Urrutikoetxea aske geldituko da gaur, eskumuturreko telematikoarekin

Herritar batek Paris erdigunean utzitako etxea izanen du obligaziozko bizilekua, eta ordutegi zehatz bat errespetatu beharko du. Ez da Frantziako Estatutik ateratzen ahalko

Parisko Dei Auzitegian izan zen auzi saioa, atzo arratsaldean. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur goizean aterako da Parisko La Sante presondegitik Josu Urrutikoetxea. Atzo arratsean jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberako epaileak euskal presoa libre utziko dutela. Ez da osoki libre izanen hala ere, haren mugimendu oro zainduko duen eskumuturreko telematiko bat eraman beharko baitu. Herritar batek etxea utzi dio Paris erdigunean, eta hori izanen du obligaziozko bizilekua. Ordutegi zehatza izanen du etxetik ateratzeko, eta debekatua izanen du Frantziako Estatuaren menpeko lurretatik ateratzea.

Urrutikoetxea aske uztea erabaki zuen Dei Auzitegiak uztailaren 1ean, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Libre uzteko tramite bat bete dute ordutik: La Sante kartzelak epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertu du, Urrutikoetxea han baitago preso iazko maiatzetik. Atzo, epaileak jakinarazi zuen aldeko iritzia eman duela egingarritasun txostenak ere.

Atzoko saioan, Laure Heinich defentsako abokatuak adierazi zuen eskumuturreko telematikoa «alferrekoa» dela, eta kontrol judizial arinago bat nahikoa litzatekeela. Jakinarazi zuen Urrutikoetxeari etxea utziko dion herritarra entzuna izan dela, eta berme guziak betetzen dituela. Eskumuturreko telematikoa ematekotan ordutegi malguak onartzeko eskatu zion epaileari, Urrutikoetxeak unibertsitateko klaseekin segitzeko aukera izan dezan. Azkenean, astean zehar 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 20:00etara ateratzen ahalko da, eta asteburuetan 10:00etatik 16:00etara. Baina ordutegia malgutzeko aukera izanen dela erran zuen epaileak. Eskumuturrekoarekin ateratzearen alde agertu zen, berriz, fiskalburua, presondegiak osatutako egingarritasun txostena kontuan hartzeko eskatuta: «Hobeki dago eskumuturrekoarekin, presondegiko lau hormen artean baino».

Prozedura «katramilatuak»

Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak Urrutikoetxearen kontrako prozedurak zertan diren oroitarazteko hartu zuen hitza. «Badu urte bat baino gehiago espainolek dei egin dizuetela bi estradizio eta bi euroagindu ebazteko. Biziki luzea da», adierazi zuen atzo. Epaileari zuzenduta, erran zion auzitegia ez dela berant horren arduraduna. «Autoritate espainiarrak dira. Euroagindu bat ez da onartua; bestearentzat ez dira gai errateko zergatik epaitu nahi duten zehazki». Urrutikoetxea Espainiarentzat «ikono» bat dela nabarmendu zuen, haren iazko maiatzeko atxiloketaren ondotik Espainiako autoritateek egin zuten prentsaurrekoa gogora ekarrita: «Ikonoa da, ETAk armak uztean izandako eginkizunagatik. Horrek azaltzen du Espainiaren gogoa. Eskaera herrenak dira, ez dira oinarrituak».

Egoitz Urrutikoetxeak, Josuren semeak, oroitarazi zuen uztailaren 1ean Parisko Dei Auzitegiak euroagindu bat —Barajasko atentatuagatik gizateriaren aurkako krimenena— bertan behera uzteko argudioetako bat prozeduren «katramilatzea» izan zela. «Espainiako epaileek ez dizkiete Frantziako epaileei erantzunak nahi bezain azkar eta sendo ematen, eta horrek irudikatzen du sakoneko arazo bat». Eskumuturreko telematikoaren erabakiak horri erantzuten dio, haren iritziz: «Espainiak aski modu prezipitatuan egin zituen eskariak; azken batean, oinarri juridikoetan bainoago, kontakizunean du iturburua aitak une honetan pairatzen duenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.