Elkarrizketa prozesu bat abiatzeko keinuak egiten hasi dira Hondarribiko alardearen gatazkan. Jaizkibel konpainiak jakinarazi du prest dagoela Alarde fundazioarekin «elkarrizketa mahai baten bueltan esertzeko». Era horretan, Jaizkibelek baietz erantzun dio Alarde fundazioak otsailean egindako proposamenari: Hondarribian bertan zabaltzea elkarrizketa prozesu bat. Eskaintza harekin, fundazioak atea itxi zion Gipuzkoako Diputazioaren elkarrizketa ildoari: isilpean ari ziren hizketan, eta fundazioak hautsi zuen isiltasuna. Jaizkibelek ez dio aukera horri uko egin —«prest gaude»—, baina atea ireki du fundazioarekin ere esertzeko. Bi eskari egin ditu horretarako: batetik, elkarrizketen bitartekaria adostu dezatela bi aldeek; eta, bestetik, helburutzat jar dezatela «konponbide adostu bat» lortzea.
Azken urteetako istilurik handienak gertatu ziren joan den irailean Hondarribian. Jaizkibel konpainiaren aurkako plastikoak eta oihuak nahieran zabaldu zituzten Kale Nagusian. Ertzaintzak isun batzuk jarri zizkien jazarpen horretan parte hartu zuten sei laguni —ez haiei soilik: Jaizkibel konpainiako arduradunei ere bai, uniformerik ez zuten pertsonak ez zituztelako desfiletik kaleratu—.
Alkatea bitartekari
Joan den otsailean, ohar bitartez, Alarde fundazioak elkarrizketarako asmoa azaldu zuen: «iritziak trukatzeko espazio bat» sortzea proposatu zuen, irailekoen gisako «zoritxarreko egoerak» saiheste aldera. Fundazioaren ustez, Hondarribian bertan bideratu behar da prozesu hori, «udaletxean», eta alkatea proposatu zuen bitartekari aritzeko —Txomin Sagarzazu, EAJkoa; hauteskundeak irabazita, hark segituko du alkate—.
Kontua da Alarde fundazioak proposamen hura egin zuenerako ari zirela hizketan, nahiz eta ez zuten horren berri jendaurrean eman. Diputazioa zen sustatzaile. Proposamen berria eginda, Alarde fundazioak muzin egin zion ordura arteko elkarrizketari —atzo bertan ohartarazi zuen ez duela nahi «kanpoko esku hartzerik»—.
Otsailean gertatu zen hori, eta diputazioak ez du ezer esan ordutik. Udalak, bai: ontzat jo du fundazioaren proposamena, eta bitartekari izateko pronto agertu da.
Jaizkibelek azaldu du «hausnarketa» egin duela elkarrizketa bideen inguruan, eta bietan aritzeko prest dagoela: diputazioak hasi zuen ildoan eta Alarde fundazioak proposatu duen bidean. Lehenari dagokionez, «berretsi» egin du parte hartzeko asmoa, lehen ere aritu baitzen. «Prest gaude, erakundeen notizien zain». Bigarren elkarrizketa bide horretarako ere prest dago konpainia.
Elkarrizketarako bi baldintza zehaztu ditu, hala ere. Batetik, bitartekaria: «Alarde fundazioaren eta Jaizkibel konpainiaren onespena jaso beharko du». Alkatea proposatu du fundazioak, baina kontuan izatekoa da gatazkan ez dela eragile neutroa izan: emakumeak onartzen ez dituen alardeari harrera egin dio urteotan —Alarde fundazioari, beraz—, eta Jaizkibel talde parekideari, ez. Bestetik, elkarrizketen helburua: «istiluak» saihestea aipatu du xedetzat fundazioak, «bizikidetza» bultzatzea eta «alardea ulertzeko sentsibilitateak errespetatzea»; baina Jaizkibelek dio auzian «konponbide adostu bat» lortzea jarri behar dela jomugan.
Alarde fundazioarekin esertzea erabaki du Jaizkibel konpainiak
Fundazioak baztertu egin zuen aldundiaren elkarrizketa prozesua, eta udala erdian lukeen prozesu bat proposatu zuen. Jaizkibel prest agertu da, betiere bitartekariak adostuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu