Madrilek kasu egin dio Europako justiziak joan den maiatzean egindako ohartarazpenari, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak, atzo, aho batez erabaki zuen baliogabetzea lanaldi partziala daukaten langileen pentsiorako kalkulurako formula, emakumeak diskriminatzen dituelako. Hego Euskal Herrian, esate baterako, lanaldi partzialen %80 inguru emakumeek egiten dituzte, Emakunderen eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Gaztela eta Leongo emakume baten salaketak eraman zuen gaia Luxenburgora.
Gizarte Segurantza dagoeneko hasi da aldaketa informatikoak prestatzen pentsioen kalkulurako formula aldatzeko, legedi berritua BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatzen denetik aurrera martxan jartzeko. Hego Euskal Herrian, beraz, aldatu egingo da aldi baterako beharginen pentsioa kalkulatzeko formula, eta lanaldi osokoen pentsioa kalkulatzeko ekuazio bera erabiliko da, zigorrik gabe.
Hori bai, Konstituzionalak zehaztu du neurriak ez duela atzerako eraginik izango, «segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko». Beraz, kalkulua baliogabetzeak ez die eragingo ez lehenago epaitutako gatazka indibidualei, ezta ebazpen irmoa daukaten erabaki administratiboei ere.
Koefiziente murriztailea
Emakumeen kontrako sexu bazterketa da aldaketaren arrazoi nagusia, baina Auzitegi Konstituzionalak azaldu du orain arteko pentsio kalkuluak bi bazterketa egiten dituela aldi bereran: batetik, berdintasunaren printzipioa urratzen du, kalkulu formula ezberdina delako lanaldi osokoentzat eta partzialekoentzat; eta, bestetik, «zeharkako sexu diskriminazioa» ezartzen du, nagusiki emakumeak direlako lanaldi partzialeko enpleguetan dabiltzanak.
Zehazki, Gizarte Segurantzaren Arau Orokorraren artikulu baten zati bat aldatu du Auzitegi Konstituzionalak: lanaldi partzialeko langileen pentsioa kalkulatzeko formulan erabiltzen den koefiziente bat ezabatu du. Gaur-gaurkoz, langileak lan egindako egun kopurua zenbatzen da, eta kopuru horri koefiziente bat ezartzen zaio —lanaldi osokoei ez bezala—, pentsioa kalkulatzeko.
Koefiziente horrek are gehiago txikitzen du pentsioa. Hau da, lan orduen kopurua dela eta, lanaldi partzialeko beharginen pentsiorako oinarria apalagoa da lanaldi osokoenaren aldean; hori gutxi ez, eta koefizienteak are gehiago apaltzen zuen pentsioa.
Edozelan ere, koefiziente hori mantendu egingo dute ezintasun iraunkorra daukaten langileen pentsioa kalkulatzeko.
Langabezia sarian ere bai
Ez da lehen aldia Luxenburgok Madrili belarritik tira egiten diona lanaldi partzialeko enpleguaren araudian emakumeak diskriminatzeagatik. 2017ko azaroan ere Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Espainiaren legedia EBkoaren aurkakoa zela kontratu partziala izan duten langileen langabezia saria kalkulatzeko garaian. Luxenburgoko auzitegiak sexu diskriminazioa salatu zuen orduan ere, legeak lanaldi partzialeko langileen langabezia sariaren iraupena laburtzen zuelako.
Ordukoan, ordea, Espainiako Justiziak ez zuen hartu Europaren gomendioen ildoko erabakirik. Espainiako Lan Ministroak joan den maiatzean adierazi zuen gobernuak asmoa zeukala lanaldi partzialekoen langabezia sariaren kalkulua berrikusteko.
Emakumeei kalte egiten die lanaldi partzialetako pentsioen kalkuluak
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du lanaldi partzialekoen pentsio kalkulua, sexu bazterketagatik, Luxenburgok hala ohartarazita. Neurriak ez du atzerako eraginik izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu