ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ez dute gogoko EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Aurkeztu den zirriborroa aztertuta, «egungo hezkuntza eredu duala betikotu» egiten duela irizten diote, eta pentsatzen dute ez duela urratsik egiten sindikatuek eskatzen duten «sare publiko bakarra, euskalduna eta propioa» lortzeko bidean. Horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte, aurreproiektuaren kontra egiteko, eta eskatzeko «langileekin» egin dezatela behin betiko legea.
Azaroaren 30ean eta abenduaren 14an greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan. Gainera, mobilizazioak egingo dituzte, eta hezkuntza arloko langile guztiei deituko diete horietara. Azaroaren 30ean, mobilizazio nagusia Bilbon izango da, eta abenduaren 14an, berriz, Gasteizen. Mobilizazio biak eguerdian egingo dituzte, eta arratsaldean, berriz, herrialdeko manifestazioak hiriburuetan. Greba eta mobilizazioek bi goiburu izango dituzte: Publikoa, euskalduna eta propioa helburu eta Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki.
Hiru sindikatuen ustez behin betiko legeak jaso beharko lituzkeen edukiak ere zehaztu dituzte. «Publikoa ardatz izango duen Hezkuntza Legea» nahi dute, egungo sistema duala gainditu eta «euskal hezkuntza sistema publiko eta propio baterako bidea» sustatuko duena. Halaber, legeak segregazioari aurre egitea eta «gizarte kohesioa» bermatzea nahi dute, horretarako neurri zehatzak ezarrita, ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek eta Steilaseko Nagore Iturriozek esan dutenez.
Kuotak kobratzea debekatu
Segregazioaren kontrako neurrien artean daude eskola publikoa lehenestea, kuoten kobrantza debekatzea eta «benetako doakotasuna» bermatzea: «Eskola hautatzeko familien eskubidea ezin da egon gizarte kohesioaren gainetik, ezta aukera berdintasunaren gainetik ere», esan du Tobarrek.
Titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza komunitateak sare publikoan integratzeko «marko eta araudi orokor eta adostua» ezarri nahi dute sindikatuek. Hezkuntza Lege «propioa» eskatu dute, hau da, hezkuntzaren inguruko eskumenak bere gain hartuko dituena, langile multzo propioa izateko aukera izango duena eta Euskal Herria «erreferentzia esparrutzat» edukiko duena. Inbertsio eta baliabide gehiago ere eskatu dituzte, hezkuntzarako jartzen den dirua hiru urtean BPG barne produktu gordinaren %6 izatera iristeko xedez.
Euskarari dagokionez, hura «erdigunean» jarri nahi dute sindikatuek: «Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas ereduorokor eta inklusibo bakarra behar da, eta hizkuntza ereduak desagerrarazi behar dira».
Sindikatuen ustez, eskolako jarduera guztiak euskaraz egitea bermatu beharko luke legeak, eta horretara iristeko trantsizio epe bat ezarri. Horrez gain, langile multzo guztiak euskalduntzeko planak finkatzearen alde daude.
Hezkuntza Legeak «betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak» jaso ditzala eskatu dute hiru sindikatuek. Haien ustez,euskal curriculumak, hezkidetzak, laikotasunak, ekitateak, inklusioak, pentsamendu kritikoak eta parte hartzeak «hezkuntza sistemaren oinarri» izan beharko lukete, eta, beraz, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatu guztiek bete egin beharko lituzkete. ELAk, LABek eta Steilasek kontrol publikoak indartu nahi dituzte, oinarri horiek betetzen direla bermatzeko.
Langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea eta «merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at» egotea ere galdegin dute sindikatuek.
Horretaz gain, ELAk, LABek eta Steilasek beharrezkotzat jo dute legea «parte hartzailea» izatea eta langileak «aintzat» hartzea, horretarako «negoziazio esparruak» zabalduta.
Mobilizazio gehiago
Zubizarretak esandakoaren arabera, legearen behin betiko dokumentuak eskakizun horiek jasoko ez balitu, sindikatuek mobilizazio gehiagori ekingo liokete egitasmoak Eusko Legebiltzarrean bidea egin bitartean.
Sindikatuek azaldu dutenez, alderdi politikoekin hezkuntza itun baterako oinarriak landu ostean, Hezkuntza Sailak irailaren 14an aurkeztu zuen legearen aurreproiektuaren zirriborroa, eta, horrekin batera, alegazioak aurkezteko epea zabaldu zen. ELAk,LABek eta Steilasek aurkeztu dituzte, baina, esan dutenez, orain arte ez dute inolako zantzurik izan pentsatzeko sindikatuen ekarpenak aintzat hartuko dituztela: «Guk ez dugu geure burua islaturik ikusi orain arteko prozesuan».
Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek adierazitakoa oinarri hartuta, sindikatuek pentsatzen dute lege egitasmoa abendu aldera aurkeztuko dutela Legebiltzarrean, eta, urtarrilean auzi horietarako jarduera etenda egoten denez, legearen tramitatze prozesua otsailean hasiko dela uste dute. Baliteke hortik aurrerako prozesuak luze jotzea, baina sindikatuak prest daude orduan ere mobilizazioei eusteko, legeak ez baditu haien eskaerak jasotzen.
Greba egingo dute hezkuntzan azaroaren 30ean eta abenduaren 14an
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek uste dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuak «betikotu» egiten duela oraingo eredua. «Eskola sare publiko bakarra, euskalduna eta propioa» eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu