Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero, atzo jarri ziren salgai lehenengoz COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testak Hegoaldean. Lagina norberak hartu ahal izango du test horiekin, eta emaitza interpretatu, profesional baten laguntzarik gabe. Farmazialariek behin eta berriz eskatua zuten neurri hori, eta edozein farmaziatan egongo dira eskuragarri. Prezioa hamar eta hamabost euro artekoa izango da.
Errezetarik gabeko bi test mota egongo dira salgai farmazietan: antigeno testak eta antigorputz testak. Antigeno testa infekzioa hartu eta zazpi egunera edo sintomekin hasi eta bost egunera egin behar da, karga birala altuen dagoen egunetan, hain zuzen. Test horretarako lagina sudurretik hartu beharko da, eta pertsonak, une horretan bertan, gorputzean birusaren osagaiak dituen egiaztatzen du. Kontuan izan behar da positibo faltsuak edo negatibo faltsuak atera daitezkeela karga birikoa baxua denean edo sintomarik ez dagoenean. Horregatik, Europako Batasunak gutxienez %97ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du.
Autodiagnostikorako antigenotestetan positibo ematen dutenek Osakidetzari jakinarazi beharko diote, nahiz eta oraindik ez dagoen horretarako protokolorik. Beraz, positibo horien berri ematea bakoitzaren ardura izango da, eta administrazioak eskatu du horretan arduraz jokatzeko. Antigorputz autotest serologikoan, berriz, odol lagin txiki bat beharko da testa egiteko. Test mota honek bi gauza erakuts ditzake: birusarekin kontakturik izan den (nahiz eta sintomarik ez izan) edo txertoa hartu ondoren antigorputzak sortu diren.Antigorputz autotest serologikoa egiteko, txertoak ematen duen immuntatea lortu eta gero egitea komeni da, ez txertoa hartu eta berehala. Hor ere emaitza faltsuak atera daitezke, eta, horregatik, Europako Batasunak gutxienez %98ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du.
Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko kide Olatz Cuevasen ustez, antigeno testak farmazietan saltzeak asko lagun dezake pandemiaren eboluzioan, baina protokolo baten beharra dagoela azpimarratu du. «Saltzen den test bakoitzari jarraipen bat egin beharko litzaioke; horrela, emaitza positiboa bada, Osakidetza jakinaren gainean egoteko».
Hala ere, test horiek eskuragarri egon arren, gainerako babes neurriak aintzat hartzearen eta txertaketa prozesuarekin irmo jarraitzearen garrantzia ere azpimarratu ditu. «Ikusi baita bi horiek direla neurririk eraginkorrenak».
Koronabirusa
Autodiagnostikorako testak, salgai
Hegoaldean lehenengoz egongo da testak erosteko aukera. Farmazialariek lehendik maiz eskatua dute neurri hori; oraindik ez dago protokolorik testetan positibo ematen dutenek egin beharreko bidea ebazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu