Euskaltegiak ere, aurrez aurre

Euskal Herriko euskaltegiek abiatu dituzte matrikulazio kanpainak. Urriko lehen astean hasiko dute ikasturtea, eta aurrez aurrekoa lehenetsiko dute. Digitala ere prest dute

AEK-ko kideak, atzo, Santutxuko euskaltegian, matrikulazio kanpaina aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ziurgabetasuna. Horixe da, jarduera gehienak bezala, euskaltegien ikasturte hasiera hobekien definitzen duen ezaugarria. Baina euskaltegietako irakasle eta ikasleek argi dute: ahal bada, aurrez aurreko eskolak nahi dituzte, eta horretan saiatuko dira. «Guretzat, bai eta ikasleentzat ere, aurrez aurreko ikastaroak dira gehien preziatuak, eta horiekin jarraituko dugu; osasun neurriak hartu beharko ditugunez, eskola horiek emateko modua dugun egoerara egokituta», azaldu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaileak.

Euskaltegiz euskaltegi, irailaren azken egunetan edo urriaren lehenetan hasiko dute ikasturtea Euskal Herriko euskaltegietan, eta matrikulazioa zabalik dute jada guztiek: udal euskaltegiek eta IKAkoek asteartean hasi zuten matrikulazio kanpaina, eta AEK-k, berriz, atzo. Askotariko modalitateak prest dituzte jada, eta, osasun egoera larrituko balitz, digitalean segitzeko aukera eskainiko dute. «Gauza guztietarako nahiko prest gaude: zer gertatzen den, zer egin behar dugun, hori nahiko garbi daukagu», adierazi du Joxemi Reguero Gasteizko IKAko arduradunak. «Bestelako egoera batean sartuko bagina, aurre egiteko prest gaude», Iribarrenek. Baina hasi, behintzat, aurrez aurre hasiko dira.

«Pandemia etorri baino lehen gure ikasleek modu presentzialean nahiago zuten, betidanik, eta online eskaintza eginda ere, oso gutxik ematen zuten izena», nabarmendu du Reguerok. «Konfinamenduan egon garen garaian horixe jaso dugu ikasleengandik: haiek nahiago zutela taldekakoa eta ez bakarkako online irakaskuntza». Hartara, irakasleak azaldu du irakaskuntza digitala ahalik eta gehiena hurbildu nahi izan dutela aurrez aurrekora, ezberdina dela dakiten arren. «Ordenagailu bidez ere taldekako irakaskuntza eskainiko dugu: beren etxeetatik egin ahal izango dute ikastaroa, baina talde batean egongo balira bezala». Hori eginen dute, adibidez, taldeko pertsonaren batek berrogeialdian sartu behar balu edo pertsona zaurgarriekin harremana duen ikasleren batek klasea etxetik jarraitzea nahiago izanen balu. Hala, hiru modalitate eskainiko dituzte IKAko euskaltegietan: aurrez aurrekoa, taldera egokitutako digitala, eta banakako online modua. Aurrez aurrekoa eta digitala txandakatu ere eginen dituztela zehaztu du Reguerok, taldeen kopuruaren eta gelen tamainaren arabera: «Adibidez, gela batzuetan osasun baldintza guztiak beteta bakarrik zazpi edo zortzi lagun sartzen badira, baina taldean hamar egongo balira, bik edo hiruk etxetik jarraitu beharko dute; baina txandakatuz joango dira». Bortz egunetik behin eginen lituzkete txandak. Ahal izan duten lekuetan, halaber, euskaltegiko gelak handitu dituzte, segurtasun distantziarekin arazorik ez izateko. Gasteizen hala egin dute adibidez, baina Reguerok badaki ez dela denen kasua: «Guztiek ez daukate aukerarik, eta beste modu batera antolatu behar izan dute».

AEK-k bortz irakaskuntza modalitate eskainiko ditu: aurrez aurreko taldeak, euskaltegietan egindako autoikaskuntza , eredu konbinatua —aurrez aurrekoa eta digitala uztartuta—, online ikastaroak eta Foruko barnetegia (Bizkaia), urte osoan zabalik izanen dutena.

Udal euskaltegiek ere aurrez aurreko zein ordenagailu bidezko aukerak eskainiko dituzte, «beti bezala», Imanol Goikoetxea Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udal euskaltegiko bulegariak jakinarazi duenez. Oraingoz, aurrez aurrekoak du arrakasta handien, herenegun BERRIAri adierazi zionez —lehenengo matrikulazio eguna zuten—: «Kasualitatez, lau bat etorri dira gaur hona, eta laurak aurrez aurrekoan izena ematera. Telefono deiak ere jaso ditugu, gehienbat aurrez aurreko taldeetan sartzeko».

Hala IKAko nola AEK-ko euskaltegietako arduradunek ikusi dute jendea «gogoz» dagoela euskara ikasteari ekiteko. Uda izan dute termometroa: «Ekainaren amaieran, ikasturtea amaitzeko, klaseak modu presentzialean jasotzeko aukera izan zuten nahi izan zutenek, eta jende asko hurbildu zen», azaldu du Iribarrenek. Udako ikastaroetara ere jende anitz hurbildu zaie: «Igoera egon da toki batzuetan». IKAkoak ere esperantzaz dira udako erreferentzia hartuta, nahiz eta ez dakiten zer gertatuko den. «Matrikulazioa nola joango den momentu honetan baloratzea zaila da, baina udan jaitsiera handia espero genuen, eta ez dugu halakorik izan: antzeko talde kopurua osatu dugu». Iribarrenek ez du aurreikuspen zehatzik egin nahi matrikulazioari buruz, oraindik: «Ziurgabetasun honetan ezin dugu jakin zer gertatuko den, baina badakigu jende askorentzat euskarak toki garrantzitsua duela egunerokoan. Ez dakigu zein kopurutan».

Irakasle batek bik beste

Atzo aurkeztu zuen AEK-k euskaltegietako matrikulazio kanpaina, eta irakasleek duten balioan jarri zuen arreta koordinakundeak. Irakasle batek bik beste balio du leloa aukeratu dute aurten matrikulazio kanpainarako, hain zuzen. Iribarrenek azaldu duenez, izan ere, irakasleen «esperientzia eta eskarmentua» batetik, eta haien «pasioa eta gogoa» bertzetik, «txanpon beraren bi aldeak» dira, eta horri eman nahi izan diote garrantzia: «Irakasleak gai direlako ikasleak ikas prozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala». Euskaraz ikasi nahi duten ikasleek hilabeteko epea izanen dute euskaltegietan izena emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.