Hilabeteotan ia osorik COVID-19aren inguruan jardun ostean, apurka-apurka bestelako osasun zerbitzuak berreskuratzeko asmoa dute osasun agintariek. Osakidetzako eta Osasunbideko arduradunek, esaterako, lehengo astean eman zituzten fase berri horren hainbat zertzelada; langileen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko neurriak martxan direla esan zuten, eta hilabeteotan egin duten gisan erruz erabiltzen jarraituko dela telemedikuntza, aurrez aurreko artak arriskuak baititu. «Urritu egingo dira aurrez aurreko kontsultak», onartu zuen lehengo astean Iruñeko Ospitale Guneko koordinatzaile Alfredo Martinezek, lan antolaketa berria aurkezteko Nafarroako Gobernuak egin zuen agerraldian. Osakidetzako arduradunek ere antzeko joera izango dela esan dute. Eta funtzionamendu berri hori abian dela adierazi du Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko presidente Gorka Maizek. Pazienteekin telefono bidezko hartu-emana lehendik ere ohikoa zela esan du, eta maiztu egin dutela izurriarekin. «Krisi honek osasun sistemaren plastizitatea erakutsi du; egoerak bultzatuta, kudeaketa eredua aldatu dugu. Ikasitako horiek balia daitezke orain. Aukera bat iruditzen zaigu. Aurreko normalitatea agian ez zen hain normala: beti kolapsoaren atarian».
Maizek esan du ez zaiola mesfidantzarik izan behar telemedikuntzari: «Aurrez aurreko kontsultak ez dira hobeak: askotan bai, garrantzitsua da ondoan egotea, eskua ematea: ezin da hori gainditu. Baina beste hainbat gauza telefono bidez ondo egin daitezke. Artatzeko modu asko daude». Gakoa ondo erabiltzea da: « Ideala da pertsona bakoitzari ematea behar duen arta». Gloria Santos Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarte Efekazeko eleduna da, behargina Bizkaiko osasun zentro batean. Bat dator:«Konfinamendu honetan, telefono bidez lan handia egin da; telefonoa erruz erabili dugu mediku eta erizainok pazienteak artatzeko. Bakarrik bizi den jendeari, esaterako, astero-astero hots egin diogu. Biziki estimatu dute».
Izurria osasun zentroetan barru-barruraino sartu zela onartu du Santosek. «Atzeko atetik, aurrekotik, eta aldamenekoetatik: guztietatik». Azken asteotan, ordea, funtzionatzeko beste modu bat martxan jarri dela esan du: «Orain ja bideratuta dago». Hainbat aldaketa egin dituzte; esaterako, osasun zentrora joan aurretik telefonoz deitzeko aholkatzen dute aurrena. «Orain beti aurretik eskatzen duguna da telefonoz deitzeko, eta, kontatzen dutenaren arabera, ikusiko da nola artatu gero». Osasun zentroetan jendearen sartu-irtena sarri-sarria zen COVID-19aren aurretik; ederki murriztu da orain. «Gure osasun zentroan, esaterako, barrera bat jarri dugu atean». Izurriaren gaineko lehen ohartarazpena da: «Gero, sartzen diren guztiei eskuak garbiarazten zaizkie, eta maskara jartzen zaie». Harrerako langileek egiten dute gero galbahe lana:«Orain, osasun zentroan galdetu egiten da: 'Zertara zatoz?'. Horren arabera, zirkuitu batera edo bestera joan behar dute pazienteek».Zirkuitu batera COVID-19a edo horren susmoa duten pazienteak bideratzen dituzte: «Zikina esaten diogu». Bestera, gainerakoak: «Beste hari, garbia».
Beste funtzionamendu bat
Beste hainbat segurtasun neurri ere ezarri dituzte. Itxaron geletan jendea ez pilatzeko, esaterako, jendea hartzeko orduak mailakatuta ematen dizute orain. «Lehen, esate baterako, odola ateratzera 08:00etan deitzen genuen mundu guztia: orain, mailakatuta iritsi beharko dute, eta zuhur jokatzeko eskatu beharko zaio jendeari, ez aurreratzeko», azaldu du Santosek. Etxeetara-eta joatea ere maiz tokatzen zaie lehen mailako artako profesionalei, eta orduan ere «bi zirkuituen» funtzionatzeko eredu horrekin dihardutela esan du. Gero eta doiago ari dira, errazago: «Hasieran, kosta egin zitzaigun; gero eta hobeto funtzionatzen dugu». COVID-19ak ere guztiz arrotza izateari utzi dio, eta finago asmatzen dute orain gaixoak ondo artatzen: «Orain, adibidez, badakigu pertsona batek zazpi egun badaramatza etxean sukarrarekin hor ja komeni dela nolabaiteko arta presentzial bat. Jakina, hori dena martxaren arabera ikasi dugu».
Etorkizun hurbilean lanez gainezka egongo direla onartu du Maizek: lan atzeratua dute. «Iragan asteotan, paziente kronikoak ez dira aparkatuta geratu, baina ezinbestekoak ez ziren gauzak atzeratu egin ditugu. Etapa honetan, horiek guztiak egiten joan beharko da, pixkanaka». Atzeratutakoei begiratu beharko diete, eta datozenei: «Krisi sanitarioa eta ekonomikoa da, eta horren eraginak ikusten joango gara datozen aste eta hilabeteotan». Eta COVID-19a hesitzen jarraitzeko ahaleginetan ere atsedenik gabe jarraitu beharko dutela argi du. «Lidergoa osasun publikoko arduradunena da; hori da logikoena, haiek dira adituak. Baina lehen mailako artan lehen lerroan egon beharko dugu: gu gaude pazienteengatik gertuen». Horiek horrela, baliabideak bermatu beharko direla azaldu du. «Zeregin gehiago hartu behar badira, eta, kalitatez egin behar badira, baliabide gehiago beharko ditugu».
Ospitaleko kezkak
Andres Abrain larrialdietako medikua da Gasteizen, Santiago erietxean. Bolada batean oro COVID-19a izan zela onartudu, izugarri urritu zirela bestelako larrialdiak: «Ia monografikoa zen». Hemen da aldaketa. «Jendea kalean dabil, lanean, kirola egiten, errepidean...Ohiko zenbakietara iristen ari gara berriro izurriarekin zerikusirik ez duten larrialdietan ere». Adierazi du beren lan martxan gaitza dela jakitea iristen zaizkien paziente horiek «kutsatuta» dauden. «Zirkuituak fartsa bat dira; zirkuitu gabia, eta zikina. Ados, baina larrialdietan, adibidez, jende adineko asko izaten dugu, eta ez dakizuaskotan nola dagoen; sarritan, kognitiboki oso erkinduta dagoen jendea izaten da, eta, zenbaitetan, ez da erraza izaten zergatik iristen diren asmatzen ere. Zirkuituak teorikoagoak dira, errealak baino».
Kezka du datozen aste eta hilabeteetan izango duten lan zamarekin. «Udan, larrialdiek gora egingo dute; COVID-19a ere hor egongo da».Eta akituta daude: «Jendeaoso nekatuta dago».
Koronabirusa
Telematika indartuta, eta zirkuituen bitartez
Osasun sistema lehengora itzultzeko ahaleginetan ari da, epidemia hesitzeko neurrietan ere bitartean indar guztiak jarrita; segurtasun neurriak sendotu dituzte, eta telemedikuntza ere erruz darabilte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu