Koronabirusa

Aerosolena: errotzen motelena

Solastatzean-eta aireratzen diren tantek ez ezik, txikiagoek ere, aerosolek, COVID-19a zabal dezakete: aski frogatuta dago, baina zurruna izan da hori onartzeko prozesua.

Ikasle-irakasleak ikasgela batean, maskara soinean dutela denak, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Birologoa da Nicola Abrescia, Bioguneikerketa zentroan dihardu, eta azalpen ugari eman behar izan ditu igaro hilabeteotan SARS-CoV-2 birusaren transmisio bideen inguruan. «Garrantzitsuena da ulertzea birusa elkarren gertuan bagaude kutsatzen dela; mintzatzean, garrasi egitean edo doministiku egitean aireratzen ditugun tantaxken bidez. Horregatik, maskararen erabilerak, eskuen garbiketa sarri-sarriak eta gainazalak ere maiz garbitzeak urritu egiten dute tantaxka horiek alde batetik bestera egiteko probabilitatea, edo gainazaletan geratzekoa», gogora ekarri du. Hain zuzen ere, martxotik hona naro zabaldu dira mezu horiek, eta horren araberako neurriak ere hartu dira: jende pilaketak saihestera egin da, eskuak garbitzeko produktuak nonahi ipini dira, eta maskaren erabilera orokortzeraegin da. Abresciak onartu du, hala ere, egin duen laburpenean xehetasun bat falta dela. «Toki txikietan errazagoa da tantaxka horiek asti gehiagoan egotea airean; horrek erraztu egiten du horien transmisio posiblea». Alegia, gertutasun fisikoa derrigor egon gabe ere, pertsona kutsatu batek aireratuko tantaxkak arnastuta transmiti daiteke birusa. Tantaxkarik txikienekin gertatzen da; hilabeteotan, gaitzaren transmisioa argitze aldera eman diren azalpenetan, aerosol deitu zaie. Horien gaineko neurriak eta irizpideak, gainerakoekin alderatuta, ez dira hain argiak izan.

Birusa zabaltzen hasi eta berehala ohartarazi zuten transmisio modu horren inguruan hainbat ikertzailek. Horietako bat da, esaterako, IDEA-CSICeko ikertzaile Xavier Querol, kutsadurarekin lotutako gaietan aditua, eta OME Osasunaren Mundu Erakundera jo izan du, beste hainbat zientzialarirekin batera, transmisio bide hori aintzat hartzeko eskatzeko.Hain justu ere, «martxorako» kutsatze bide horren ebidentziak bazirela adierazi du, eta beharrezkoa iruditu zitzaiela atea jotzea, apal: «Eskakizuna egin dugunotako askok ez dugu ikuspegi epidemiologikorik, ni neu ez naiz medikua; baina ondo dakigu aerosolek nola jokatzen duten toki itxietan». Azkenean, nazioarteko osasun erakundeak aintzat hartu dituela uste du: «OMEk aireztapena aholkatu du; horrek esan nahi du aerosolek eraginen bat izan dezaketela». Erakundeak berak onartua du gaitzari buruz ematen dituen argibideetan aldagai hori: «Aerosolen bidezko transmisioa gerta daiteke egoera espezifiko batzuetan, bereziki toki itxietan, jendetsuak badira, eta gaizki aireztatuta badaude». Eta zerrendatu ditu arriskutsuak izan daitezkeen hainbat toki ere: jatetxeak, abesbatzen entseguak, fitness eskolak, gau klubak, bulegoak eta gurtza tokiak.

«Ebidentzia» asko

Horren inguruko «ebidentzia» asko daudela esan du Querolek. «Ez dago eztabaidarik aerosolen bidezko transmisioaren inguruan: ez dago. Egun, eztabaida bakarra garrantzia da; transmisioen zer ehuneko hartzen duten era horretan gertatutakoek». Partikula horiek, beren nanotasunean, hor daudela oroitarazi du, isurtzen diren beste tantaxkekin ateratzen direla, eta birusa eraman dezaketela. «Bost mikra baino txikiago direnek denbora asko iraun dezakete atmosferan, airean igeri. Leihoa irekitzen baduzu, joan egingo dira; bestela, birusa duen pertsona bat han hizketan ari bada, edota kantuan, pilatuz joan daitezke». Eta zenbat denbora egoten dira airean? «Neurriaren araberakoa izaten da; orduak izan daitezke, edo minutuak». Horregatik, aireztapen neurriak, eta airea garbitzeko baliabideak, prebentzio estrategia oso baten barruan, aintzakotzat hartu behar direla adierazi du.

Izurriarekin lotutako beste hainbat kontu bezala, gertutik jarraitu ditu transmisio bide honen inguruan esan eta erabaki direnak ere Elhuyar Zientziako zientzia komunikatzaile Ana Galarragak. «Tantaxken eta aerosolen bidezko transmisioa bereiztea ez da erraza. Bereizketa bera ez da argia; zer den tantaxka bat, zer aerosol bat», esplikatu du. Biak ere «arnasbideetatik» isurtzen ditugun partikulak dira, eta «gradiente» batean ulertu behar dira: «Tantaxka handienetatik, aerosol txiki-txikienetara».

Gogora ekarri du lehen neurriak hartu zirelasoilik«tantaxka handienetan» pentsatzen: «Izan ere, ikusten zen kutsatzeak gertatzen zirela pertsonatik pertsonara». Berehala ikusi zen bestelako agerraldiak bazirela, toki itxietan ia beti, eta hasi ziren ulertzen «tanta txikiagoen bidez ere» gerta zitekeela transmisioa.

Erresistentziak

Bat dator Galarraga: erresistentziak egon dira transmisio bide horri bere tokia emateko. «Zuhurtzia printzipioa aintzat hartuta, jarri beharko ginateke okerrenean; alegia, aintzat hartu beharko litzateke aerosolen bidez ere hedatzen dela birusa, eta horren araberako neurriak hartu beharko lirateke: espazio itxietako aireztapen egokiari erreparatu beharra ekarri behar luke horrek; ahal bada, jarduera ahalik eta gehienak kanpoan egitea». Hortxe ikusten du erresistentziarako zioa: «Izan ere, horrek asko mugatzen ditu barruan gertatzen diren jarduera asko: horien artean, lana». Horregatik, «ebidentzia sendoen» bila denbora asko eman dela nabarmendu du. «Eta ikerketek erakutsi dute baietz, aerosolen bidezko transmisioa ere kontuan hartu behar dela. Batez ere, orain, neguan». Neurri horiei hasieratik ez erreparatzeak, «ebidentzien» bila eman den denborak, ondorioak izan dituela uste du. «Nik ez dakit nahikoa esplikatu den; uste dut eztabaidan geratu dela gehiago: ez da esan argi oso berandura arte transmisio bide hori badela». Bada beste arazo bat ere: «Baliabideak ere falta dira». Hein batean, maskarekin gertatu zena gertatu da? Ez zen haien garrantzia nabarmendu, falta zirelako. «Nik ikusten diot paralelismoa», onartu du Galarragak. «Denbora asko eta froga oso sendoak behar izan dira onartzeko, nahiz eta hasieratik ikertzailek askok esana zuten».

Bat dator Querol: «Zuhurtzia printzipioa erabili beharko litzateke. Gainera, aireztapena, eta airearen birzirkulazioa bilatzeak ez du esan nahi beste babes neurriak albora utzi behar direnik; maskara erabiltzen jarraitu behar da, eskuak garbitzen, distantzia kontuan hartzen... Horiei erantsi beharreko zerbait da. Askotan, gainera, zera da, ateak eta leihoak zabaltzea; ez da besterik». Egin beharrekoa iruditzen zaio: «Demagun kasuen %5 bakarrik direla; baina saihets baldin badaitezke, saihets ditzagun, ezta?». Azaldu du Alemanian bertan, kasurako, 450 milioi euro bideratu dituztela museoak, administrazioaren egiturak eta ikastetxeak aireztatzera. «Badira administrazioak jada neurriak hartzen ari direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.