Garai nahasi hauetan, egoera berria menperatu bitartean, beldurra da nagusi. Gogoan ditut beste pandemia batzuetan bizi izandako egoera gogorrak, bereziki hiesaren inguruan sortu zena, eta gaur errepikatzen ari dena. Orduan, oraingoan bezala, kutsatzeko arriskua zela-eta haurrak eta eskola eztabaida gunean egon ziren.
1989aren azaroaren 20an onartu zen Haurtzaroaren Eskubideen Hitzarmena. Eskubideen artean, haurrak gorputzez, buruz eta gizartean osasuntsu eta libre hazteko eskubidea duela aldarrikatzen da. Baita ere dio haurrak familian eta gizartean maitatua eta ulertua izateko eskubidea duela. Konfinamendu garaietan euren garapena gogoan izan ote dugun zalantza dut, parke eta jolastokiak itxita egon direnean. Gogoan hartu ote dugu gure haurtxoek bizi izan duten konfinamenduan izan duten ongizate maila? Eskubidea da arrisku-egoeretan arreta eta laguntza jasotzen lehenak izatea. Alarma egoeran izan garenean, txakurrek kalera irteteko eskubidea izan duten bitartean, haurrak etxean sartuta izan ditugu: irtetea galarazia izan dute. Eskerrak balkoiei. Baina haur guztiek ez dituzte bizi-baldintza berdinak, eta askotan, kalea da haientzat arnasa hartzeko leku bakarra. Gogoan dut, irratian entzunda, zein luze egin zaion konfinamendua Bilboko kaleko emakume bati, hiru hilabete luzez, bere 3 urteko haurrarekin leiho gabeko logela baten pasatu duela kontatzean.
Eskolara joateko ordua heldu denean, bertan elkarrekin ikasteko, jolasteko, gizarteratzeko, lagunekin egoteko, eta, bizitzeko, azken batean, haurrek eta gaztetxoek, zehatz ikasi dituzte higiene arauak, eta zaindu ere zaintzen dituzte, egoeraren jabe direnean. Ez dira inozoak.
Eskoletan, maisu-maistren lehen eginbeharra higienearen inguruko ikasketa bideratzea izan da. Egun batzuk igaro ondoren, ikasleek ondo ikasitako protokoloa barneratuta daukate. Hor, ikusten ez den lan bat eta maitasun bat dago, irakaslearen lana. Erraza da kritika merkea egitea, maisu-maistren lana isilpekoa baita gehienetan, egunerokotasunaren poderioz, gutxitan konturatzen gara zenbat ikasi duten gure haurrek. Eskoletan, irakasle, maisu-maistren talde lanez egin den planifikazioa, komunikazioa eta antolaketa handia izan da, eta konfinamendu osoan hor egon dira, lehen egunetik hasita. Ahalegin izugarria egin dute, eta espero gabeko egoerari erantzuteko prest izan dira, esku luzez dena emateko prest. Egin den lana bikaina da, eta, esker ona adierazi beharko genieke, modu publiko eta ofizialean. Nire partetik hor duzue, bai haur, gazte zein maisu-maistra eta irakasle. Biba zuek!
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Biba zuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu