EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetu dute

Alderdiko kritikoentzat, Gasteizko epaitegiaren sententzia «inkoherentea» da. Helegitea jartzea aztertuko dute. Ildo ofizialak uste du epaileak ebatzi duela «egoki» jokatu zutela

Blanco jarduneko idazkari nagusia ofizialki kargua hartzeko moduan dago. Argazkian, Eusko Legebiltzarrera iristen. Parlamentaria izango da berriro. R. BOGAJO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak baztertu egin du EA Eusko Alkartasunaren ildo kritikoak jarritako salaketa; idazkari nagusia aukeratzeko primarioen prozesuan izandako ustezko irregulartasunak zirela-eta jarri zuten. Beraz, epaileak alderdiaren sektore ofizialaren ikuspegia onetsi du. Eba Blanco jarduneko idazkari nagusia buru duen zuzendaritzak ohar bat kaleratu zuen atzo: nabarmendu zuen «erantzukizunez, arduraz, eta batez ere afiliatuen eskubideak defendatuz» jardun zuela prozesuan, iazko uda-udazkenetan —Pello Urizarrek ekainean dimititu zuen idazkari nagusiaren kargutik—, eta epaileak ebatzi duela «egoki» jokatu zutela. Hala, hogei egun baliodun igarota, sententziaren aurkako helegiterik ez badago, Blanco idazkari nagusi izango da. Kritikoentzat, aldiz, sententzia «inkoherentea» da; helegitea jartzea aztertuko dute, «ez baita irmoa».

Maiorga Ramirez alderdiaren Nafarroako buruak eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga eta Miren Aranoa Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek osatzen dute kritikoen bizkarrezurra. Ramirez, hain zuzen, hautagaia izan zen primarioetan. Baina alderdiaren hauteskunde-antolaketa batzordeak hautagaitza baliogabetu zuen, argudiatuz ez zuela bete lurralde bakoitzean gutxienez bost abal aurkezteko helburua, eta aurkeztuen artean 21 irregularrak zirela. Blancoren hautagaitza izan zen, hortaz, onartutako bakarra.

Kritikoek auzitara jo zuten. Urriaren 16a zen. Bi aste geroago, Ramirezi arrazoia eman zion alderdiaren berme batzordeak, ebatziz hauteskundeen antolaketa batzordeak «bidegabeki» bota zuela atzera haren hautagaitza. Blancok adierazi zuen, ordea, batzorde hori ez dela ezeren «bermea», eta «sinesgarritasuna eta zilegitasuna» galdu zituela. EAko hogei bat militantek idatzi bat eman zuten argitara hurrengo egunean, Blancok berme batzordeari buruz esandakoak txarretsiz.

Baina auziak bere bidea egin zuen epaitegietan, eta, azaroaren 11n, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Epaileak nabarmendu zuen EAren Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez zituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena zela Ramirezen parte hartze politikorako eskubidea urratu izana.

Hain justu, Maria Teresa Trinidad Santos epaileak orduan deliberatutakoari heldu diote, epaiarekin ados ez daudela arrazoitzeko orduan. Ohar bat plazaratu zuten atzo, eta sententzia «deitoratu». Uste dute «baliorik gabe» utzi dituela EAko Berme Batzordearen ebazpenak, «nahiz eta frogatutzat eman dituen prozesuari eta alderdiaren barne funtzionamenduari egindako kritika guztiak». Duela hilabete egin zuten epaiketa, eta hiru saio izan zituen. Alde bakoitzeko launa lekukok eman zuten testigantza.

Kritikoei iruditzen zaie epaiak «modu inkoherentean» ezeztatzen duela joan den azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu du. «Gure ustez, erabat inkoherentea da hori».Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren etaEAko presidente izandakoaren babesa eduki dute kritikoek, eta hori «eskertu» diote.

Sektore ofizialarentzat, bestalde, Ramirezen eskubideak «bermatu» ziren prozesuan, «zor zitzaion informazioa eskainita, eta, beraz, beste hautagaien eskubide berak izan zituen». Zuzendaritzak oharrean azpimarratu duenez,«inondik inora» ez ziren ez haren, ez Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaileen eskubideak urratu. Pentsatzen du epaiak frogatzen duela «EAk zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatu zuela, betiere barne demokrazia, argitasuna eta, noski, afiliazioaren parte hartzea eta intimitate eskubideaz zainduz».

Afiliatuen datu basea

Afiliatuen datu baserako sarbideak katramilatu zuen auzia hasieratik, eta zuzendaritzak horri egiten dio erreferentzia oharrean, esanez afiliatuen eskubideak babestu zirela «datu basearen kudeaketa» egiteko orduan. Kritikoek iazko irailaren hasieran salatu zuten ez zutela afiliatuen erroldarako sarbiderik. «Martxoan, berme batzordeak esan zuen zuzendaritzako kide guztiek zutela afiliatuen datu baseetara jotzeko ahalmena; baina bakarrik boterean izan direnek, Blancoren aldekoek, izan dituzte datuak lortzeko pasahitzak. Uztailean, berme batzordeak berretsi zuen gardentasunak bermatua egon behar duela zuzendaritza nazionaleko kideen artean, barne prozesuan sartu baino lehen. Ez zuten nahi, eta ez zuten egin», adierazi zion Ramirezek BERRIAri, iazko urriaren 17an argitaratutako elkarrizketan. Kritikoek uste dute zuzendaritzak ez zizkiela datu horiek eman, alderdiaren «kontrola» ez galtzeko

Berripaper honek Blanco elkarrizketatu zuen bi aste geroago, eta hau esan zuen: «Nik nire bermeak ditut; berak ez ditu bete araudiaren arabera [bizpahiru hilabete lehenago aldatu zuten] bete behar ziren baldintzak, eta, ondorioz, hautagaitza bakarra geratu zen. Baina hori ez da nire errua; nik ongi egin ditut gauzak».

EH Bildu koalizioa osatzen duten lau alderdietako bat da EA. Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusia Radio Euskadin elkarrizketatu zuten atzo, eta adierazi zuen epaiak «arrazoia» ematen diola EAren egungo zuzendaritzari, zeina «guztiz konprometituta» dagoen EH Bildurekin. «Espero dugu bi sentsibilitateak ados jartzeko gai izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.