Azkenean, Nafarroa aldarrikapen historiko bati bide ematear dago, eta aspaldi kudeatutako eskumen bat berreskuratuko du aurten: trafikoarena —betiere Espainiako Gobernuak hitza bete eta martxoa baino lehen akordioa eginez gero—. 61 urte inguru iragan dira frankismoak eskumen hura kendu zionetik. Behin akordioa lortuta, bizpahiru urte iraungo duen trantsizio epe bat abiatuko da, Foruzaingoak trafikoaren ardura osoa izan arte, baina bihurgune askoko historia bat atzean uzteko moduan da. Izan ere, gaurdaino, jira eta bira ugari izan dira bilakaeran, bai eta eskumen historiko horren inguruko jarrera politikoetan ere.
Automobilak errepideetan ibili aurretik ere, Nafarroa arduratzen zen bere bideak eraikitzeaz eta zaintzeaz. XIX. mendearen erdian, lehen gerra karlistaren ostean foruak galduta ere, bideen zaintzari eutsi zion orduko diputazioak. Inork salaketa jarriz gero, udalak arduratzen ziren isunak jartzeaz. Bide zaindariei eta guardiei egokitzen zitzaien lan hura.
Lehen bihurgune handia XX. mendearen hasieran etorri zen,automobila nabarmen eraldatu zenean. Diputazioarena zen trafikoaren eskumena, baina, tramankulu berri hark berekin zekarren erronka ikusita, estatuak ezarritako araudia bere egin zuen, besterik gabe.
Errepideko zaindariak
Hogei urte geroago, beste bihurgune handi bat etorri zen. Aurreko mendearen amaieran zalditerian oinarritutako araudia zaharkituta geratu zelakoan, diputazioak araudia berritu zuen 1920ko hamarkadaren hasieran. Alabaina, 1923an sortu zen polemika. Madrilek ibilgailuen zirkulazioaren legedia Hego Euskal Herrian ere aplikatzea ebatzi zuenean, Nafarroak erabaki haren aurka egin zuen, eta, aldarrikapen hari erantzuna eman ez zitzaionez, bere ikuspegia errespetarazi zuen.
Araudiarekin batera, 1928an errepiderako Polizia propioa garatu zuen orduko diputazioak. «autoen zirkulazioa zaintzeko eta lurraldeko zergak ikuskatzeko asmoz». Polizia horiek motozikletekin ibiltzen ziren errepidean, autoen joan-etorriak gainbegiratzeko, gero eta gehiago erabiltzen baitziren. 1935ean, errepideko zaindari izena jarri zieten. Gerrak eztanda egin eta bi urtera, 1938an,Francok Ordena Publikoaren eskuetan utzi zuen errepide zaintza hura, baina, gerra amaitu zenean, diputazioak jarraitu zuen trafikoa kudeatzen. Nafarroan agintean ziren karlistek altxamendua babestu izanak, jakina, diktadoreak eskumen historiko hura errespetatzea bermatu zuen.
Alta, 60ko hamarkadaren hasierako industrializazioak hauspoturik autoa modu masiboan hedatu, eta errepideak betetzen joan ahala amaitu zen dena. Akabo Nafarroako aliatu karlistei egindako kontzesio hura. Diputazioak halako protesta imintzio bat egin zuen. 1959an, trafikoaren gaineko lege batek ezarri zuen Araban eta Nafarroan trafikoaren zaintza Gobernazio Ministerioaren eskuetan geratuko zela, eta 1961eko beste dekretu batek zehatzago utzi zuen Guardia Zibila arduratuko zela ordutik aurrera trafikoaz. Bi diputazioen protesten harira, diktadurak argi utzi zien ordura artekoa ez zela eskubide historiko bat, Madrilek utzitako ahalmen bat baizik. Ia bi mendeko tradizio historikoa kolpe bakarrean ezabatu zuen. Ironikoki, garai hartan jarri zitzaien foruzain izena errepideko zaindariei.
Demokrazia ezarri zenetik, Nafarroako erakundeen aldarrikapen historikoa izan da trafiko eskumena. Behin diktadura amaituta, 1982tik aurrera Foru Hobekuntzak zehazten du Nafarroako esparru juridiko-politikoa, eta berezko eskumen gisa definitzen du trafikoa. Eusko Jaurlaritzak 1982tik eta Kataluniako Gobernuak 1997tik eskumen hori lortua badute ere, kolore politiko askotako Nafarroako gobernuak esku hutsik geratu izan dira orain arte.
Atzean, polizia ereduaren eta Foruzaingoaren eta estatuko segurtasun indarren arteko botere talka egon da, batik bat Guardia Zibilarekin. Horregatik, urte guztiotako aldarrikapenek alderdi batzuen orduko eta oraingo ikuspegiei argazkia ateratzeko balio dute. Adibidez, 1994an parlamentuak Foruzaingoaren lehen plan zuzentzailea onartu zuen, eta antolamendurako egitasmo hark zehazten zuen Foruzaingoak zegozkion eskumenak bere gain hartu eta lurraldean hedatu ahala Guardia Zibilak atzera egin behar zuela, ez soilik trafiko arloan, baizik eta poliziaren jarduera guztietan.
«Guk Kataluniako eredua nahi dugu. Estatuko polizia zerbitzuek atzera egitea apurka, hemengo polizia zabaldu ahala», zioen ordu hartan Miguel Sanz garaiko Barne kontseilariak. Urte haietan, UPN zen agintean, eta plana babestu zuen, alderdi abertzaleekin batera. PSNk, PSOErekin bat egin, eta kontra bozkatu zuen.
UPNren ahalegina, kamuts
1996tik PPk gobernatu zuen Espainian bi agintaldiz jarraian. Azkenekoan, gehiengo osoa izan zuen, gainera; baina Madrilen eta Iruñean, eskuinak botere osoa izanagatik, ez zen ezer aldatu. 2002an, UPNren eta CDNren arteko koalizio gobernuak zioen trafiko eskumena «berehala» lortuko zela. 2004an, Francisco Iribarren garaiko Ekonomia kontseilariak iragarri zuen Administrazio Publikoko ministroarekin bildu zela, gaia planteatu zitzaiola, eta Madrilek ez zuela arazorik jarri. Alta, hitzak haizeak eraman zituen, eta UPN ez zen gai izan aldarrikapen hori gauzatzeko.
Iragan legealdiaren amaieran, 2018ko urriaren 31n, pauso esanguratsu bat eman zen azkenean: Moncloan, Pedro SanchezekUxue Barkos lehendakariari ziurtatu zion eskumen hura itzuliko zela. Kostatzen ari zaio, baina, konpromisoa betetzea. Nafarroako Gobernuak iaz ziurtatu zuen «2021 amaierarako» sinatuko zela. Urtebete geroago, legealdia amaitzear den honetan, oraindik ez da gauzatu, eta estatuko aurrekontu orokorrei buruz EH Bildurekin egindako akordioan jaso du PSOEk, berriro, martxorako egingo duela. Nafarroako Gobernuak esan du aurki sinatuko dela.
Egun trafikoan aritzen diren guardia zibilekin zer egin zehaztea izan da oztopoetako bat. Eskuinak etekina atera nahi izan dio auziari, kontraesanak gorabehera. Orain, Navarra Sumak dio «Guardia Zibila Nafarroako errepideetatik ateratzea» dela xede politikoa. Kontraesan hori beste bihurgune politiko bat izan da, baina fruituak eman ditu. Zaratak eta Guardia Zibilaren jarrerak zeresan handia izan dute atzerapenean. Ez dute arrazoirik izango kexatzeko, baina. Akordioak jasoko duenez, hala nahi duten guardia zibilek foruzain egiteko aukera izango dute, eta osagarri bat kobratuko dute, dirurik ez galtzeko.
Bihurgune askoko eskumena
Nafarroak aspalditik izan du bideak zaintzeko eskumena. Alta, 1961ean, errepideetan autoak ugaritu ahala, diktadura frankistak kendu egin zion ardura hori orduko Nafarroako Diputazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu