Jaurlaritzak azaroan aurkeztu zuen ikasleak onartzeko dekretua, datorren ikasturteko matrikulazioa arautze aldera. Hona irizpide nagusiak:
1. Tokien erreserba. Diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek derrigorrez gorde beharko dituzte toki batzuk ikasle zaurgarrientzat. Hezkuntza Sailak ezarriko du portzentajea, zaurgarritasun indizearen bidez: eragin eremu bakoitzean zenbateko zaurgarritasuna dagoen neurtuko du, eta zentro guztiek hurbildu beharko dute portzentaje horretara.
2. Zaurgarritasun indizea. Gurasoek matrikulatzean bete beharreko galdegetegi baten bidez zehaztuko du ISEIk indize hori, sendien gizarte eta hezkuntza egoera aztertuz. Ikasle zaurgarriak dira hezkuntza premia bereziren bat dutenak; bai garapenarekin lotuta, bai hizkuntzaren ezagutzarekin lotuta, bai gizarte egoera hauskorrekin lotuta. Eduardo Urbieta ISEIko zuzendariak azaldu du jatorri atzerritarreko ikasleak eta maila sozioekonomiko baxukoak pilatzen direla zentro batzuetan, eta ez bestelako premiak dituztenak.
3. Eskaintzaren plangintza. Ikastetxeek toki gutxiegi edo gehiegi eskaintzea eragotziko dute: beharrizanen arabera ezarriko dute ikasleen leku kopurua.
4. Zonifikazioa. Udalerri handietan —hiriburuetan izan ezik—eragin eremu bakarra izango da, eta ez eremu bat zentroko. Eragin eremu guztietan egon beharko da gutxienez eskola publiko bat.
5. Hurbiltasuneko eskolatzea. Zentroaren eta etxearen arteko gertutasuna lehenesteko, puntuazioak aldatuko dituzte baremazioan. Familiek nahi beste eskola hautatu ahalko dituzte, baina bizilekutik gertuen dutena aukeratzen badute, zazpi puntu eskuratuko dituzte; beste bat aukeratuta, bost puntu jasoko dituzte.
GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu