Behartutako desagertzeen biktimentzat «egia» eskatu dute

Abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da 2011z geroztik. Foro Sozialak azpimarratu du giza eskubideen urraketa larrien biktima direla

Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da. Orain dela lau urte bere agendan txertatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak, eta atzo prentsaurreko baten bidez eguna baliatu zuen bortxaz desagertutako biktimak gogoratzeko. Tasio Arrizabalagak eta Nekane Altzelaik aldarrikatu zuten behartutako desagertzeak «giza eskubideen urraketa larriak» direla, eta «egia» eskatu zuten biktimentzat eta euren senideentzat. Foro Sozialak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian gutxienez hamalau lagun desagerrarazi dituzte, eta haietako zazpi desagertuta daude oraindik.

Argitu gabeko desagertzeei dagokienez, zazpi zenbatu ditu Foro Sozialak. Horien artean ezagunenak dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur (1976an desagertua) eta Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra (1980an). Horiez gainera, Coruñako (Galizia) hiru gazteren auzia ere jaso dute: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga Donibane Lohizunen (Lapurdi) desagertu ziren, 1973an. Dokumentatutako beste bi biktimak Tomas Hernandez eta Jean Louis Larre dira; 1979an eta 1983an desagertu ziren, hurrenez hurren.

Geroago aurkitu diren biktimen zerrendan ere zazpi dira. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren, Mikel Zabalzaren eta Jon Anzaren kasuak dira ezagunenak. Bernardo Bidaola Txirrita-ren desagertzea ere jaso dute, 1976koa. Espainiako bi polizia ere ageri dira: Jesus Martinez eta Jesus Maria Gonzalez 1976an desagertu ziren.

Egiaren premia

Foro Sozialak nabarmendu du halako desagertzeak «terrorea eragiteko estrategia bat» ere izan zirela: «Segurtasunik eza ez da mugatzen desagertutako pertsonaren hurbileko ahaideengana, bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio». Senideen oinazea ere gogorarazi du: «Senitartekoa non dagoen ez jakiteak sortzen duten mina eta sufrimendua izugarriak dira, eta sendatzen oso zailak». Biktimen familiei egia jakiteko eskubidea zor zaiela uste du Foro Sozialak. «Euskal jendarte osoaren ardura da».

Arrizabalagak eta Altzelaik oroitarazi dute bi premisak gidatzen dutela beren lana: biktima guztiek dutela «egia eta justiziarako eskubidea», eta «urraketa berak maila berean» aitortu behar direla. «Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko urrats garrantzitsuak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.