Adingabeen buru osasunaren arretan, hezkuntza arloarekin koordinatzea aldarri

Buruko gaitzak artatzeko baliabide gehiago eskatu dituzte osasun mentalaren nazioarteko egunean. Haur eta gazte migratzaileak oroitu ditu Buru Osasuna Euskadi federazioak

Elkarteetako bi kide, atzo, haien manifestua irakurtzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Buru osasunaren nazioarteko eguna izan zen atzo, eta haurren eta nerabeen arretari erreparatu zioten erakunde publikoek eta elkarteek, pandemiak utzitako arrastoari begira. Eman like buru osasunari. Ongizatean hazteko eskubidearen alde lelopean, ekitaldi jendetsua egin zuten Bilbon, bide batez Fedeafes federazioaren 35. urteurrena eta izen aldaketa ospatzeko: Buru Osasuna Euskadi izango da aurrerantzean. Elkarteko bi kidek irakurritako manifestuan, baliabide gehiago eskatu zituzten adingabeen arretarako; besteak beste, osasun eta hezkuntza arloen koordinazioa hobetzea, irakasleak trebatzea eta hezkuntza emozionala lantzea aipatu zuten.

Ikusi gehiago: «Buru osasuna trenaren azken bagoian dago, eta bada garaia hori aldatzeko»

10 eta 19 urte bitarteko zazpi gaztetik batek buruko gaitzen bat pairatzen du; osasun mentaleko arazoen erdiak 14 urte bete baino lehen agertzen dira; lau gaztetik batek adierazi du psikofarmakoak hartzen dituela, eta ehundik bederatzik pentsatu dute bere buruaz beste egitea. Datu gogorrak eman zituzten, eta, horiei aurre egiteko, baliabideez gain, «giza eskubideen inguruko irakurketa zintzoa» ere galdegin zuten. Izan ere, buruko gaitz bat garatzeko arrisku faktoreen artean ez daude soilik baldintzatzaile genetikoak: indarkeriaren eta jazarpenaren normalizazioak, norbere irudiaren distortsioak, sare sozialen gehiegizko erabilerak eta kontrolean oinarritutako bikote erlazioek ere gaixotasunak eragin ditzaketela nabarmendu zuten.

Ildo horretan, haur eta gazte migratzaileak ekarri zituzten gogora: «Gatazka beliko bat jasan, eta jatorrizko herrialdeetatik alde egin behar izan dute. Gure artean mundu guztiak merezi duen ongizatea aurkitzea espero dugu». Buru osasuna zaintzea «gizarte osoari» dagokiola erantsi zuten, eta «ongizate inguruneak» eraikitzeko baldintza material eta afektiboak aldarrikatu zituzten. Horri tiraka egin zuten azken eskaera: «Pertsonen arteko harremanak humanizatzea, hor baitaude gizarte osasuntsuago baten gakoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.