Espainiako Auzitegi Gorena aurki da plazaratzekoa Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia, eta sententziaren atariko giroak blaitu zituen atzoko Diada —Kataluniako egun nazionala—, baita Diadan parte hartu zuten euskal eragileak ere. Oro har, katalanekiko eta preso independentistekiko elkartasunak eta eskubideen aldeko aldarrikapenak batu zituzten euskal eragileen mezuak, batetik, eta euskal eta kataluniar eragileak, bestetik.
Goizean, EAJk Rafael Casanovaren aldeko lore eskaintzan parte hartu zuen. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza idazkariak eta Gorka Mostajo EGIko kideak osatu zuten jeltzaleen ordezkaritza, eta Ortuzarrek ahotan izan zuen aurki plazaratzekoa den epaia: «Sententzia bidezkoa izatea nahiko genuke, eta, batez ere, Kataluniaren eta Espainiako Gobernuaren artean gaur egun zabalik dagoen gatazka hori behar den moduan konpon dadila; hau da, elkarrizketaren,negoziazioaren eta akordioaren bidez». Horretarako, Ortuzarrek uste du «egokiena eta bidezkoena» dela auzipetu guztiak aske geratzea: «Norabide horretan emaniko ebazpenak lagunduko luke txarto egin den bide hori neurri batean desegiten».
Edozein moduz, «Kataluniako herriari» eta bertako «prozesu politikoari errespetua eta elkartasuna adieraztera» joan zen EAJ atzo Bartzelonara, «Kataluniak bere etorkizuna askatasun osoz erabaki dezan». «Beti esan dugu Kataluniako arazoari eman beharreko konponbidea ez dela etorriko Espainiako auzitegiek emaniko epaien bidez», erantsi zuen Ortuzarrek.
Casanovaren aldeko ekitaldian izan zen EH Bildu ere, eta lore sorta eraman zuten Maddalen Iriarte bozeramaileak, Pernando Barrena europarlamentariak eta Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatuak. Aurtengoa Diada «berezia» izan dela nabarmendu zuen Iriartek, «aurten ere hautetsiak kartzelan edo erbestean daudelako eta Auzitegi Gorenak sententzia bat emango duelako laster». Iriartek azaldu zuenez, EH Bilduko ordezkariak Kataluniako hainbat eragilerekin batzartu dira egunotan, eta horiek bat datoz uste batean: epaia «oso gogorra» izango da auzipetuen kontra.
Beraz, «Espainiako Estatuak berriz ere bere aurpegi autoritarioena erakusten badu», Iriartek uste du Euskal Herriak baduela «nahikoa lan demokrazian eta oinarrizko eskubideetan sakontzeko. Hori dago jokoan: herritarren etorkizuna hobetzeko bideak». Garai hau «salbuespenezkoa» dela iritzita, Iriartek azpimarratu du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela «Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko elkarlana».
Torrak harrera Gure Eskuri
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak harrera egin zion Generalitatearen egoitzan Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako ordezkaritza bati. Bileran, Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoak aztertu zituzten, bereziki sententziak oinarrizko eskubide eta askatasunen eta bi herrien etorkizunean izan ditzakeen ondorioak. Alde horretatik, Amalur Alvarez bozeramaileak «eskubide indibidual eta kolektiboen aldeko defentsa aktiboa» egiteko konpromisoa agertu zion Torrari, eta azaldu Gure Esku «prest» dagoela zigor epaia izanez gero «euskal gizartearen erantzun zabala» artikulatzeko: «Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugun herriok behartuta gaude elkarrekin jardutera. Horregatik, ezinbestekoa da indarrak batzea oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsan, eta elkar babestea eta laguntzea geure herrien burujabetzara bidean».
Euskal Herriari begirako mezu bat bidali zuen Alvarezek; ezinbestekotzat jo zuen «euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko».
Arratsaldean Bartzelonako Kale Nagusian eginiko manifestazioan ere izan zen Gure Esku, ANC Biltzar Nazional Katalanak gonbidatuta, eta egunotan bilera batzuk egingo dituzte Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin, Elisenda Paluzie ANCko presidentearekin eta Omnium Culturaleko zuzendaritzako ordezkariekin. Bisitarekin, Gure Eskuk elkartasuna adierazi die prozesu subiranistaren harira auzipetuta dauden pertsona guztiei, «eta bereziki bidegabeki espetxean daudenei».
Bestalde, Independentistak Sareak martxa bat antolatu zuen aurten ere, arratsaldeko manifestazioaren aurretik, Euskal Etxetik ANCren mobilizaziora joateko. Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak azaldu zuenez, Diadan parte hartzen duten euskal herritarrek Kataluniako mugimendu independentistari «elkartasuna eta konplizitatea» adierazteko antolatzen zuten martxa: «Euskal Herritik gatozenok denok batera erakusteko, indartsuago, gure elkartasuna, eta denok batera parte hartzeko Diadan».
Kataluniako prozesu subiranista. Diada
Elkartasunak eta eskubideen defentsak batuta
Euskal eragile ugarik Diadan parte hartu dute. EAJk «elkarrizketa» eskatu du, eta EH Bilduk «elkarlanaren» beharra azpimarratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu