Atzerako kontaketa maskarak eranzteko

Apirilaren 20tik aurrera ez da derrigorrezkoa izanen Hego Euskal Herriko toki itxietan maskara erabiltzea. BERRIAk kontsultatutako adituek uste dute ez direla betetzen horretarako baldintza egokiak

Zenbait maskara berrerabilgarri, zintzilik, garbitu ostean. MATEO TRIGO / EFE.
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Toki itxi gehienetan maskara ez da nahitaezkoa izanen Hego Euskal Herrian, hilaren 20tik aitzina. Garraio publikoetan, zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan bai: horietan, egoera ez da aldatuko; baina, gainerako lekuetan, herritarrek ez dute erabili beharko. Atzo jakinarazi zuen erabakia Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek, Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluan.

Erabakia Ministroen Kontseiluak hartuko du, eta egun indarrean den legea errege dekretu bidez aldatuko du horretarako. Neurria Espainiako Kongresuan berretsi beharko dute gero, eta apirilaren 20tik aurrera sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Erabakia Alerten Lantaldeak prestatutako txosten batean oinarritua da. Horretan, maskaren derrigortasuna kentzearen alde azaldu dira adituak, baina zenbait salbuespenekin: besteak beste, talde zaurgarrietako herritarrei gomendatzen diete maskara «arduraz» erabiltzen segitzeko; horrez gain, «aholkatu» dute metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean eta aireztapen ona ez dagoen lekuetan ere erabiltzea, hala nola merkataritza guneetan, supermerkatuetan, dendetan, zinemetan, museoetan eta tabernetan. Era berean, airea ibiltzeko aukerarik ez badago eta langileen artean tarte nahikorik ez badago, lantokietan erabiltzen jarraitzea gomendatzen dute.

Ikusi gehiago: Derrigorrezkoa ez bada ere, kendu ezinda

Atzoko Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluan parte hartu zuten Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi zuen bat egiten duela proposamenarekin, adituen oniritzia duelako. Hala ere, Alerten Lantaldeak egindako zirriborroa erkidegoei igorri eta adostu ez izana kritikatu zuen Sagarduik.

Arau berria indarrean sartzen denetik, maskaren gaineko protokoloak ia berdinak izanen dira Euskal Herri osoan. Izan ere, martxoaren 14tik aitzinera COVID-19aren aurkako neurri murriztaile ia guztiak arintzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak ere. Ordutik, garraio publikoan eta osasun etxeetan baizik ez da derrigorrezkoa maskararen erabilera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Zalantzak adituen artean

Barrualdeetan maskara erabiltzeari uzteak zalantza ugari eragin dizkie ikerlari eta osasun arloko adituei. Bestelako neurri osagarriak hartu ezean, derrigortasuna kentze hutsak zenbait sektoreren bazterketa areagotu dezakeela uste du Ana Galarragak, Elhuyar fundazioko zientzia komunikatzaileak: «Maskarak barrualdean erabiltzeko betebeharra kentzeak ekarriko du pertsona zaurgarriak are gehiago baztertzea: immunitate arazoak edo bestelako gaitzak izateagatik txertatu ez direnak, adibidez, egoera are zaurgarriagoan izango dira zenbait tokitan».

Ikusi gehiago:Mikel Rodriguezen 'Hizpideak' zutabea: 'Kontrastea'

Bat dator Izortze Santin EHUko doktore eta ikerlaria. «Egia da gehienak txertatuta gaudela jada, baina talde zaurgarrietako kideek arrisku handiagoa dute gaitz larriak pairatzeko: immunoeskasia dutenak, adinekoak... oso ondo neurtu beharko genuke faktore hori, besterik gabe jendeari maskarak kentzeko esan aurretik».

Santinen esanetan, gaur egun ez dira gutxieneko baldintzak betetzen maskarak baztertzeko: «Normaltasunerako bidean, argi dago musukoa kendu beharko dugula, baina orain geure buruari galdetu beharko genioke ea egoera egokian gauden urrats hori egiteko». Zehazki, bi faktoreri erreparatzea galdegin du: gaitzaren transmisio maila eta leku itxien aireztapena. «Behar bezala prestatu gara leku itxietan aire kalitate ona bermatzeko?», galdetu du EHUko ikerlariak: «Erantzuna ezezkoa da leku gehienetan. Garraio publikoan eta zentro publiko askotan, adibidez, ez da aireztapen egokia bermatzen, eta horrek arrisku handia dakar».

Izurriaren transmisioari dagokionez, egoera «kezkagarria» dela uste dute bi adituek. «Birusaren transmisioa deskontrolatuta dago erabat, baina ez dugu daturik, positiboak zenbatzeari utzi zaiolako», azaldu du Santinek. Pandemia «dekretu bidez» bukatu nahi izatea egotzi die EHUko irakasleak erakundeei: «Neurri guztiak kendu, positiboak zenbatzeari utzi, eta horrela bukatutzat jo dezakegu izurria, baina argazki hori ez da benetakoa. Herritar gehienak txertatuta daude, baina infekzioei atea zabaltzen badiegu, azkenerako, zaurgarriei eraginen die ezinbestean».

Neurri proaktiboak

Neurri murriztaileak arindu eta maskaren derrigortasuna kentzeko erabakiaz gain, «neurri proaktiboak eta baliabideak» ere galdegin dizkiete erakunde publikoei. «COVIDaren fase akutuaren osteko estrategiaren barruan, zentinela izeneko monitorizazio sistema ezartzea erabaki zen, birusaren detekzio goiztiarra indartzeko, eta, aldaera berriak baletoz, horiek lehenbailehen atzemateko. Sistema hori prest ez dagoen artean, ez da zuhurra maskara barrualdeetan kentzea», esan du Galarragak.

Airearen kalitatea bermatzeko neurriak ere aintzat hartzeko eskatu dute biek ala biek. «EPA filtroak, aireztapen mekanikoa eta bestelakoak ezarri beharko lirateke eraikin publikoetan, baina horrek inbertsio bat eskatzen du», adierazi du Santinek. Are: erakundeek «biderik errazena» aukeratu dutela gehitu du Galarragak: «Erabaki dute ardura herritarren bizkar uztea, eta norberak erabaki dezala noiz jantzi maskara eta noiz ez, baina baliabiderik ez dute jarri segurtasuna bermatze aldera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.