Beste epai bat hizkuntza klausulen kontra: ebatzi dute «inposizio bat» direla

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan du arlo publikoan ari diren enpresetako langileei ezin zaiela euskara eskatu administrazioarekin erlazionatzeko. Kontrako epaiak izan dira aurrez; halako mezurik ez

Administrazioan euskararen erabilera sustatzearen aldeko ikur bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Administrazioak jarritako hizkuntza irizpideen kontrako sententziak ugariak izan dira azken hilabeteotan, erakunde ugarik adierazi dute horien gaineko ardura, eta beste ale bat, horra: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak otsailean emandako epai batean ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola garraioarekin lotutako kontratazio baterako jarritako hizkuntza klausulak ez direla egokiak; sententzian jartzen du «inposizio bat» direla. Administrazioarekiko Auzietako Salaren 1. Atalak eman du epaia.

Ikusi gehiago: «Eragin handia izan dezake; UEMAn udalek euskaraz jarduten dute»

Aipatu arloko jarduerak egiteko administrazioak abiatutako lehiaketa baten baldintzekin ados ez zegoela-eta erabaki zuen enpresa batek prozesu judiziala abiatzea; hainbat tankeratako desadostasunak adierazi zituen, eta horietako bat lotuta zegoen, zehazki, hizkuntza eskakizunarekin; hain justu ere, Hezkuntza Sailak ezarri zuen kontratua aurrera eramateko hautatua zen enpresako langileek euskaraz jarduteko maila egokia izan beharko zuten, hartara administrazioarekin eduki beharreko harremanetan euskaraz aritu ahal izateko. Enpresa horretako buruei ez zitzaien egokia iruditu klausula hori, auzitara jo zuten, eta arrazoia eman diete.

Legelaria da Iñigo Urrutia, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, hizkuntza irizpideekin lotutako araubideetan aditua, eta sententzia honek aparteko berritasun bat dakarrela esan du. «Orain arte, enpresa kontratistei ezartzen zaizkien exekuzio baldintzei begira bakarrik jardun du justiziak: alegia, bezeroekiko harremanei buruzko auzietan». Hain justu ere, EAEko Justizia Auzitegiak emanak ditu zenbait ebazpen administrazioak hartzaileen artarako eskatutako hizkuntza irizpideen aurka. Kasu honetan, ordea, «administrazioaren eta enpresa kontratistaren arteko harremanak zer hizkuntzatan izaten diren arautzeko» ezarritako klausulen aurka egin du justiziak, lehenbiziko aldiz.

Euskarazko harremanak

Eta tankera horretako klausulak usu erabiltzen dira gaur egun, euskarazko funtzionamendua bermatze aldera. «Izan ere, harremanak izaten dira kontratuen jarraipenerako», azaldu du Urrutiak; adibidez, sarri administrazioetako ordezkariek bilerak-eta egin behar izaten dituzte zerbitzu publikoak ematen ari diren enpresetakoekin. Klausula horien bidez, harremanak euskaraz izatea «ohikoa» da gaur egun. Urrutiak adierazi duenez, ez da klausula horiek egokiak ote diren aztertu den lehen aldia, baina orain arte ez ziren inoiz ere atzera bota. «Lehen instantzian horiek zilegitzat jo dira inolako problemarik gabe». Baina otsailean ebatzitako epai hau argia da.

Horra zer dioen: «Areto honek aurrez ere esan izan du ezin zaiela inposatu enpresa pribatu bateko langileei, hizkuntza irizpideei dagokienez, langile publikoen errekerimendurik». Irizpide judizial horrek bidea malkartu dakieke euskaraz jardun nahi duten instituzio publikoei «barne funtzionamenduari begira», Urrutiak ohartarazi duenez: «Oztopo erantsi bat da». Berez, ordea, legeak badira funtzionatzeko era horren alde: EAEko Udal Legeak, esate baterako, klausula horien aldeko irizpideak ematen ditu «beren-beregi». Gogoratu du, halaber, badela Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bat hizkuntza klausulak «zilegitzat» hartzen dituena, eta kritikatu du horren aipamenik egin ez izana Hezkuntza Sailak ezarritako hizkuntza irizpideen aurkako epai honetan.

Argudio okerrak

Urrutiak adierazi du sententziak ematen dituen argudioak ez direla egokiak; izan ere, hizkuntza eskakizunak «langileei» eskatzen zaizkiela ondorioztatu dute sententzian. Hain justu ere, jartzen du hizkuntza klausula ez dela soilik kontratua lortzen duen enpresari «inposatzen» zaion zerbait: lantalde osoari egozten zaiola ondorioztatu dute, eta langileek, legez, «eskubide askatasuna» dutela administrazioarekin izango dituzten harremanetan hizkuntza hautatu ahal izateko.

Baina, Urrutiaren ustez, argudio hori okerra da. «Egia da norbanakooi dagokigula hizkuntza ofiziala aukeratzea; norbanakooi. Baina enpresak, behin kontratua irabazita, administrazioren hizkuntza arauen menpe jardun behar du, zerbitzu publiko baten kudeatzailea baita», nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko Sailak defendatu zituen Hezkuntza Sailak egindako kontratuko irizpideak auzitegian. Hango iturriek adierazi dute aztertzen ari direla helegitea jarri ala ez, horretarako tartea baitago oraindik ere. Zer egin erabaki bitartean, ez dute epaiari buruzko baloraziorik egin nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.