua egiten zait 11 urteotan baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera izanik ministerio publikoak sistematikoki dei egitea». Erran zuen helegiteak dudan ezartzen duela elkarbizitzaren alde egiten ari diren lana.

Veunacek «beste garai bateko» erabakia salatu, eta adierazi zuen «oztopo» berri horri ere aurre eginen diotela. Betbederrek esan zuen Ipar Euskal Herriko hautetsiek beren ardurak hartuko dituztela, «erakusteko [Frantziako] Gobernuari kezkatuak garela, bake prozesua aitzinarazi beharko duela». Dutoyak «burugogorkeria eta arduragabekeria» aipatu zituen; «haserrea» sentitzen duela esan zuen: «Mobilizatzen segituko dugu, ez gara horretan geldituko».

Auzitegiaren erabakiarekin pozik baina fiskaltzarekin haserre agertu zen Etxegarai: «Iduri du justizia politiko bat dagoela. Helegite hau justizia politikoa da». Euskal Elkargoko lehendakariaren hitzetan, hautetsien esku da estatuaren erantzukizuna eskatzea. «Fiskal buruari galdetu behar diogu Euskal Herriko errealitateaz informatu dadila. Bakea ez da behin betikoa; bakearen bidean gaude, baina oraindik bide luzea dugu».

«Onartezina»

EH Baik eta EH Bilduk «onartezintzat» jo dute fiskaltzaren erabakia. «Bada garaia bide juridikoetatik ematen diren erabakiak onartu ditzan». Mobilizatzen segituko dutela eta preso eta iheslariak «etxeratuko» dituztela adierazi dute. Auzitegiaren erabakia Ipar Euskal Herrian egindako lanarekin lotu du Sortuk ohar batean, eta fiskaltzaren jarrera deitoratu du. «Tamalez, Frantziako Estatuan garai zaharretara kateaturik eroso sentitzen dira batzuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.