Emakumeak bake prozesuetan. Mahai-ingurua

Noren bakea eta norekin?

Emakumeek gatazka egoeretan bizi duten indarkeria eta bake prozesuetan duten presentzia aztertu dute nazioarteko lau adituk Ahotsak-ek antolatutako solasaldian.

Euskal Herriko hainbat alderdi politikotako ordezkari emakumeak izan ziren atzo, Donostiako Kursaalean egindako jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hamabost urte dira Ahotsak sortu zenetik, baina lehenago izan zen bake eta gatazka egoeren azterketan genero ikuspegia txertatzeko egitasmo aitzindari bat: NBE Nazio Batuen Erakundeak duela hogei urte onartu zuen 1.325. adierazpena. Itun horrek gatazka egoeran zeuden herri eta estatuei agindua eman zien bake prozesuetan andreak eta haien bizi esperientziak txertatzeko, eta berariaz aztertzeko gerrak emakume eta haurrengan izandako inpaktua. Ordutik bi hamarkada pasatuta, hainbat izan dira bake bidean jarritako prozesuak, eta indarrean da adierazpena gaur egun ere. Gatazken konponbiderako prozesu askotan, ordea, ez da ikuspegi hori bermatu, eta, egun ere, ez da aintzat hartzen. Emakume horiek jasandakoa eta izan duten parte hartzea ezezaguna da sarri, baina ez du esan nahi egon ez direnik: gerran eta bake egoeretara ailegatzeko lanean badira emakumeak. Hori ikusarazteko, nazioarteko lau aditu gonbidatu zituen Ahotsak plataformak, atzo, Donostiako Kursaalean egindako solasaldira.

Hogei urte atzera onartu zen ituna, baina oraindik ere badirabizirik diren gatazka politikoak, eta genero ikuspegitik aztertu beharrekoak ere bai. Gaurkotasuna dutenetako bat da Mendebaldeko Saharan azken asteetan berpiztutakoa. Maima Abdeslam Fronte Polisarioaren Genevako (Suitza) ordezkariak hartu du hitza aurrena: «Orain gerrara itzuli gara, eta badakizue nor dagoen lehen lerroan? Emakumeak». Azaldu du andreak direla atzeragoardia prestatzen ari direnak, beren senitarteko gizonezkoak gerrara bidaltzen dituztenak, egunero Marokoko soldaduek beren etxeak bortxaz hartzea jasan behar dutenak, torturatuak direnak: «Bakearen aldeko herri bat gara, baina gerrara itzuli gara bakearen bila. Mendebaldeko Saharan emakumeek eskubide sozial asko ditugu, eta bakerik ez egoteak ukatzen dizkigu horiek guztiak».

Abdeslamen arabera, gainera, aspaldikoa da emakumeek Mendebaldeko Sahararen auzian izandako inplikazioa: «1977an Mauritania eta Maroko sartu ziren gure lurraldean. Ondoren ihes egin behar izan zuten Saharako basamortura. Aljeriari eskatu genion han geratu ahal izateko lurra, eta emakumeak izan ziren ospitaleak, eskolak eta herriak sortu zituztenak. Ez dut ezagutzen haurrik galdu ez duen emakume sahararrik». Halakoa izan zen inplikazioa, ezen belaunaldi berriak «sortzeko lana» ere hartu baitzuten andreek, Abdeslamek esan duenez: «Ezkondu ere egiten ziren ondorengoak izan eta frontean galdutako gizonak errekuperatzeko». Bakea sinatu ostean, ordea, aitortu du andreek bigarren planoan gelditu zirela.

Hain zuzen, bake prozesuetan andreek jokatzen duten bigarren mailako rola izan du hizpide Valeria Mosquera Kolonbiako Ruta Pacifica de las Mujeres proiektuko kideak. 2011rako bazegoen zurrumurrua gobernua eta FARC gerrilla elkarrizketetan hasi zirela, eta handik urtebetera ezagutarazi zuten negoziazio mahaia. «Ez zegoen andrerik», oroitarazi du Mosquerak. Ruta Pacifica de las Mujeres-ekoak eta beste eragile feminista batzuk hasi ziren orduan eskatzen emakumezkoak ere mahai horretan egoteko. Eta ez hori bakarrik, bake akordioetan genero ikuspegia txertatzea ere lortu zuten: «Mobilizazioaren bitartez emakumeek lortu zuten akordioetan 27 puntu sartzea, nahiz eta hamaseira jaitsi azkenean». Uste du hori dela lorpenetako bat: «Genero ikuspegia bake akordioetan sartzea».

Salatu du, ordea, 2016tik indarrean den bake akordioak ez duela aurrerapen handirik izan Kolonbian, eta lan handia dagoela oraindik egiteko. Besteak beste, elkartean ari dira Egiaren Batzordearentzako txosten gehigarri bat egiten, hain justu, andreek gatazka garaian bizi izandako indarkeria ikusarazteko.

Lan horren muina da emakumeek gatazka nola bizi izan duten jasotzea, eta eginkizun horretan aritu da Amandine Fulchiron Actoras de Cambio elkartean, Guatemalan: «Justiziaren gaia perspektiba askoz integralago eta politikoago batean landu nahi dugu». Horretarako, aurrena konfiantzazko eremuak sortzen dituzte, gatazkaren ondorioak jasan dituzten emakumeek lasai hitz egin dezaten: «Bizi izandakoa onartuta, ikusten dute beren bizitzek balioa dutela». Ondoren, kalea hartzen dute emakume horiek guztiek: «Espazio publikoa hartzen dugu memoria kolektiboa eraikitzeko. Gure tokia hori da: ezinbestekoa da gure egia aitortzeko eta gure lekua egiteko».

Ikusezintasunaren arrazoia

Bake prozesuetan tokia izatea, hori da erronka Ayse Betu Sabanci unibertsitateko (Turkia) irakaslearen ustez. Andreak egotea ezinbestekoa dela deritzo, baina aitortu du oraindik bidea dagoela egiteko, eta horretarako hautsi behar dena zerrendatu du: «Patriarkatua, estereotipoak eta joera kontserbadoreak; hezkuntzan sakondu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.