Eragile sozioekonomikoekin euskara aktibatzera deitu dute

Abian da Udaltop, udaletako euskara zerbitzuen topaketa; gaur izango da azken eguna. Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko bideak jorratu dituzte

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, atzo, Udaltop jardunaldietan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketei hasiera eman zieten atzo; aurten, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak ematea izango dute xede, eta bide horretan udalek zer eta nola egin dezaketen aztertuko da. Siadeco ikerketa elkarteko Juanjo Allurek proposamen bat egin zuen udalek eremu sozioekonomikoan eragitekoplan bat diseinatzerakoan erabil ditzaketen irizpideen eta kontuan hartu beharreko alderdien inguruan. Bi irizpide finkatu zituen: zer den beharrezkoena, eta, aldi berean, eraginkorrena; eta horiek aplikatuz, lehentasun batzuk zehaztu zituen.

Zazpi normalizazio ekintza zerrendatu zituen: euskaraz zerbitzatu daitekeenean euskararen ahozko eskaera aktibatzea; zerbitzua euskaraz emateko laguntzak behar dituztenei baliabideak eskaintzea; gizarte mailako aktibazio soziala bultzatzea; langile euskaldunak lana euskaraz egiteko ahalduntzea, lana euskaraz egiteko baldintzak sortzea; paisaia linguistikoan, ingurune digitalean eta teknologia berrietan eragitea; bezeroekin jendaurrean lan egiten duten langileen hizkuntza trebakuntza bultzatzea; eta, arnasguneetan, herritarrengan eragin linguistiko handia duten zerbitzuetan euskara erabili ahal izateko irtenbideak aurkitzea.

«Hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, euskarak lan munduan behar duena da lana euskaraz egiteko motibazioa. Horretarako, sentsibilizazio kanpainak ongi daude. Baina bide eraginkorragoa da eragile sozioekonomikoekin zuzenean egin beharreko lana», adierazi zuen Allurrek.

Haren arabera, plangintza batek aurrez egindako diagnostiko batean oinarritu behar du. «Udal bakoitzak eta tokiko eragile bakoitzak aztertu behar du zer den beretzat beharrezkoena eta eraginkorrena». Edonola ere, udalak plan bat diseinatzeko orduan jaso beharreko egitekoen proposamen bat egin zuen, lau bloketan banatuta: udalerriz gaindiko egitasmoetan parte hartzea, sozioekonomia alorreko eragileekin elkarlana izatea, aurreproiektua fintzea, eta, azkenik, plana idaztea.

Jaurlaritzaren plana

Jardunaldiak zabaltzeko, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak hartu zuen hitza, Jaurlaritzak abiatutako Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Planaren inguruan aritzeko; 2020-2023 epea du ezarria planak, eta haren xede nagusia da euskara lan munduan sustatzea. Dobaranen arabera, beharrezkoa da «elkarrekin eragitea», eta horretarako adostasuna lortzea. Planak zenbait helburu zehatz eta neurgarri ditu, lau arlotan: euskararen ezagutzan, erabileran, hizkuntza eskubideetan, eta enpresen eta bezeroen aktibazioan. Allurrek esan zuen udalek ere apustu instituzional bat egitea eskatzen duela Jaurlaritzaren planak. «Eragile askoren beharra aurreikusten du. Plan honek euskara adarreko eragileak behar ditu, baina baita herri administrazioetan lan egiten duten ekonomiaren adarreko eragileak ere».

Dobaranek adierazi zuen beharra zegoela «jauzi kualitatiboa» egiteko, eta azpimarratu orain zailena dela planaren egitekoak koordinatzea, eta adostea nola zabalduko den hori. «Beste pauso bat eman beharra dago. Eskualdez eskualde edo herriz herri ibili beharrean, goazen denok elkarrekin, eta amestu dezagun gauza bat: egin dezagun urratsa Euskal Herri osoan».

Dobaranen arabera, aberasgarria izan da plana hemengo «mapan kokatzea»; hau da, zehaztea zer egin daitekeen ingurune soziolinguistiko ezberdinetan. Bi eskualde multzo daude zehaztuta, eta adierazi zuen adostu behar dela nola eragin elkarrekin, esaterako, zerbitzu hizkuntzari edo lan hizkuntzari dagokionez. «Ordenatu behar dugu erakunde bakoitzak zer jarri behar duen, enpresa bakoitzari zer eskatuko zaion».

Aipatu zuen euskara lan munduan sustatzeko oztopoak daudela, baina baita aukerak ere. «Enpresen munduan oso sistematizatuta dagoen kontu bat da, eta euskararen normaltasuna lortzeko eta hizkuntza kudeaketa hori barneratzeko diskurtsoak lantzen aritu behar dugu». Horiek zonaren eta ingurune soziolinguistikoaren arabera egokitu behar direla azaldu zuen. «Baliabideak jarri behar dira». Eta bota zuen erronka bat: Euskal Herri osoan marka bera izatea, «non herritarrak jakingo duen euskaraz ziurtatua izango duela arreta».

Allurren irudiko ere, diskurtsoak findu beharra dago, eta horren inguruan gogoeta egin, «diskurtso berak ez duelako balio eragile sozioekonomiko guztientzat». Esan zuen euskarak tokia egin behar duela enpresaren irudian eta lehiakortasunean.

Dobaranek gogoratu zuenez, udalek dute euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eskumena, baina, haren ustez, garrantzitsua da adostea bakoitza zertan ibiliko den eta zer egingo duten elkarrekin. Udalek egin duten bidea ezinbestekoa dela dio, eta adierazi beste pauso batzuk emateko garaia dela, elkarlanean. Komunikazio kanpaina «indartsu» bat pilotatzen ari direla ere ziurtatu zuen sailburuordeak: Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.