Prozedurak baldintzatu du Egoitz Urrutikoetxearen auzia, beste behin

Fiskaltzak eskatu du atzo epaitzekoa zuten afera berriz instrukziora bidaltzeko, prozeduran hutsegiteak izan direla argudiatuta. Parisko Dei Auzitegiko epaileak martxoaren 31n jakinaraziko du erabakia

Egoitz Urrutikoetxea, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun

«Hemendik urte batzuetara Zuzenbide ikasketetan eredu gisa hartuko dute Urrutikoetxea afera», zioen barrez, atzo arratsaldean, Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak. Frantziako Justiziak prozeduretan egindako hutsen ondorioz, auzitegietan katramilatu dira Josu eta Egoitz Urrutikoetxearen kontra irekiak zituzten auzibideak, azken urteetan.

Orain arte, Laure Heinich eta Pasquet-Marinacce abokatuek azaleratu izan dituzte prozedura arazoak, Frantziako Justiziaren hutsegiteak agerian utzita. Atzo, terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzak berak azpimarratu zuen hutsa, eta Egoitz Urrutikoetxearen kontrako auzia instrukziora itzultzeko eskatu zuen. Honela aitortu zuen: «Ezohiko prozedura da hau».

Parisko Dei Auzitegiko epaileak martxoaren 31n emanen du erabakiaren berri. Fiskaltzaren eskaria onartzen badu, kasik dena hutsetik hastea bezala izanen da; bestela, epaiketarako beste data bat jakinaraziko du. Atzo arratsaldean, dosierraren berri dakitenek uste zuten lehen aukera hobetsiko duela.

Konplexua eta nahasgarria da afera, eta komeni da abiapuntutik hartzea, ulertzen entseatzeko. 2005. urtean ETAko kidea izatea eta, beraz, gaizkile elkarteko kide izatea leporatu zioten Egoitz Urrutikoetxeari. 2009an, bi urteko kartzela zigorra eman zioten kausa horregatik Parisko Zigor Auzitegian. Baina fiskaltzak dei egin zuen, eta, 2010ean, sei urteko zigorra eman zioten Dei Auzitegian. Bietan, Urrutikoetxea ez zen epaiketara agertu. Zigor Auzitegian, ETA erakundeari lotutako aferetan, bi aldiz baizik ez da gertatu akusatua agertu ez den epaiketa baten erabakiari fiskaltzak dei egitea: Josu eta Egoitz Urrutikoetxearen kasuetan.

2015eko urrian atxilotu zuten Egoitz Urrutikoetxea, Parisen. Orduan, bere kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen: 2009ko lehen auzia eta 2010eko dei auzia. Hor dago prozedura hutsegitearen funtsa: zein auzitegiri zegokion kasua berriz aztertzea? Garai hartan, Dei Auzitegiak erabaki zuen lehen instantziaren beha egotea.

Parisko Zigor Auzitegian beste bi auzibide zituen Urrutikoetxeak —iazko urrian epaitu zituzten azkenean—. Zigor Auzitegiko epaileak hiruak batu eta instrukziora bidaltzea erabaki zuen 2017ko ekainean.

Kasazioaren erabakia

Josu Urrutikoetxea 2019ko maiatzean atxilotu zuten, eta, hark ere, haren kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen. Ekainaren 19an izan zuen lehen saioa, Parisko Dei Auzitegian. Hor ere galdera bera sortu zen. Egoitz semearekin lortutakoan oinarrituta, afera Parisko Zigor Auzitegiak aztertzea lortu zuten Heinich eta Pasquet-Marinacce abokatuek, prozedura hutsegiteak zirela medio hark kasua instrukziora bidal zezan. Baina terrorismoaren kontrako fiskaltzak helegitea jarri zuen.

2019ko irailaren 24an, hiru hilabete lehenago Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen kasuan hartutako erabakia bertan behera utzi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak. Ebatzi zuen auzibide bat bigarren instantziara iritsi den kasuetan, epaiketa berriz egiteko eskatzen bada, bigarren instantziari dagokiola kasua aztertzea, hau da, Dei Auzitegiari. Egoitz Urrutikoetxearen kasuan eragin zuen erabakiak, eta hiru auzibideetatik bat Dei Auzitegiaren esku utzi zuten berriz. Atzo arte.

Orain artekoa baliogabe

2019an semeak aitari eragin zion bezala, atzo aitak semeari eragin zion. Kasazio Auzitegiaren erabakian oinarritu baitzen fiskaltza Egoitz Urrutikoetxearen kasuan prozedura hutsegitea azaleratzeko. «Dei Auzitegiari zegokion epaiketa berriz egiteko eskaera aztertzea, eta Zigor Auzitegiak bere burua 'ezgaitzat' hartu behar zuen», azaldu zien kazetariei auzi saioaren bukaeran. Horiek horrela, prokuradoreak uste du lehen erabaki «oker» horretatik aitzina izan den guzia baliogabetzat jo beharko litzatekeela. Horregatik eskatu du kasua berriz instrukziora bidaltzeko. Epaimahaiak martxoaren 31n jakinaraziko du erabakia.

Bi aukera daude: fiskaltzaren eskaerari muzin egin eta epaiketarako beste data bat ezartzea, edo kasua berriz instrukziora bidaltzea. Azken hori, afera kasik hutsetik abiatzea litzateke. Egoitz Urrutikoetxeari akusazioa jakinarazi eta auzibidea ireki beharko liokete, galdeketak egin; eta defentsak dosierrean elementu gehiago sartzeko eta instrukzio epaileari lekukoak aurkezteko aukera izanen luke. Ikusteke dago horrek nola eragin dezakeen emaitzan.

Espainiako kazetari batek prokuradoreari galdetu zion Egoitz Urrutikoetxea atxilotu eta behin-behinean preso sartzeko aukerarik zegoen. Honela erantzun zion: «Afera biziki zaharra da orain, eta orain arte izan dituen hitzordu guzietara agertu da. Ez luke inolako zentzurik». Atxilotu zutenetik, Egoitz Urrutikoetxeak zazpi urte daramatza auzitegietara joan-etorrika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.