Migrazioa eta euskara: zioak eta pertzepzioak

Etorkinek euskararekin duten harremanaz aritu dira Uranga eta Aierdi 'Migrazioak eta harrera linguistikoa' jardunaldian. Hizkuntza politika berezituak eta ikasketaren formalizazioa aldarrikatu dituzte

Xabier Aierdi soziologoa eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kidea, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Jatorri atzerritarreko biztanleen hizkuntza aniztasunaren eta euskararen arteko interakzioa aztertu zuten atzo Xabier Aierdi soziologoak eta Belen Uranga Soziolinguista Klusterreko ikertzaileak, Iruñean egindako Migrazioak eta harrera linguistikoa jardunaldiaren barruko bigarren saioan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako migrazio datuak lekuan lekuko hizkuntza errealitatearekin erkatu zituen Aierdik. Immigranteen profilaz aritu zen lehenik, eta atzerritik iritsitakoen gehiengoak 18 edo 20 urtetik gorakoak direla zehaztu zuen. «Arazo garrantzitsu bat» agerian uzten du horrek, soziologoaren arabera: «Ez direla pasatuko gure hezkuntza sistematik».

Migrazioaren eta euskararen artean nork duen «hertsadura» eragiteko gaitasuna, hori interesatzen zaiola nabarmendu zuen Aierdik: «Euskarak lortuko duen migrazioan eragitea ala migrazioak baldintzatuko duen euskara». Bilbo eta Gasteizko adibideak nabarmendu zituen. Bizkaiko hiriburuan, esaterako, immigrante nahiz euskaldun kontzentrazioa handia dela azaldu zuen, baina, era berean, harreman humanoetan «erakargarritasuna» eskasagoa dela. Kontrako adibidetzat aurkeztu zituen Tolosaldea, Urola eta Buruntza eskualdeak, besteak beste. Migratzaile bakoitzeko dagoen euskaldun kopuruak baldintzatzen du erakargarritasuna eta eragiteko gaitasuna, haren esanetan, eta euskarak «presentzia fisikoa eta soziala» dituen lekuetan euskara «eredugarria, deigarria eta erakargarria» izan daitekeela adierazi zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan proportzio horren zenbatekoa ere eman zuen: migratzaile bakoitzeko 3,5 euskaldun daude. Aldea, hala ere, datozen urteetan txikitu egingo dela aurreratu zuen, bere hipotesietan oinarrituta.

Hizkuntza politika «berezituak» eskatu zituen Aierdik, gune geografikoaren, jatorri atzerritarreko biztanleen profilen eta horien kontzentrazioaren arabera; esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio arren atzerritartzat hartutako biztanleentzat. Soziologoaren arabera, 20.000 lagun dira horiek. «Hezkuntza sisteman daude hasiera-hasieratik. Gutxienez planteatu beharko dugu biztanleria horrentzako politika propio bat, eta, gero, ikusi beharko da gainerakoetan zer egin».

Migratzaileen kapitalaz ere hitz egin zuen; ez soilik ekonomikoaz, baita kulturalaz eta sozialaz ere. Guztiak ere euskararekiko harremana goitik behera determinatzen duten faktoreak, soziologoaren ustetan. Kapital mota horietan duten posizioa aztertuta, hiru kasuetan migrazioak kapital «eskasa» edo «oso eskasa» duela azaldu zuen, eta, horri lotuta, migratzaileek euskarara hurbiltzeko «aukera gutxi» dutela ondorioztatu. Lau gizatalde bereizi zituen: goi klase bat, «euskararekin inolako loturarik ez daukana edo zertan izan ez duena»; «hiri klase ikasi bat», euskarara hurbildu eta seme-alabak D eredura eraman dituztenez osatua, besteak beste; «euskaldungoa» deitu ziona, jatorriz edo ikasita euskara dakitenez osatua, «ekonomikoki oso ondo posizionatuta dagoena» eta «kapital kultural» handikoa; eta behe klase bat, euskara behar duena «mugikortasuna bermatzeko». Azken multzo horretan kokatu zituen immigranteak.

Sailkapen horretan azaleratzen diren arazoei loturiko korronte batez ere aritu zen, «etsaigo intelektuala» izendatu zuena: «Badago korronte bat oso zabaldua esaten duena eskubideak ez dituztela hizkuntzek, pertsonek baizik». Horren atzean «filosofia politiko estatal inplizitu bat» antzematen du Aierdik.

Halako diskurtsoei bidea mozteko hainbat eztabaidari heltzeko beharra planteatu zuen, «errealitate paraleloetan bizi ez gaitezen»; besteak beste, D ereduaren ingurukoa, Euskararen Legeari buruzkoa eta hizkuntz eskakizunena aipatu zituen.

Portaera aldakorrak

Azterketa kualitatibo bat aurkeztu zuen, bestalde, Urangak, Gipuzkoako etorkinek hizkuntzen arloan dituzten jarreren ingurukoa. Besteak beste, banakako elkarrizketak egin zizkieten lurraldean bizi diren zenbait immigranteri, haien pertzepzioa ezagutzeko.

Bertako hizkuntzekin duten harremanari dagokionez, «sozializazio prozesuaren» garrantzia aipatu zuen Urangak. Testigantzak eman dituztenek, oro har, prozesu horren balorazio «positiboa» dutela azaldu zuen, baina, «lehen hurbilketatik» harago, harremanetarako zailtasunak izan dituztela ohartarazi zuen: «Lagunak egiteko zailtasun oso handiak dituzte. Frustrazioa adierazten dute».

Jatorriko hizkuntzaren arabera immigranteen hizkuntzekiko portaera aldakorra dela ondorioztatu du ikerketak. Esaterako, azpimarratu du jatorri atzerritarreko biztanleen erdientzat gaztelera hizkuntza ofiziala dela haien jatorrizko herrialdeetan, eta, horrez gain, gehienak elebakarrak direla. Gisa horretako faktoreek «bertako hizkuntzekiko harremana markatzen» dutela esan zuen Urangak.

Euskararekiko zer pertzepzio duten ere azaldu zuten ikerketan galdekatutakoek. Askok euskarari «aparteko balio sinbolikoa»ematen diotela esan zuen Urangak, eta euskara ikastea «gustatuko litzaiekeela» gehienei. Dena den, gaztelania funtzionalagotzat daukatela agerian utzi zuten emaitzek. Lekukotza eman zutenetako batzuek onartu zuten euskaraz ez hitz egiteak ez diela «inolako arazorik» eragin. Aldiz, gaztelaniaren beharrezkotasuna sarritan antzematen dutela azaldu zuen klusterreko kideak. Adibidez, erakundeekiko harremanetan: «Lege estatusari lotutako erakunde ofizialekin ezinbestekoa da, eta kontuan izan behar dugu pertsona hauek, normalean, hori beharrezkoa dutela».

Euskararen ikasketa prozesuak «formalizatu» eta «erraztu» beharra aipatu zuen Urangak, ikerketaren ondorioen artean. Euskarari lotutako pertzepzioari dagokionez, berriz, «balio afektibotik beharrezkotasunera» igaro beharra defendatu zuen. «Adinaren araberako praktika berezituak» zehaztea eta «hizkuntza politikak ondo azaldu eta praktika zehatzak adostea» ere aipatu zituen egin beharrekoen artean.

Migrazioaren eta harrera linguistikoaren gaiari ertz gehiago ere topatu zizkioten klusterrak antolatutako egun osoko jardunaldian. Hezkuntzaren perspektibatik aritu ziren, esaterako, Amelia Barquin Huheziko irakaslea eta Biotza Piko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko kidea. Kataluniako egoera linguistikoaren eta migrazioaren arteko harremanaz aritu zen, bestalde, Eunice Romero Generalitateko Migrazio, Babes eta Antirrazismo zuzendaria. Aurrera begirako erronkak eta proposamenak aletuz amaitu zuten eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.