G7 Ez plataformak egitarau bat aurkeztu du «alternatiba sendo bat» sortzeko

Berrehun hizlari gonbidatu dituzte G7koen aurka antolatutako kontragailurrera. Hilaren 21etik 26ra egingo dituzte jarduerak, Hendaia, Irun eta Miarritze inguruetan

Oihana Teyseyre Koskarat.
Hendaia
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
«Herriak izan behar du hitza». Hori adierazi dute G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek, kontragailurraren egitaraua aurkezteko agerraldian. G7koen goi bilera salatu dute, eta Irungo Ficoban (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) antolatu dituzten jardueren berri eman dute. Hilaren 21ean hasi, eta 26an bukatuko dituzte jardunaldi eta mobilizazioak.

Egoitz Urrutikoetxea antolatzailearen esanetan, «40 hitzaldi osorik itzuliko dira euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Ia berrehun hizlariren presentzia izanen dugu, baita 50 tailer ere, zazpi gai orokorren inguruan».Landuko diren gai horien artean izango dira, besteak beste: kapitalismoa, klima eta ingurumena, feminismoa, herrien aniztasuna eta askatasuna, demokrazia soziala eta autoritarismoa, elkartasuna gerlen eta inperialismoaren aurkako borrokan, eta migrazioa eta harrera.

Parte hartzaileentzat, Urruñako (Lapurdi) erlaitzean atondu dute kanpalekua, 2.500 lagunentzat. Handik jardunaldietara joateko, garraio publikoa egongo da. Gainera, lau eremu nagusi egongo diraagorrilaren 21etik 23ra: Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman,hitzaldi eta tailerrak; Hendaiako Jean Jaures eskolan, Gazte Gunea; Kanetako portuan, BBGkoen aste intergalaktikoa, eta, kanpalekuan, Jaka Horien herrixka.

Mobilizazioetara joateko deia ere zabaldu dute: abuztuaren 24an, Hendaiatik Irunera egingo dute manifestaldia, 11:00etan, Florida biribilgunetik Ficobaraino. Biharamunean, Miarritze, Angelu eta Baiona (Lapurdi) inguruko zazpi leku eta plaza okupatuko dituzte, «eremu publikoen pribatizazioa» salatzeko.

Espainiako eta Frantziako gobernuek egiten duten «beldurraren instrumentalizazioa» ere deitoratu dute, eta mobilizazioak «oztopatzeko» helburua duela adierazi dute. Horren aurrean, Urrutikoetxeak esan du: «Lasaitasunez eta erabakitasunez ariko gara, eraikuntza eta erresistentzia jarrerarekin. Ez dugu deus suntsituko, eta indarkeriarik gabeko metodoak erabiliko ditugu. Guk nahi dugu G7koek bermatzen ez dutena bermatu, herritarrek modu askean, librean eta seguruan eztabaidatzeko lekua izan dezaten».

Bestalde, Euskal Herriko eta munduko erakunde, elkarte eta mugimenduekin egindako lana goraipatu dute G7 Ez plataformakoek: «Jadanik arrakastatsua da lortu duguna; hainbat sektoretako jendea bildu dugu, eta elkarlanean aritu gara». Urrutikoetxeak gehitu duenez, «Euskal Herritik begira, etorkizunerako ateak zabaldu ditugu, eta praktika alternatiboei bidea ireki diegu».

Aukera berriak sortzen

Gailurraren aurtengo tematika «zinikoki» interpretatzen du plataformak. Hain zuzen ere, zazpi estatuburuek gizarteko ezberdintasunez eta klima larrialdiaz hausnartuko dute Miarritzen. Itziar Fernandez Mendizabal Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko eta plataformako kideak, ordea, argi du: «Munduan dauden gerrak eta pobrezia G7koek eragiten dituzte, eta guk alternatibak eraikitzen ditugu aurre egiteko». Plataformaren helburua da hitza ematea «Mediterraneoan biziak salbatzen dituzten itsasontzien kapitainei, munduan zehar gizonen eta emazteen arteko berdintasunaren aldeko borrokak antolatzen dituztenei, hilabete bukaerara iristeko zailtasunen eta munduaren bukaeraren kontrako borrokak antolatzen dituztenei».

Eusko Jaurlaritza «prest»

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du Ertzaintza prest dagoela G7koen eta kontragailurraren ondorioz sor daitezkeen «gorabeherak» aurreikusteko eta arazoei heltzeko. G7koen gailurra Miarritzen egingo da; kontragailurra, berriz, Irunen eta Hendaian. Beltran de Herediak dio arazo nagusia trafikoarena izango dela, eta, kotragailurrari dagokionez, esan du «segurtasun zerbitzu» propioa duela, eta espero duela istilurik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.