2030erako gas emisioak %55 murrizteko legea onartu dute Nafarroan

Aho batez aurrera atera da parlamentuan Klima Aldaketaren Legea. Itziar Gomez Ingurumen kontseilariak esan du «funtsezkoa» izango dela klima larrialdiari eta krisi energetikoari aurre egiteko

Itziar Gomez, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, atzo, Maria Txibiterekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan ez dira ohikoak erabateko adostasuna lortzen duten bozketak: 50 boto alde, eta bat bera ere ez kontra. Atzo, sei taldeetako parlamentariek txalo artean ospatu zuten Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu izana. Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak azpimarratu zuen garai egokian datorrela, orain «klima larrialdiari krisi energetikoa gehitzen zaiolako». Horregatik, «funtsezkotzat jo zuen erronka handi horiei aurre egiteko tresna bat izatea». Legeak helburu zehatzak jarri dizkio Nafarroari: 1990eko mailarekin alderatuta, 2030erako gas isuriak %55 murriztu behar dituzte enpresek, administrazio publikoek eta herritarrek, oro har.

Legealdi hasieratik, bi urte eta erdi behar izan dituzte Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea lantzeko. Lehenik, gobernu barruan, departamentuen artean; gero, gizarte taldeen ekarpenak biltzeko prozesua ireki zen; ostean, gobernuak lege proiektua onartu eta parlamentura igorri zuen irailean. Legebiltzarrean, 50 eragile eta ingurumen eta energia arloko aditu pasatu ziren batzordetik. Azkenik, abendutik hamahiru bilkura izan dituzte taldeek, eta eztabaida bizia izan dute beren artean: zehazki, 340 zuzenketa proposatu dira, eta horietatik 110 onartu. Atzoko osoko bilkuran, ahozko beste 11 zuzenketa onartu ziren, herenegun EH Bildurekin akordioa lortu ondotik.

Parte-hartze prozesu osoa eta ekarpen guztiak gogoan, Itziar Gomez kontseilariak nabarmendu zuen «helburu anbiziotsuak» dituela eta «lege handia» dela. EH Bilduko Adolfo Araizek azaldu zuen batzordeetan onartutako 110 zuzenketetatik 72 EH Bildurenak direla: «Gure ekarpenek lorratz sakona utzi dute, ez guk onartuko genukeen legearen parekoa, baina, gure proposamenik gabe, lege honek ez zuen anbiziorik». Navarra Sumak kritikatu zuen «argi-ilunak» dituela, eta falta diren elementuen artean aipatu zituen azpiegitura industrialen aldeko apusturik ez dagoela eta tentsio handiko eta txikiko argindar sareen bultzada falta dela. Ezkerrako Marisa de Simonek aipatu zuen abstenitzeko asmoa zuela azken ordura arte, baina herenegungo akordioaren ondorioz botoaren zentzua aldatu zuela.

Legeak, orotara, 94 artikulu eta 11 xedapen gehigarri ditu. Neurri nagusien artean honako hauek azpimarra daitezke:

MUGIKORTASUNA

Auto elektrikoen aldeko apustua egiten du legeak. Hala, garraio publikoa sustatzeko eta mugikortasun pribatua mugatzeko neurriak hartuko dira. 5.000 biztanletik gorako hiriek eta herriek mugikortasunari buruzko planak garatu beharko dituzte. Hiru urteren buruan, enpresek eta erakundeek ere gauza bera egin beharko dute. Urtebete barru, administrazio publikoek erosi beharreko ibilgailuak emisiorik gabekoak izango dira.

Garraio kolektiboan, ibilgailu elektrikoa bultzatuko da. Taxien kasuan, Iruñean ordezkatutako baimen berriak lortzen dituzten ibilgailuak elektrikoak izango dira 2022tik aurrera, eta gainerako herrietan derrigorrezkoa izango da betebehar hori 2030etik aurrera. Kamioien kasuan, eskumenen barruan, ibilgailuen ordezkatzea bultzatuko du gobernuak.

ETXEBIZITZAK

Baldintzak ezartzen ditu etxebizitzen sistema termikoei buruz. Adibidez, 2027tik aurrera debekatuta egongo da gasolioz hornitzea, gas naturala hodi bidez banatzeko sistema duten herrietako eraikinetan. Halaber, 2027ko ekainetik energia berriztagarrietan oinarritutako berokuntzako edo ur bero sanitarioko sistemak ezarri beharko dituzte eraikinek. Toki irekietan aire girotuko sistemak soilik baimenduko dira baldin eta energia kontsumoa autokontsumo bidezkoa bada edo energia berriztagarri bidezko argindar hornidura ziurtatua badu.

Eraikin oro izan bizitoki, enpresa edo saltoki eraikitzean edo zaharberritzean, plaka fotovoltaikoak ezarri beharko ditu, baldin eta bere sabaia 500 metro koadrokoa bada: plakek gutxienez teilatuaren %35 hartuko dute. 2030erako, egungo eraikinek plaka fotovoltaikoak jarri beharko dituzte baldin eta gutxienez 4.000 metro koadroko azalera badute eraikia; eta 2040rako, 2.000 metro koadrotik gorako eraikinek. Gainera, 2025erako eraikin orok eduki beharko du kalifikazio energetikoko ziurtagiria, eta ordurako gobernuak plan bat egin beharko du etxebizitzen zaharberritzeari buruz.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Legeak energia berriztagarriak sustatuko ditu. Eguzki energiaren kasuan, urte batean buruan, Nafarroako Gobernuak lurraldeko mapa bat osatu beharko du zehazteko zer zoru dauden baimenduta eguzki parkeak ezartzeko, zer zorutan baimen daitezkeen eta zer zorutan egongo diren erabat debekatuta. Antzeko zerbait egingo da energia eolikoarekin. Gobernuak energia planaren bidez zehaztuko ditu zeintzuk diren haize parkeak jartzeko lehentasunezko eta erreserbako eremuak. Halaber, beste energia iturri alternatiboak sustatzeko neurriak eta baldintzak jartzen ditu: biomasa bidezko instalazio termikoak, gas berriztagarri eta erregai alternatiboak, sorkuntza berriztagarrirako proiektuak...

FINANTZAKETA

Alde batetik, ingurumen arloko zerga neurriak jasoko dituen lege proiektua garatuko du Ekonomia eta Ogasun Departamenduak bi urteren buruan. Fiskalitatean aditu diren pertsonekin batera, ingurumen eta energia arloko adituek parte hartuko dute lanketa horretan. Beste aldetik, Nafarroako Parlamentua behartuta egongo da bost urtean behin karbono aurrekontuak onestera: bertan zainduko da isurketak murrizteko helburuen bilakaera, bereiziz zein zati dagokien isurketa eskubideen merkataritza sistemako sektoreei eta zein sistema horretatik kanpo diren sektoreei.

GOBERNANTZA

Batetik, urtebetean Energia Trantsiziorako Agentzia sortuko da, eta energia arloko eskumenak izango ditu. Bestetik, Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizio Politikarako Gizarte Kontseilua sortuko da: ordezkaritza zabala izango du, inplikatutako sektore publiko eta pribatu guztietako kideekin. Gobernuak Klima Aldaketaren Bulegoa sortuko du araudiak garatu eta berotegi efektuaren ondorioak neurtzeko. Azkenik, Klima Aldaketaren Herri Batzarra osatuko da, gobernuaren plangintza eta neurrietan herritarren parte hartzea egituratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.