Autogobernuaren «higadura» salatu arren, negoziatzearen alde dago Jaurlaritza

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenak nola mugatzen dituen azaldu du Jaurlaritzak liburu batean. «Aldebiko» harremanei eutsi nahi die

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua nola «higatu» duen jaso du Eusko Jaurlaritzak 700 orritik gorako liburu juridiko batean. Higadura isila jarri diote izenburua, eta, hain justu, Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak azaldu du halakoa izan dela azken urteotan autogobernuaren hondatzea: «Isila, etengabea, eta, batez ere, oso kaltegarria erakundeen eta euskal gizarte osoaren interesentzat». Izan ere, Begoña Perez de Eulate Autogobernu zuzendariak nabarmendu duenez, autogobernua da «ongizatearen alde» egiteko «tresnarik eraginkorrena». Madrilek, ordea, «teknika politiko eta juridiko» ugari erabili ditu Gernikako Estatutua ez betetzeko, liburuak dioenez.

Egin gabe dauden transferentzietatik harago doa «higadura» hori, Garamendiren hitzetan. Izan ere, Jaurlaritzak jada badituen eskumenetan gertatu da Madrilen esku hartzea. Atzo aurkezturiko liburuan, txosten juridikoen bidez aztertu dute hori nola gauzatu den, eta zehaztu dute hiru bidetatik kalte egin diola Espainiako Gobernuak EAEko autogobernuari: autonomia erkidegoaren «eskumen esklusiboko» gaiei buruzko legeak egiteko zeharkako eskumen tituluak eskatu eta aplikatuta; Espainiako Konstituzioak estatuari ematen ez dizkion funtzio betearazleak ezartzeko «salbuespenezko» arrazoietara jota, eta estatuaren «gastu boterea» eskumen autonomikoko politika publikoetan eragiteko erabilita.

Bide horiek guztiek Espainiako Estatuaren «zentralizazio bultzada» erakusten dute, eta liburuan adibide jakin eta praktikoen bidez ezagutarazi nahi izan dute. Kasu horietako bat da elbarrientzako aparkatzeko txartelaren erregulazioarena: Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen gaiaz, eta estatuak errege dekretu bat egin zuen gero. Espainiako Auzitegi Gorenak 2017an ebatzi zuen auzia, eta Madrili arrazoia eman zion.

Estatuko administrazioarekin adostasuna lortzea jarri du lehentasun gisa Garamendik, halere. «Higadura» salatu arren, hain zuzen, negoziazioaren alde egin zuen atzoko agerraldian: «Tradizioa daukagu paktuan, akordioetan, eta horretarako aldebikotasuna sustatu behar da». Gernikako Estatutua betetzea lehentasuntzat jo du.

Transferentziak, mantso

Eskualdatu gabeko transferentziez, Garamendik adierazi du urrirako aurreikusia zutela Espainiako Gobernuarekin hurrengo bilera. Oraindik ez dute datarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.