Eztul batean erantzun du Marie Ange Thebaudek. Bokaleko (Lapurdi) EELV Europa EkologiaBerdeak alderdiko hautetsia osatzen ari da. Martxoaren 28an atera zen ospitaletik, koronabirusagatik, bertan astebete igaro ondotik. Ez da Bokaleko herriko etxean kutsatu den bakarra; dozena bat inguru dira orotara, Francis Gonzalez auzapeza barne. Erreanimazioan egon da azken egunetan, baina, Thebauden hitzetan, «egonkortu» egin da bere egoera. «Gauza bakarra espero dut, birus nazkagarri horrek kutsatu dituen guziak onik ateratzea».
Eta galdera bat: noiz eta nola kutsatu zen? Zaila da zehazki erantzutea, kasik ezinezkoa, baina martxoaren 15eko eguna du gogoan. Egun batzuk lehenago koronabirusaren hedapenari aurre egiteko lehen konfinamendu neurriak harturik ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atxikitzea erabaki zuena.
Thebaudek martxoaren 18an sentitu zituen lehen sintomak: «tenperatura altua nuen, buruko mina; usaimena galtzen hasi nintzen, eta zapore garratza nuen ahoan». 62 urte ditu hautetsi ekologistak. Tenperatura gehiago igo zitzaiola eta sintomak okertzen ari zirela ikusirik, Baionako ospitalean sartu zuten martxoaren 22an. Aste bat egon da bertan. «Ez naiz gehiago kutsakorra; atsedena behar dut, eztula pasatzea itxaron...».
Thebauden hitzetan, bere kutsatzea hauteskunde egunari dagokio: «Birus hau nolanahi deskubritzen ari gara; ez dakigu gauza anitz. Baina medikuen arabera, sintomak agertu baino hiru edo bost egun lehenago kutsatu nintzen. Hala bada, martxoaren 15arekin bat eginen luke». Harriduraz dio, hala ere, bere inguru hurbileko beste nehor ez baita kutsatu; edo hobeki erran, bere inguruko nehork ez baitu sintomarik erakutsi. «Nire zerrendakide batekin egon nintzen hauteskunde egun guzia; auto berean ibili ginen, gauza berak ukitu genituen...». Kutsatua izan zen ala ez, ezin jakin, ez ziotelako testik egin.
Martxoaren 12an mintzatu zen Macron telebistan, koronabirusaren hedapena mugatzeko ikastetxeak itxiko zituela iragartzeko. 70 urtetik gorakoei etxetik ez ateratzeko gomendatu zien. Herriko bozak eginen zirela, eta herritarren segurtasuna bermatzeko babes neurriak hartuko zituztela baieztatu zuen. Bozen bezperan mintzatu zen Edouard Philippe Frantziako Lehen ministroa, neurri zorrotzagoak iragartzeko. «Ez dakit bozak egin behar ziren, baina egin dira. Kanpaina behar bezala eramana izan da. Niretzat, Frantziako Gobernuak bozak atxikitzea erabaki zuenaz geroz, hautetsi bezala nire ardura zen bertan egotea». Hala ere, ez bozkatzeko erabakia hartu zutenak ulertzen dituela dio. «Normala da ezbozkatu izana. Herriko bozen ondotik, kutsatzeak anitz emendatu dira. Okerragoa izan zitekeen».
Martxoaren 15ean lekukotasun bat baino gehiago izan zen bozkalekuetan segurtasun neurriak arinkeriaz hartzen ari zirela errateko. Bokalen errespetatu zituztela dio Thebaudek: «Distantziak atxiki genituen, gela banatu genuen, bozkalekuak antolatu hautesleek erridaua ukitzeko beharrik izan ez zezaten; kontatzeko momentuan ere eskularruak banatu genituen gutun azalak ireki behar zituztenentzat. Baina, seguruenik, ez zen aski».
Kutsatzeak Frantzian
Ipar Euskal Herritik harago, Frantzian ere izan dira hauteskundeen lehen itzulian kutsatu zirela salatu dutenak. Azken asteetan, lekukotasun bat baino gehiago zabaldu dute Frantziako hedabideek eta sare sozialetan ere agertu dira salaketak eta arrangurak. Hauteskunde egunaren ondotik koronabirusaren sintomak agertzen hasi zitzaizkiola dio herritar andanak. Herri batzuetan, herriko kontseilu osoak kutsatu dira; auzapez bat baino gehiago zendu da. Funtsean, ezin da ezer baieztatu, eta biziki zaila da kutsatze eguna identifikatzea; izan liteke martxoaren 15a, baina bakoitzaren inkubazio epea desberdina izanki, hauteskunde egunaren aitzineko eta ondorengo egunetan ere izan liteke. Baina horrek erran nahi du pertsona kutsatu eta kutsakorrak hautesleekin kontaktuan egon zirela egun horretan, eta baita hauteskunde kanpainan zehar ere.
Ezinezkoa da koronabirusak kutsatutako hautetsien zenbaki zehatzik ematea, baina, France Info hedabidearen arabera, kopurua hainbestekoa izan da, zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeko dekretu bat publikatu behar izan baitzuen Frantziako Gobernuak apirilaren 8an. Auzapez kargua bete gabe gelditzen bada, axuantak hartzen du bere gain. Normalean hamabost eguneko epean izendatzen dute beste auzapez bat, baina Frantziako Gobernuaren dekretuak osasun larrialdi egoeraren bukaera arte luzatu du epe hori.
Martxoaren 12a
France Inforen arabera, martxoaren 12an hartu zuten herriko bozak atxikitzeko erabakia. Egun hartan, koronabirusaren inguruko batzorde zientifikoa osatzen duten hamar kideekin bildu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea; egunaren kontakizuna egin du frantziar hedabideak. Birusaren hedapenak Frantziako osasun sistema buxa zezakeela erran zuten zientifikoek, eta Frantzia ez zela ohartzen zer ari zen gertatzen. Orduan, herriko bozak bertan behera uztea mahai gainean ezarria izan zen.
Frantziako Asanbleako eta Senatuko presidenteak kontsultatu zituen Macronek, baita beste arduradun politiko batzuk ere; gehienek bozak atxikitzearen alde egin zuten. Batzorde zientifikoari bozak gibelatzeko arrazoi zientifikorik ba ote zen galdetu zion. Bi argudiorekin erantzun zuten: batetik, herritarrei babes neurriekin karrikara ateratzea baimentzen bazitzaien, ezerk ez zuela frogatzen bozen lehen itzuliak egoera okertuko zuenik bozetan ere babes neurriak aplikatzeko baldintzarekin; bestetik, bozak bertan behera uzteak lurrikara politiko eta mediatiko bat eraginen zuela, eta horrekkoronabirusaren mehatxua entzungaitz bilakatuko zuela.
Batzorde zientifikoko kide baten iritzia dakar France Info-k: «Asumitzen dugu. Kontsideratu dugu hautetsiak jende arduratsuak direla. Funtzio garrantzitsuak dituzte. Horien esku da beharrezko neurriak ezarri eta errespetaraztea. Ez badute egin, kezkagarria da».
Koronabirusa
Bozen ondorioei begira
Frantziako Gobernuak birusa hedatzen hasia zela erabaki zuen herriko bozak egitea. Herri batzuetan, kontseilu osoak kutsatu dira, eta badira zendutako auzapezak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu