Etorkinen ekarpen «ukaezina» aztertu du Nafarroako Gobernuak

Ikerketa baten arabera, Nafarroako ekonomia %4 gehiago handitu da migratzaileei esker. Txostenean zenbait topiko eraitsi dituzte etorkinen enpleguari eta gastu sozialari buruz

Euskal Herrian, migratzaile askok lehen sektorean eta landaguneetan lan egiten dute. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroak migratzaileentzako zerbitzu publikoetan inbertitzen duen euro bakoitzeko, herrialdeko ekonomiak bi euro jasotzen ditu. Hori da Nafarroako Gobernuak eta Red2Red aholkularitza enpresak atzo aurkeztu zuten txostenaren ondorio nagusietako bat. Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek, Jose Moises Martin ekonomialari eta Red2Red etxeko zuzendariak eta Anabel Suso ikerlari eta soziologoak azaldu zituzten ikerlanaren nondik norakoak.

«Argi dugu migrazioa ez dela fenomeno utilitarista hutsa», azaldu zuen Santos kontseilariak, aurkezpenean. «Gobernu honek beti esan du pertsona guztien oinarrizko eskubide bat dela migratzea. Baina aberastasun kultural eta sozialaz harago, txosten honetan jasotako datuek azaleratzen dute ukaezina dela migratzaileek gizarte ongizateari egiten dioten ekarpena».

Zehazki, etorkinek Nafarroako ekonomian, demografian, zerbitzu publikoetan eta lan esparruetan duten eragina aztertu dute Red2Red aholkularitza enpresako ikerlariek, eta «zenbait topiko eraisteko» balio izan die lan horrek. Hona horietako batzuk:

EKONOMIA
%4ko bultzada barne produktu gordinari

Txostenean ikergai izan dute, besteak beste, atzerrian jaio eta Nafarroara migratutakoek hazkunde ekonomikoan izan duten eragina. Ondorio nagusia da 2013 eta 2021 bitartean Nafarroako BPGbarne produktu gordina %4 gehiago handitu zela migratzaileen lanari esker.

Hazkundea urtetik urtera aztertuta ere nabari da eragina: «Nafarroako ekonomia %0,5 gehiago handitzen ari da urte batetik bestera, etorkinen ekarpenagatik». Horrek esan nahi du, bestalde, erabateko «desoreka» dagoela Nafarroak atzerrian jaiotako herritarrentzako zerbitzuetan inbertitzen duenaren eta komunitate horretatik jasotzen duenaren artean: «Nafarroan, migrazioaren kostua BPGaren %0,23 da, gutxi gorabehera, baina halako bi da migratzaileek Nafarroari egiten dioten ekarpen ekonomikoa: %0,5», esan zuen Moisesek. «Nafarroak migratzaileentzako zerbitzuetan inbertitzen duen euro bakoitzeko, herrialdeko ekonomiak bi jasotzen ditu».

ENPLEGUA
Etorkinek ez diete «hemengoei» lanik kentzen

Migrazioek kontsumoan, lan esparruan, etxebizitzan eta gastu publikoan duten eragina ere aztertu dute Red2Red enpresako ikerlariek, eta, besteak beste, ondorioztatu dute etorkinen kontratazioak ez duela eraginik Nafarroan jaiotakoen langabezia tasan. «Askotan agertzen den topiko baten arabera, migratzaileek lana kentzen diete hemengoei; datuek gezurtatu egiten dute hori. Analisiek eta ikerketek ez dute halakorik frogatu, ez Nafarroan ez beste inon», azaldu zuen Moisesek, txostenaren aurkezpenean. Kontrara: migratzaileen kontratazioak «lan merkatua eta kontratazio tasa orokorrak dinamizatzen» dituela uste dute ikerlariek.

Era berean, migratzaile gehiago edo gutxiago kontratatzeak ez du eraginik batez besteko soldatetan: «Ez du eragin aipagarririk. Hainbat sektoretan eginiko azterketak erakutsi digu migrazioak ez duela lanik kentzen, ez dituela hemen jaiotakoen langabezia tasak igotzen, ezta soldatak prekarizatzen ere». Aitzitik, migratzaileek dituzte, alde handiz, lan baldintzarik prekarioenak: %57k aldi baterako kontratua dute —Nafarroan jaiotakoen artean, %79k kontratu mugagabea dute—, eta gutxiago dira lanaldi osoa dutenak.

DEMOGRAFIA
Galga jartzen diete zahartzeari eta despopulazioari

Demografiari lotutako eraginari dagokionez, Anabel Suso soziologoak azaldu zuen migratzaileek «rol garrantzitsua» jokatzen dutela lurraldea biziberritzeko tenorean. «Nafarroan, migratzaile asko —gehienak ez esatearren— landagunean bizi dira: atzerrian jaiotako herritarren %40 bizi dira 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, eta %58 20.000 biztanletik beherakoetan». Erriberako udalerrietan bizi dira etorkin asko, eta horrek hainbatondorio ditu, soziologoaren esanetan: «Landaguneko despopulazioari eta gizartearen zahartzeari aurre egiten die immigrazioaren fenomenoak».

LAGUNTZAK ETA GASTUA
Ez dute gehiegizkodiru laguntzarik jasotzen

Beste mito bat eraitsi du Nafarroako Gobernuaren txostenak: lan eta bizi baldintzarik makurrenak izanagatik, migratzaileek ez dituzte dagozkien baino laguntza sozial gehiago jasotzen. Izan ere, Nafarroako herritarren %10,8 dira ikerketak atzerritartzat dauzkanak —Espainiako herritartasun agiririk ez dutenak, 71.441 pertsona—, eta herrialdean banatzen diren laguntza sozialen %11 jasotzen dituzte.

Laguntzak eta zerbitzuk gehiegi baliatzen dituztelako topikoa osasun publikoaren esparrura hedatzen da maiz: esan izan da migratzaileek gehiegi erabiltzen dituztela osasun zerbitzuak, horiek kolapsatzeraino. Gezurra da hori ere: «Atzerrian jaiotakoek gastu txikiagoa eragiten diote osasungintza publikoari, herritarren %10,8 izanda osasun inbertsioen %5,1 soilik eragiten baitute». Horren arrazoia, berriz, piramide demografikoan dago: «Oro har, migratzaileak gazteagoak dira, eta gutxiagotan erabiltzen dituzte osasun zerbitzuak».

Ikerlarien arabera, baliabide publikoengatik gastatutakoaren %1 soilik dagokie migratzaileei, baina, zergen bidez, askoz ekarpen handiagoa egiten diete diru sarrera publikoei: %4,1.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.