Genero politiketan gizonei zuzentzeak berekin ekarri behar du gainerako politikak ikuspegi feministatik birpentsatzea, eta egun horrek halabeharrez dakar politika antikapitalistak egitea». Irmo mintzatu zen Jokin Azpiazu EHUko soziologoa atzo, Gizonduz-en kongresuko arratsaldeko lehen mahai inguruan, politika publikoei buruz hitza hartu zuenean. EAEko Berdintasun Legeaz galdegin zion Pilar Kaltzada moderatzaileak, gizonekin lan egiteko premia jasotzen baitu arauak. Harago begiratzea proposatu zuen Azpiazuk: «Feministek askotan esan dute politikak elkarri lotuta egin behar direla. Patriarkatua sistema artikulatu bat baita, oinarri ekonomiko batekin: emakumeek doan lan egiten dute kapitalismoak funtzionatu ahal izateko. Beraz, aberastasuna ondo banatzen ez dugun bitartean, gizonei zuzentzea, pentsatuz alda daitezen konbentzituko ditugula, jardun mugatua izango da, berdintasun politikei sentsibilizazioaren eremu sinboliko hori baino ez diegulako emango».
Hamabosgarren urteurrena ospatzen ari da egunotan Gizonduz; gizonek berdintasunaren inguruan kontzientzia hartzea sustatzeko sortu zen, Emakunderen ekimenez, eta programa aitzindaria izan da urteotan. Politika publikoen bidez maskulinitateak nola jorratu aztertzeko, kongresu bat antolatu du Gasteizen: asteartean hasi zen, eta gaur amaituko da. Politika publikoei, gizonezkoei, maskulinitateei eta feminismoari buruzko gogoetak izenburupean, hainbat galderari erantzun zieten adituek bazkalosteko eztabaidan. «Hemen gaudenok ez daukagu zalantzarik: gizonekin lan egin behar da, konponbidearen parte baitira. Kontua da nola», laburbildu zuen Maria Antonia Caro hezitzaile eta ekintzaile feministak.
Ikusi gehiago:Gizonen inplikazioa «giltzarri» jo du Iñigo Urkulluk
Izan ere, gizonei bideratutako politika publikoen inguruko itaun zaharrek ez dute erantzun argirik oraindik ere. «Gizonentzat berariazko politikak planteatu behar dira, baina aztertu behar da dirua emakumeen partida ekonomikoetatik atera behar den, berez oso baliabide gutxi baitituzte berdintasun politikek», azaldu zuen Anastasia Tellez Elxeko (Herrialde Katalanak) Miguel Hernandez Unibertsitateko irakasleak. Miguel Angel Lozoya Berdintasunaren aldeko Gizonen Foroko (Andaluzia, Espainia) kideak, berriz, kontrako bidean agertu zuen kezka: «Feministek egiten dituzte berdintasun politikak, eta hori berme bat da, baina haien interes nagusia da emakumeentzako politikak egitea. Gizonekin lan egitea baliabideak galtzea dela uste dute, eta haien lidergoa arriskuan jartzea».
Edonola ere, politika publikoetatik jorratzeke dagoen gaitegi zabala eskaini zuen Tellezek: «Hainbat eremu jorra daitezke: hezkidetza, hedabideak, kontziliazioa, maskulinitatea, lengoaiaren erabilera, osasuna, sexualitatea...». Bat etorri zen Caro: «Zergatik ez diogu heltzen sexu hezkuntzari? Urteak daramatza legeetan, baina gauzatu gabe». Haren aburuz, «enpatiatik» egin behar da lan gizonekin, eta ohartarazi zuen feministen hiztegia arrotz bilaka daitekeela: «Gizon askorentzat oso zaila da pribilegioak identifikatzea, adibidez, gizarte bazterketan badaude. Eskubideen ikuspegitik jardun behar dugu, solasaldirako guneak lehenetsi, gizonen ezinegonak entzun... Bestela, beste batzuek entzungo dituzte, eta ez hemen gaudenon ikuspegitik».
Maskulinitateaz eztabaidan
Maskulinitateaz ere hitz egitea garrantzitsua da Miguel Lorente Granadako Unibertsitateko (Espainia) auzitegi medikuarentzat: «Gizonok geure burua auzitan jartzeko dugun erreferentzia objektiboa da». Baina helburua «eraldatzea» izan behar duela zehaztu zuen: «Matxismoa gizonei eta emakumeei mintzatzen zaigu, batzuei eta besteoi nola jardun adierazten digu. Feminismotik bide bera egin behar da: argi edukita abiapuntua diferentea dela, eta prozesu eta molde diferenteekin; baina ezingo da egin feminismotik ez bada».
Xehetasun bat txertatu zuen Azpiazuk: ondo ikusten du identitate maskulinoen eraikuntzaz hausnartzea, baina ez horretara mugatzea. «Beste espazio batzuetan urratsak behartuz gero, identitateetan ere nabarituko dira». Eta berriz jo zuen egiturazko neurrien premiara, politiketan ikuspegi zabalagoa eta handinahiagoa eskatzera: «Sentsibilizazioan, barne lanean, identitateetan... zentratzen gara, horixe geratzen zaigulako; gainerako lan eremuetan ez daukagulako eragiteko ahalmenik».
Gizonekin zer politika egin
Gizonei bideratutako berdintasun politika publikoek nolakoak izan behar duten eztabaidatu dute hainbat adituk, Gizonduz-ek antolatutako urteurren kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu