Zubietako erraustegiaren inguruko kutsadura gora doa. Hori erakutsi du ToxicoWatch Herbehereetako fundazioak burututako ikerketa batek, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eskatuta. Bereziki, Zubieta inguruan dauden oilotegietako arrautzetan agertu diren dioxina maila handiak nabarmendu dituzte, baita eremu horretako goroldioetan agertu diren substantzia horien kopuru handiak ere.
Ikusi gehiago:ToxicoWatchen azterketaren txostena
Ez da fundazio horrek erraustegiaren inguruko kutsadura aztertzen duen lehen aldia. Hain zuzen, 2019. urtetik hona hiru analisi egin ditu, eta horien bidez ikusi ahal izan du erraustegia martxan jarri eta gero ze bilakaera izan duten eremu horretan agertutako substantzia kutsatzaileek.
Azken azterketa horretako ondorioak aurkeztu zituen EAMek joan den astean, eta bereziki nabarmendu zuen goroldioan eta erraustegiaren inguruan haizeak nagusiki jotzen duen norabidean dauden oilotegietako arrautzetan agertu den dioxina maila handia, erraustegitik 3.600 metrora. Goroldioei dagokienez, dioxina maila hogei aldiz handitu da lehenenego analisia egin zenetik, eta arrautzetan ia laukoiztu egin da substantzia horien kopurua.
Horrez gain, PFAS izeneko substantziak ere aurkitu dira «biomatrizeetan, goroldioetan, arrautzetan eta sedimentuetan», txostenean ageri denez. EAMeko kideek adierazi dute «kezkagarria» dela substantzia horren presentzia, legean biltzen ez den arren: «PFASak zerbait oso berria dira, guk iaz analizatu genituen lehenbiziko aldiz. Legediak ez ditu kontenplatzen, baina zientifikoki oso kezka handia dago substantzia horiei buruz. Eta horien maila handiak detektatu ditugu erraustegien ingurunean, goroldioan, eta sedimentuetan».
Dioxinei dagokienez, Zubietako erraustegiko emaitzak beste herrialde batzuetako erraustegietan egindako ikerketetan ateratakoekin alderatu dituzte. Esaterako, Madrilgo eta Parisko plantekin. Horiek 20 urte baino gehiago daramate martxan, eta PCDD/F dioxinari dagokionez, 5,3 eta 3,80 pg-EQT (pikogramo baliokide toxiko) dituzte. Zubieta ireki zutenetik, ordea, bi urte baino ez dira pasatu, eta dioxina mota horretan 2,00 pg-EQT-ko kopurua azaleratu du azterketak. «Kutsatzaile permanenteak eta akumulatiboak direnez, urtero-urtero handituz joaten dira. Eta bi urte soilik daramatzanean horrelako emaitzak izatea oso kezkagarria da», adierazi dute EAMeko kideek.
Ikusi gehiago:ToxicoWatchen txostenak zehaztasun tekniko eta zientifikorik ez duela salatu du Gipuzkoako diputazioak
Txostenak gaineratzen du beharrezkoa dela erraustegitik gertu dagoen ur-lasterrean ikerketa gehiago egitea. Arkaitzerrekako ura aztertu du ToxicoWatchek, eta ondorio kezkagarriak atera ditu bertatik ere.
Izan ere, uda honetan kezka piztu du, hain zuzen, Arkaitzerrekako errekasto horrek. Ura marroi kolorekoa bilakatu zen uztailean, eta apar ilun bat ere isuri zen errekastoan behera. Usurbilgo Udalak eta EAMek hartutako laginak ikertu zituzten laborategian, eta kutsadura arrasto «kezkagarriak» topatu zituztela jakinarazi zuten. Kobrearen eta Nikelaren kontzentrazio handiak daudela erakutsi zuten, besteak beste, analisiek; bi osagai horien kantitatea ur edangarriak izan dezakeena halako bi eta halako lau zen. EAMek salatu zuen, segur aski, 2020ko maiatzetik erreka «erreta» zegoela: orduko hartan ere ehunka arrain hilda agertu ziren errekasto berean, eta auzi bat irekita dago delitu ekologikoagatik.
Oraingoan ere, analisiek diote errekastoko urak ez dituela edangarria izateko baldintzak betetzen: Nikelari dagokionez, laukoiztu egiten du oraingoan ere urak edangarria izateko izan behar duen kopurua. Urak 0,25 miligramo kloro izan behar ditu litro bakoitzeko, eta analisiek adierazi dute 487 miligramo dauzkala. Amonioak ere, esaterako, nabarmen gainditzen du langa: 0,608 izan beharko luke ur edangarriak; eta Arkaizerrekakoak 117 mg dauzka litroko.
Dioxina kopurua laukoiztu egin da Zubieta inguruko arrautzetan
Goroldioan hogei aldiz handitu da dioxina kopurua, 2019an egindako analisitik. ToxicoWatch Herbeheretako fundazioak egin du ikerketa, 2021. urteko laginekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu