Koronabirusa. Gasteiz

Ezohikoari neurria hartzen

Gasteizko eskolak bertan behera geratuta, goizean apenas ikusi den umerik: gurasoen eta aitona-amonen zaintzapean geratu dira. Irakasleak egoera berrira egokitzen ari dira.

JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
edurne begiristain
<i>Gasteiz</i>
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ezohiko isiltasun batekin esnatu zen atzo Gasteiz. Goizean goiz, umeen algararik ez zen entzun ikastetxe inguruetan, auto pilaketarik ez zen sortu hiriko kaleetan barrena, eta garraio publikoan askoz ere erabiltzaile gutxiago ibili zen. Ezohiko baretasuna Gasteizen, ezohiko egoera batean. Eusko Jaurlaritzak herenegun jakinarazi zuen jarduera eten beharko zutela Gasteizko ikastetxeetan, haur eskoletan, lanbide heziketako zentroetan eta unibertsitatean, baita hiriko gainerako hezkuntza zentroetan ere —euskaltegietan, esaterako—. Erabaki horiek hartu eta biharamunean, egoera berri horretara egokitzen hasi behar izan zuten atzo herritar ugarik.

Goizeko bederatzietan Zabalganeko eskolak zeukan itxurak ematen du ezohikotasunaren neurria. Itxita zeuden ateak, eta eraikina inguratzen duten hesietan jarritako ohar batean zegoen Eusko Jaurlaritzaren agindua, jarduna etetekoa. Haurrez lepo egon ohi dira eskolarako sarrerak ordu horretan, baina orain apenas dabilen inor eskolaren inguruan. Argazki bera ikus daiteke hiriko eskola eta unibertsitate guztietan.

Ume gehienak etxean daude, eta zaintzaren zama, gurasoen edo aitona-amonen bizkar. Lorena Mayoren etxean, adibidez, haren eta senarraren artean banatuko dute seme-alabak zaintzeko ardura, laneko ordutegiak aukera ematen baitie horretara moldatzeko. Goizez amak zainduko ditu haurrak, eta arratsaldez, aitak. «Zabalganeko eskolak ateak itxita dauzkan bitartean, parkera joango gara, kanpoan planak egingo ditugu, eta etxean eskulanak egingo ditugu». Aitona-amonekin uzteko aukera ere badute, baina aukera hori baztertu dute, haiek «arriskuan» ez jartzeko.

Eskola bateko jantokian lan egiten du Naroa Lopezek, eta herenegun esan zioten ez joateko lanera: enplegua erregulatzeko behin-behineko espedientea aurkeztu du haren enpresak, koronabirusa dela eta. Etxean geratuko da bi umeak zaintzen. Uste du eskolak ixteko erabakia «ulergarria» dela, eta beharrezkoa balitz neurri gehiago hartzearen alde dago. Bitartean, umeekin parkera joango da, itxita baitaude liburutegiak, igerilekuak eta udaleko beste hainbat zerbitzu. Egoera ikusirik, ez du baztertu herrira joatea: «Umeak hobeto egongo dira han; jende gutxiago ibiliko da, gainera».

Eskolak ixteko erabakiak ezustean harrapatu ditu guraso gehienak, eta kontziliazioa askoren buruhauste bilakatu da. San Viator eskolako gurasoak kezkatuta daude: «Goizetan aitona-amonekin utziko ditugu umeak, nahiz eta ez den nahiko genukeena, haiek arriskuan jartzea delako», dio Igone Alvarezek. Aitortu du ez zutela espero halako neurririk, eta ez du ukatu beldur pixka bat badutela: «Aitonak ez ditu umeak parkera eraman nahi, eta urtegira joan da haiekin, goiz-pasa».

Irakasleak, lanera

Ikastetxeetako eskolak bertan behera geratu badira ere, irakasleek lanera joan behar izan dute. Ezohiko egoera dutela azaldu du Xabier Nuñez Ramon Bajo ikastetxeko irakasleak: «Umerik ez dagoenez, jardunaldi trinkoa egiten ari gara, eta goizez gatoz lanera». Eguneroko lana ere moldatu izan dute eskoletan: teknologia berriak erabiliko dituzte umeei etxeko lanak bidaltzeko. «Haurrentzako materiala prestatzen ari gara, gero haiei posta elektronikoz bidaltzeko». Nuñezek aitortu du irakasle guztiak «egokitzen» ari direla egoera berrira: «Hemen sekula ez da izan pareko egoerarik».

Antzeko sentsazioa du Francisco de Vitoria ikastetxeko irakasleAitziber Agirrek ere. Gelak eta korridoreak hutsik topatu ditu eskolan, eta irakasleak lana aurreratzen ari dira: «Iraileko lehenengo astean edukitzen dugun egoeraren antza du honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.