Maria Txibitek kontrakorik ez dioen bitartean, hamasei hilabete geratzen dira foru hauteskundeetarako, baina UPNk indar betean eduki nahi du bozen makineria. Atzo arratsaldean Kontseilu Politikoak Javier Esparza alderdiko egungo presidentea aukeratu zuen eskuinaren hautagai izateko. Aise irabazi zion lehia beste hautagaiari, Juan Manuel Rubio Izarbeibarko udal taldeko buruari: kontseiluko ordezkarietatik %91k bozkatu zuten Esparzaren alde. Hirugarren aldiz aurkeztuko da lehendakarigai gisa Esparza, eta, aurrekoetan helburu nagusia lortu ez badu ere, atzoko hitzaldian zin egin zuen UPNk «Nafarroan berriz gobernatuko» duela. Haren irudiko, 2015ean egoera «oso zaila» zen; 2019an «emaitza ona» lortu zuten, eta 2023an lidergoa berreskuratzea dagokie.
Alderdiaren barne antolamenduan, kongresu arteko aldietan organo gorena da Kontseilu Politikoa. 232 ordezkarik osatzen dute. Atzokoan, zerrendaburua hautatzeaz gain, alderdiko zerrenda batzordeko kide bat ere izendatu zuen, %89ko babesez: Cristina Ibarrola parlamentaria. Batzorde hori Esparzak berak, Enrique Maia lehendakariorde eta Iruñeko alkateak eta zuzendaritzak hautatutako Maria Jesus Valdemoro parlamentariak osatzen dute.
Esparzak ez zuen argitu zer asmo duen Navarra Sumarekin. Iragan ekainean, koalizioa uzteko aukera irekirik utzi zuen, baina geroztik ez du argibide gehiago eman barne gogoetaz. Ezta atzo ere. Tonu leunagoan, bere hitzaldian keinu egin zion Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenari, etaberrogei urteko UPNren ondare politikoa defendatu zuen. «Nafarroa ezin da ulertu UPN gabe», aldarrikatu zuen.
Haren ustez, bi legealdiotan Uxue Barkosen eta Txibiteren gobernuek uko egin diote ondare horri, eta orain Nafarroa «gainbeheran» dago, «beti Bilduren menpe diren gobernuek bultzatutako eraginkortasunik gabeko politika kaskarren ondorioz». Haren ustez, gobernuek ez dute jakin foru erregimenaren potentzialtasuna baliatzen. «UPNren legealdietako politikei esker bizi ahal izan dira, baina hori agortu egiten da, eta Nafarroak ezin du gehiago». Aurrera egiteko, beharrezkotzat jo du Bilduren menpe egongo ez den gobernu bat: «Agintzeari eta politikak baldintzatzeari utziko dio soilik UPN gobernuan badago». Ilusioz hartu du erronka.
Esparzak iragarri du Nafarroan berriz gobernatuko duela UPNk
Kontseilu Politikoko kideen %91ko babesarekin, aise irabazi dio lehia Juan Miguel Rubio beste hautagaiari, eta foru hauteskundeetan eskuinaren zerrendaburu izango da berriz ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu