Hauteskundeen biharamuna. Katalunia

Erlojuaren aurka, alferrik

Kataluniako Parlamentuko zerbitzu juridikoek indargabetu egin dute ERCk, JxCk eta CUPek onartutako ebazpen bat, autodeterminazio eskubidea erabiltzeari buruzkoa

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, atzoko saioan. QUIQUE GARCIA /EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ea nor azkarrago izan lehian jardun ziren atzo goizean Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala. Auzitegiak CUPen ebazpena indargabetu aurretik, Torrentek bozketa egin nahi zuen, eta lortu zuen bere helburua: Kataluniako Parlamentuak onartu egin zuen «autodeterminazio eskubidea erabili eta Kataluniako herriaren nahia errespetatzeko asmoa» adierazten zuen mozioa. Minutu batzuk geroago, ordea, testua indargabetu egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako Gobernuaren eskaera onartuta. Jada egina zegoen bozketa.

Atzo arratsaldean, parlamentuko zuzenbide zerbitzuek indargabetu egin zuten onartutako ebazpenaren zati bat, baita joan den astean buruzagi subiranisten kontrako epaiari buruzkoa ere, eta, beraz, ez dira aterako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Independentistek zuzenketak egin eta puntu horiek berriz sartzeko asmoa dute.

CUPek aurkeztutako mozioak eskaera gehiago ere biltzen zituen: Miquel Buch Generalitateko Barne ministroa kargugabetzea —mossoek azken asteetan izandako jokabideagatik—; «erregimenak errepresaliatutakoei» amnistia osoa ematea; eta Espainiako Polizia eta armada Kataluniatik kanporatzea, besteak beste.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak 09:30era aurreratu zuen atzoko saioa. Gauza bera egin zuen auzitegiak, eta ordu berean bildu ziren Madrilen. Azkenean, JuntsPer Catalunyak, ERCk eta CUPek bozkatu zuten autodeterminazio eskubidea erabiltzearen alde; Catalunya en Comu, berriz, abstenitu egin zen; eta aurka azaldu ziren PSC, Ciutadans eta PP.

Eztabaida sortu zuen parlamentuko saioaren ordu aldaketak. Hasieran, 15:00etan egitekoak ziren, baina Torrentek 09:30era aurreratu zuen, Suitzara bidaia bat zuela argudiatuta. Gainera, gai hori eztabaidatu zuten lehenbizi, berez gai ordenako zazpigarrena zen arren. JxCk kritikatu zuen erabakia «aldebakarrekoa» izan zela, jendaurrean ezagutarazi zuen gutun batean. Atzo goizean, ordu berean, Kataluniako Gobernuaren asteroko bilera egin zen, eta horregatik ezin izan zuten parlamentura joan Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Miquel Buchek.

Buchen dimisioa

Ebazpenak proposatutako beste puntuen aurka bozkatu zuten JxCk eta ERCk, eta gogor kritikatu zituen koalizio antikapitalistak. Maria Sirvent diputatuak egotzi zien «errepresioarekin amaitu eta polizien indarkeriaren biktimei egindako kalteak konpontzeari» uko egitea: «Horrenbeste gorbata eta horren lotsa gutxi». Espainiaren errepresioaren elkarlanean jardun direla ere esan zuen. ERCko Ernest Maragallek azaldu zuenez, «ezin dugu sinetsarazi Poliziarik gabeko paradisu bat sortuko dugula».

Konstituzionalak hainbat ohartarazpen egin dizkio Torrenti azken hilabetean, eta desobedientzia delituagatik zigortua izateko arriskuan dago. ERCkoak argi utzi zuen bere jarrera: «Ez diogu utziko zentsurari parlamentuan sartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.