COVID ziurtagiria hedatzearekin batera hedatu dira zailtasunak. Atzotik bertatik, eremu itxi gehienetara sartzeko, txertoa hartu izanaren ziurtagiria erakutsi behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Zenbait kiroldegi eta zahar etxetan ezin izan zuten atzotik bertatik ziurtagiria eskatzen hasi. «Oraindik ez gara hasi eskatzen, hasiko bagina gehienak ez lirateke-eta sartuko», azaldu du Gernika-Lumoko (Bizkaia) Santanape udal kiroldegiko Goiztidi Lamikizek. Atzoko eguna erabili zuten bertaratu zirenei jakinarazteko, baina Lamikizek adierazi zuen oraindik denbora behar dutela ondo antolatzeko. «Esan digute hau egin behar dugula, baina ez da hain erraza». Kiroldegian erabaki dute datu base bat egingo dutela bazkide eta ez-bazkideekin, behin dokumentuak aurkeztuta berriro eroan behar izan ez dezaten ziurtagiria.
Herriko Crossfit Gernika gimnasioan ere ez dira hasi oraindik ziurtagiriak eskatzen. «Egoera konplikatua da guretzat, baina ez dugu uste arazorik izango dugunik. Neurri asko betetzen ditugu jada: maskarak, distantziak, klase arteko desinfektatzea... beste neurri bat da», adierazi diote BERRIAri. Aplikazio baten bidez hartzen dituzte txandak bazkideek, eta, aplikazio berak COVID ziurtagiria kargatzeko aukera ematen duela jakinda, behin kargatu eta gero ez dutela eskatu beharko adierazi dute. Ez dute uste arazorik izango dutenik bazkideekin, baina baten batek ziurtagiria ez badu urtarril amaierara arte kuota izoztu beharko diotela aurreikusi dute.
Zahar etxeak dira atzotik ziurtagiria eskatu behar duten beste tokietako bat. Gernikako Calzada egoitzan, oraindik Bizkaiko Foru Aldundiaren zain daudela esan dute. «Agindua ematen digutenean, eta protokoloa jakinarazten digutenean, emango diegu abisua familiei». Torrezuri zahar etxean, berriz, adierazi dute jada hasi direla eskatzen bisitariei, baina egoitza txikia izanda, eta bisita gutxi izaten dituztenez, arazo gutxi espero dituzte.
Lehen, gaueko aisialdiko ostalariek eta 50 pertsonatik gora sartzen diren taberna eta jatetxeek bakarrik eskatu behar zuten ziurtagiria, baina neurria gainerako establezimenduetara zabaltzeak Bizkaiko Ostalarien Elkartearen kexak eragin ditu.
Ostalariak, haserre
Hector Sanchez elkarteko gerenteak salatu du neurria «nahasgarria» dela, «ulertzeko zaila», eta aplikatzeko «eginezina» langile bakarreko tabernetan. Izan ere, arauak agintzen du tabernara sartu baino lehen eskatu behar dela ziurtagiria. «Dekretuak ez du kontuan hartzen sektorearen parte handi baten errealitatea, eta ez du ebazten zelan jokatu behar den talde bat sartzen denean», salatu du Sanchezek. Esan duenez, ostalariek Eusko Jaurlaritzari galdegin zioten barran eskatzean erakutsi ahal izatea ziurtagiria, baina azkenean «ez diete entzun», eta sarreran erakutsi behar dute. Bestelako xehetasun batzuk ere zehaztu barik utzi dituela deitoratu du Sanchezek, dekretuak ez duelako ebazten nortasun agiria erakutsi behar den ziurtagiriarekin, ezta terrazetan eskatu behar den ere ez.
Koronabirusa
Trabak izan dira ziurtagiria abian jartzeko
COVID ziurtagiria kiroldegi, zahar etxe, ospitale eta taberna guztietara hedatu den arren, askok ez dute lehen egunetik eskatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu