Koronabirusa

Kezka immunitatea denean

Pandemiaren kudeaketak auzi etikoak piztu ditu: immunitatearekin loturiko gaiak nola uztartu eskubideekin, esaterako. IkerBasquek hori jorratu du solasaldi batean.

Erizain bat COVID-19aren aurkako txerto bat prestatzen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako osasun krisia Euskal Herrian urtea betetzear den honetan, zalantzak inguratzen du izurriaren etorkizuna. Zenbait herrialdetan txertaketa kanpainak abian, taldeko immunitatea nola ziurtatu, eta immunitatea garatu ez dutenak ere kutsatu ez daitezen egin beharrekoak dira egun eztabaidagai bioetikan. Horiez eta beste hainbat gairen inguruan egin zuten berba herenegun IkerBasquek antolatutako webinarrean: Auzi etikoak COVID-19aren pandemiaren aurrean: txertaketa eta osasun pasaporteak. Bertan aritu ziren hizlari Federico De Montalvo Espainiako Bioetika Batzordeko lehendakaria eta Iñigo De Miguel IkerBasqueko kide eta bioetikan aditua.

Txertaketa derrigortzearen aurka agertu dira. Baina ñabardura bat egin du De Montalvok: txertaketa ez dela derrigorrezkoadefendatu behar da, borondatezkoa dela defendatu beharrean. Bi termino horien arteko desberdintasuna handia dela dio: «Txertaketa borondatezkoa dela badiot, esaten ari naiz etikoki eta legalki berdin dela txertatzea edo ez txertatzea. Baina derrigorrezkoa ez dela badiot, nik esan dezaket ez txertatzea legalki onargarria bada ere etikoki ez dela hain zuzena. Eta horrek justifikatzen du txertatzen ez direnek, isunik jasoko ez badute ere, tratu bera ez jasotzea. Horregatik du zentzua ziurtagiria txertatu denari emateak».

Immunitatea frogatzen duten ziurtagiriek «zalantzak» sorrarazten dizkiotela aitortu du. Txertaketa unibertsala ez denez, uste du txertaketa plangintzan lehenetsi ez duten jendeari immunitatea frogatzeko eskatzea «zigor bikoitza» dela, baina onartu du egoera aldakorra dela, eta txertaketa biztanleria osora hedatu ahala aukera hori «planteatu» ahal izango dela.

Immunitate agiriak

Txartel horien aldeko jarrera erakutsi du De Miguelek. «Gobernuak ezin du kontrolatu jendea bere etxetik ez irtetea, baina kontrolatu dezake ziurtagiri hori ez duen jendea leku batzuetan ez sartzea». Txertoa derrigorrezkoa ez denez, gaitza transmititzeko arriskurik eza test bitartez egiaztatu ahalko lukete, adibidez, herritarrek. Pasaporte horiek oinarrizko eskubideen urraketa ekarriko luketen galdetuta, uste du «justifikatu ezin den eskubiderik» ez dutela urratzen: «Beti bilatu behar dugu eskubideak gutxien urratzen dituen aukera. Nire ustez, oreka kontua da: inork eskubide urraketa oso bortitzik izan ez dezan denok egiten ditugun sakrifizio txikiak dira. Elkartasun ideiatik dator hori, eta horretan oinarritu behar da gizartea».

Baina, De Montalvok bezala, De Miguelek ere biztanleria orokorraren txertaketan du begirada jarria. Argi du neurriak leuntzea immunizatu gabe daudenen kalterako izango dela, eta orduan izango direla batez ere erabilgarriak pasaporteak: «Biztanleriaren zati handi bat txertatuta dagoenean, uste dut baliabide oso eraginkorra litzatekeela immunitaterik ez dutenen oinarrizko eskubideak errespetatzeko. Gaiari buelta eman diezaiokegu eta ondorioztatu gutxiengo zaurgarrien eskubideak babesteko tresna izan daitezkeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.