Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Pobreen hizkuntzak

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zein da Euskal Herriko pobreen hizkuntza? Zein hizkuntzatan ari dira, oro har, Euskal Herrian bizi diren pobreak? Pobrezian bizitzeko arrisku bera al dute euskal eta erdal hiztunek Euskal Herrian? Gutxi badira ere, badira galdera horiei erantzuteko datu estatistikoak, batez ere Gipuzkoari dagokionez. Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterketari buruzko Inkestaren arabera, argi dago pobrezia egoeren eta hizkuntza ezagupenaren arteko lotura: ama hizkuntza euskara dutenen artean pobrezia tasa %8koa da; gaztelera dutenen artean, %16koa, eta beste hizkuntza bat dutenen artean, %58koa.

Beste ikuspegi batetik begiratuta, euskara edo euskara eta gaztelera ama hizkuntza dutenak gipuzkoarren %40 dira, baina bazterketa larrian bizi direnen %11 soilik. Eta, inkesta horren arabera ere, zenbat eta gorago joan errentaren banaketaren eskalan, orduan eta handiagoa euskal hiztunen proportzioa. Antzekoa gertatzen da ikasketa mailarekin: Euskadin populazioaren %43 omen da euskaraz hitz egiteko gai, baina %8,7 bakarrik ikasketarik ez dutenen artean. Harreman hori lurralde mailan ere gertatzen da, bai Gipuzkoan eta bai Euskadi osoan: zenbat eta errenta maila handiagoa herri batean, orduan eta euskara ezagupen maila handiagoa, eta alderantziz. Harreman kausalik ez badago ere, euskararen ezagupena eta errenta maila batera doaz: bata altua denean, bestea ere altua da, oro har.

Berriak ez badira ere, ezta ere ustekabekoak, datu horiek berebiziko garrantzia dute euskaren etorkizunerako. Alde batetik, irudi honek Euskal Herriaren —eta, batez ere, Gipuzkoaren— izaera diglosikoa zalantzan jartzen du. Egia bada ere gaztelerak eta euskarak ez dutela prestigio bera, eta ez direla erregistro formaletan era berean erabiltzen, argi dago oreka hori aldatu egin dela azken hamarkadetan, hainbat lekutan guztiz itzuli arte. Pobreziaren eta erdararen erabileraren artean dagoen lotura hori kontuan hartu beharko genuke ustezko diglosia hori berrikusteko orduan.

Bigarren hausnarketa datu horien atzean antzeman daitezkeen dinamikei buruzkoa da: zaila da pentsatzea euskararen ezagupena bera denik pobrezia edo bazterketarekin lotzen den elementua. Euskara ezagutzeak ate batzuk ireki ditzakeen arren, datu horien atzean dagoena ez da hainbeste euskara jakitea ala ez, baizik eta, neurri handi batean, norberaren familiaren jatorria. Eta, hor ere, datuak argiak dira: Euskadin jaiotakoen artean pobrezia tasa %10ekoa bada, estatuan jaiotakoen artean ,%16koa, eta beste herrialdeetan jaiotakoen artean, %55ekoa. Datu horien atzean immigrazioaren integrazio ereduen ondorioak antzematen dira, eta ez bakarrik azken bi hamarkadetako immigrazioarenak. Aurreko mendearen erdialdean izan zen espainiar immigrazioaren integrazio ereduaren ondorio ere badira, eta agerian jartzen dute gure gizarteak —ondokoek bezala— mugikortasun sozialerako dituen oztopoak.

Hirugarren hausnarketa euskarak berak gizarteratze prozesuetan duen paperari dagokio. Nolako eragina du euskararen ezagutzak berak gizarteratze eta laneratze prozesuetan? Nolako neurriak hartu behar dira, XXI. mendean, euskararen normalizazioa eta hiritar guztien gizarteratzea uztartzeko? Nola da posible, alegia, euskara gizarteratzerako tresna, eta ez oztopo, bihurtzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.