Euskal gatazkaren indarkeriazko adierazpenak modurik gordinenean azaltzen ziren garaian, isiltasuna eta hitzaren ukazioa ziren ondorioetako bat. Hala azaldu dute Pedro Luis Ariasek eta Arantza Urkaregik, EHUren Bilboko Esperientzia Gelan egindako solasaldian. Orain, ETAren jarduera desagerturik, egoera hobea da hitzari behar duen balioa emateko, baina, hala ere, oraindik ere elkarrizketa sustatzeko eta zubiak eraikitzeko beharra badagoela nabarmendu dute bi hizlariek.
Ustekabean topo izeneko mintzaldi sorta prestatu du Foro Sozialak ekainerako: lau topaketa izango dira orotara, eta Bilbokoa lehenengoa izan da. Unibertsitate esparruko bi lagun elkartu dituzte: Pedro Luis Arias EHUko Akademia Antolakuntzako eta Irakasletzako errektoreorde ohia, eta Arantza Urkaregi EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle izandakoa. Arias Bakearen Aldeko Mugimenduko kide izan zen, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea Patxi Lopezen gobernuan; Urkaregi, berriz, EMKko kidea izan zen gaztetan, eta EH Bildun dihardu gaur egun.
Nor bere eskarmentutik abiatu da iraganaren kontakizuna egiteko. Ariasek gogoratu du gaztetan zentral nuklearren kontrako mugimenduan engaiaturik ibili zela, eta 1981ean ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko ingeniari burua hil izana «mugarri» izan zen haren bilakaeran: «Gizarte zibilaren aldarrikapen bat zena odolez zikinduta gelditu zen». Urkaregik ere bere bilakaeran mugarri izan diren zenbait gertaera aipatu ditu: Salvador Puig Antichen kontrako heriotza zigorra, 1975eko irailaren 27ko fusilamenduak, eta, ETAren ekintzei dagokienez, Ernest Lluchen hilketa: «Hura ezin nuen ulertu; elkarrizketaren kontrako erasoa iruditu zitzaidan».
Urkaregiren ustez, garai haietako ezaugarrietako bat «elkarrekin ez hitz egitea» izan zen: «Ez zegoen bestela pentsatzen zuenarekin hitz egiteko ahaleginik. Burutik ere ez zitzaigun pasatzen». Eta unibertsitatea ez zen salbuespena: «Orain, adibidez, ez dut gogoratzen unibertsitatean antolatutako mahai ingururik honetaz hitz egiteko». Oro har, bat etorri da Arias horretan, baina orduan ere iritzi guztiak aintzat hartzeko egindako ahalegin apurrak nabarmendu ditu.
Orrialdea azkarregi pasatu
Egoera erabat aldatu da, eta hori «pozgarria» da Ariasentzat, baina iruditzen zaio euskal gizartea «orrialdea azkarregi pasatzen» ari ote den: «Gazteek, ezagutu ez zutelako, eta ez hain gazteek, ez dutelako gogoratu nahi, baina uste dut ez garela aprobetxatzen ari bizikidetza osasuntsuago bat eraikitzeko aukera».
Ados azaldu da horretan Urkaregi, eta «zubiak eraikitzeko» eta «konfiantzarako guneak sortzeko» beharra nabarmendu du: «Gaur egun, ez ditut ikusten zubi horiek». Ariasek beste arazo bat ere ekarri du hizpidera: indar politiko batzuek horretatik «onurak atera» nahi izatea, eta «hesiak eraikitzen» saiatzea «azken hamar urteotan ezer aldatu ez balitz bezala».
Orain arte egindako urratsak ez dituzte gutxietsi nahi izan. Urkaregik uste du aurrerapausoak egon direla «besteen mina ulertzeko gaitasunean». Eta «kontakizun bakarraren kontra» egin du: «Ez dut inoiz pentsatu egia bakarra denik, eta orain ere ez». Kontakizun bakar bat ez egotea «ez da problema», Ariasen aburuz.
Isiltasuna hausteko zubiak
Foro Sozialak lehen solasaldia antolatu du «memoria kritika inklusiboa» sustatzeko. Arantza Urkaregik eta Pedro Luis Ariasek elkarrizketaren garrantzia nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu