«Lidergo kooperatiborako» deia

EH Bilduk Euskal Eredua agirian jaso du datozen urteetarako egitasmo politikoa. Haren diagnostikoa da «inertziak kudeatzen» ari direla baina «norabide berri bat» behar dela

Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendaria, indar subiranistak martxoaren 30ean Bilboko Euskaldunan egin zuen ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
EH Bilduk ekitaldi bat egin zuen martxoaren 30ean Bilboko Euskalduna jauregian, indar subiranistaren etorkizuneko ildo politikoa aurkezteko. Orain, txosten batean bildu eta garatu dute datozen urteetarako egitasmo hori, Euskal Eredua. Herri hobe baten alde izenburupean. Funtsean, «aro aldaketa bat» nabari du, eta datozen urteetarako «herri proiektu bat» eratzea da EH Bilduren xedea, premisa bat abiapuntu hartuta: «Erronka guzti-guztiek gure lurraldearen dimentsio eta ezaugarrien araberako konponbideak eskatzen dituzte». Horretarako, ordea, beharrezkotzat jo du «berrikuntza irekian oinarritutako gobernantza ereduak eta lidergo kooperatiboak» osatzea.

Lidergo horren ezaugarriak ere aletu dituzte dokumentuan: «Pertsonak, proiektuak eta erakundeak konektatzeko gaitasuna, zentzu berritzailea, esperimentatzeko ausardia, eraldaketa disruptiboak bultzatzeko anbizioa, eta asoziazionismoa eta auzolana sustatzeko grina».

Lidergoez aparte, «konponbide eta gehiengo berriak» ere proposatu ditu indar subiranistak. Izan ere, kritikoa da egungo kudeaketa ereduarekin: «Azken hamarkadetan, globalizazio neoliberalaren korronteak eraman gaitzan utzi dugu». «Inertziak kudeatu» dira, baina ez da «gihar estrategikorik» egon «joerak definitzeko». Alde horretatik, «epe motzeko etekinak lehenesteko dinamika bat» nagusitu da, eta eredu horrek agorpen zantzuak ditu, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariaren esanetan: «Gauzen egoeran surfean aritzea izan da bidea, baina, olatua apurtu denean, ez dugu nahikoa egiturarik».

Horren adibideak ere aipatu dituzte txostenean: gasaren sektorea lehenestea «energia berriztagarrien garapenaren kaltetan», aurrezki kutxak banku bihurtzea, industria sarea «atzerriko kapitalaren esku utzi duen» politikak garatu izana edota, kasu «paradigmatiko» bat aipatuta, Euskaltelen kasua: «Banda zabaleko azpiegitura publikoari uko egin diogu [...]. Azpiegitura publiko estrategiko horren gainean ez dugu inolako kontrol publiko eta sozialik».

Hori ikusita, EH Bilduk uste du «norabide berri bat» hartzea beharrezkoa dela eta badela «euskal eredu» bat, «idiosinkrasia» bat: «Eraikuntza sozialerako gaitasun komunitario bat egon da», dio Otxandianok, baina, haren arabera, hainbat familia politikok utzi egin behar diote «iraganaren errentagarritasun partidista» ateratzeari: «Aitortu beharra dago XX. mendearen bigarren erdialdean abiatutako eraldaketa prozesu hori lidergo ugariren bidezko talde lana izan zela, eta herri honetako tradizio politikook protagonismo partekatua izan genuela».

Are, EH Bilduren diagnostikoak dioenez, Euskal Herria «eraikuntza nazionaleko prozesu baten bidez» iritsi da bizirik XXI. mendera, «eta prozesu hori sistema instituzionalaren eragintzan zein autoantolaketa komunitarioan eta bultzada sozialean oinarritu da».

Burujabetza «estrategikoa»

Eredu hori, ordea, «iraganeko errentetatik» bizi eta «inertziak kudeatzen» ari dela jaso dute txostenean, baina, aurrera begiratzeko, bost erronka definitu dituzte. Batetik, «subiranotasun estrategikoa» indartzea: «Ahalik eta buruaskitasun handiena izatea funtsezko prozesu sozioekonomikoetan, fenomeno globalen aurrean erresilientzia izateko». Bestetik, «ongizate egiturak» eraldatzea, besteak beste, «osasun sistema publikoa bermatuz», gizarte zerbitzuak zaintza sistema «publiko komunitario» baterantz eraldatuz eta enplegu politikak «birdiseinatuz».

Era berean, beharrezko jo du «ezagutza sistemak berritzea» eta «identitate komunitarioa» indartzea, tartean «euskal komunikazio esparru» bat artikulatuta. Azkenik, «segurtasun eredu propioa» garatu nahi du EH Bilduk, iritzita «ongizatea eta egonkortasuna mehatxatu dezaketen faktoreak ugariak» izango direla datozen urteetan. Otxandianok erronka nagusi horiei erantzuteko testuinguruan kokatu du, besteak beste, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntzaren alorrean eginiko hitzarmena.

EH Bildu eragile politikoekiko itunez harago mintzo da dokumentuan, eta zehaztu du agirian jasotakoak ez diola erantzuten «estrategia elektoralista bati». Areago, ezker independentistak nabarmendu du, «gobernatzeko asmo legitimoa» izateaz eta jardun politikoan oposizio lana egiteaz harago, bere «gaitasun politikoa nazio mailako elkarrizketa sakon bat bultzatzera» bideratuko duela: «Bizi dugun ziurgabetasun testuinguru honetan, Euskal Herriaren indartze komunitarioa izango da gure ongizatearen berme nagusia, eta horrek lidergo partekatuak sortzeko eta gaitasun handiko jendartea ehuntzen laguntzeko instituzionaltasun berriak eskatzen ditu».

Garaiaren diagnostiko hori jada beste eragile batzuekin partekatzen hasia da EH Bildu, eta, Otxandianoren hitzetan, «sintonia» nabari dute. Zeregin horretan jarraitzekoak dira aurrerantzean, eta identifikatutako bost erronka nagusiei lotutako proposamen sektorialak ere datozen hilabeteetan garatuko dituzte. «Herri honen arazoekin erantzukidetasunez jokatzeko prest gaude», dio Otxandianok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.