Katearen beste katebegi bat

Udal Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrera eramateko erabakiak kezka eta haserrea eragin ditu euskalgintzan: «euskararen kontrako erasotzat» dute.

Euskararen aldeko agerraldi bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Udal Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bidaltzeko erabakiak ez ditu euskalgintzako eragileak ezustean hartu; Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan,«aurreikustekoa» zen EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki hori hartuko zuela, uztailean egindako adierazpenek hori iradokitzen zutelako. Baina horrek ez dio larritasunik kentzen gertatutakoari: «Orduan ohartarazi genuen euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoi hori berriz ere agerian geratzen zela», esan du. Kontseiluaren ustez, «kate horren beste katebegi bat» da oraingoa.

Administrazioarekiko Auzien Salak hartu du erabakia, «Irungo hizkuntz eskakizunen afera kudeatu zuen areto berak», Bilbaok gogorarazi duenez. «Badakigu sala horretan nolako joerak eta jarrerak dauden hizkuntza gutxituen aferan. Beraz, erabakiak ez gaitu harritu».

Auziaren ingurukoak «harrigarriak» begitantzen zaizkio Iñigo Urrutia legelari eta EHUko irakasleari: «Adibidez, Voxen legitimazioa onartu izana. Alderdi horrek ez du zinegotzi bakar bat ere Euskal Herriko udalerrietan». Izan ere, Voxek jarritako helegite batek ekarri du auzi guztia. EAEko Auzitegi Nagusiaren salak bere erabakia arrazoitzeko plazaratutako idazkia ere deigarria iruditzen zaio Urrutiari: «Errezeloz betetako ikuspegi bat islatzen du. Lege batek jaso ditu euskararen aldeko sustapen neurri batzuk, eta epaileei dagokie lege hori interpretatzea, baina legea bete behar dute. Hemen, berriz, badirudi ez daudela legearekin konforme, eta horren aurka egin nahi dutela».

Urrutiak dioenez, idazkiak erabilitako esapide batzuek «zama ideologiko handia» erakusten dute: «Pasarte batean esaten da euskarari neurriz kanpoko supremazia eman nahi diotela. Nik ez dakit epailea nor den Eusko Legebiltzarraren egitasmo bat horrela baloratzeko. Autoa gehiegikeriaz beteta dago».

Urrutiaren esanetan, autoak ez du aintzat hartzen Tokiko Erakundeen Antolamendu eta Funtzionamendurako Araudia, ezta Auzitegi Konstituzionalak Euskararen Legearen inguruan plazaratutako 82/1986 ebazpena ere. «Azken horretan euskaraz funtzionatzeko hautua babesten da Udal Legearen artikuluan jasotzen diren termino ia-ia berdinetan», azaldu du.

Hizkuntzen «berdintasuna»

Idazkian hainbat aldiz aipatzen da gaztelaniak eta euskarak «orekan» bizi behar dutela eta bi hizkuntzen arteko «berdintasuna» bermatu behar dela: EAEko Auzitegi Nagusiaren salaren aburuz, «berdintasun» hori apurtuko litzateke euskaraz funtzionatuz gero. «Nik neuk pozik sinatuko nuke epaileek ebatziko balute legez hizkuntzen arteko berdintasuna egon behar duela», esan du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanok. «Baina hau euskaraz funtzionatzearen kontrako erasoa da; ez zaie axola hizkuntzen berdintasuna, euskararen biziberritzea, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa eta abar, erdararen nagusitasunari eustea baizik».

Bilbaok ere hori nabarmendu du, eta berdintasunaren inguruko arrazoibide horretan «kontraesanak» daudela uste du: «Etengabe esaten da bi hizkuntza ofizialek balio bera dutela eta ezin dela bata bestearen gainean egon, baina handik gutxira gogorarazten digute Konstituzioaren arabera gaztelania dela derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntza bakarra. Orduan, non gelditzen da bi hizkuntzen arteko ustezko berdintasun hori?».

Aferak soka luzea du. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izan zen garaian, 2012tik 2016ra, sistematikoki jo zuen auzitara aktak euskaraz bidaltzen zizkioten udalerrien aurka. Berastegi (Gipuzkoa) izan zen udal horietako bat; Amaia Azkue Eizagirre 2015etik da hango alkate, eta aurretik ere zinegotzia izan zen, Urkijok udala salatu zuenean: «Guk euskaraz funtzionatzen genuen, eta dena bi hizkuntzatan idatzi behar izatea ez zetorren bat gure errealitatearekin. Herritar gehien-gehienek ez dute horrelakorik behar».

Kasu horretan, epaia udalerri euskaldunen aldekoa izan zen: «Orain segitzen dugu euskaraz funtzionatzen, eta herritarren batek erdaraz eskatuz gero, eskaera betetzen dugu. Orain berriro gaia azaleratzeak erakusten du auzi politikoa dela: herri gisa onartzen ez gaituztenek zapalkuntza horretan jarraitu nahi dute».

Zaila da etorkizunak zer ekarriko duen igartzea. Bilbaok argi dauka «modu bateratuan» erantzun behar dela, «euskalgintza, erakundeak eta eragileak batera, eta gure desadostasuna irmoki agertuz». Urrutiak uste du Konstituzionalaren osaketak ez duela itxaropenerako zirrikitu askorik uzten, baina Lazkano baikorra da: «Epaia edozein izanda ere, euskaraz funtzionatu nahi dugun udalerriok bilatuko ditugu bideak horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.