Gerra Ukrainan

Suedia, NATOn sartzeko eskaera egitear, parlamentuak berretsita

Lehen ministroak adierazi du Suediak ez duela nahi aliantzaren base militar iraunkorrik herrialdean. Stockholmek esan du eskaera Finlandiarekin batera bidaltzeko asmoa duela

Suediako lehen ministro Magdalena Andersson, atzo, parlamentuak herrialdea NATOn sartzeko eskatzea onetsi osteko agerraldian. HENRIK MONTGOMERY / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Berrehun urte luzeko neutraltasuna alboratzear da Suedia. Gobernuan den SAP Suediako Alderdi Sozialdemokratak herrialdea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea sostengatu ostean, parlamentuak erabakia berretsi zuen atzo, gehiengo zabal batez. Zehazki, Ezkerra eta Alderdi Berdea izan ziren erakundera batzearen aurkako jarrerari eutsi zioten alderdi bakarrak. «Aro bat amaitzen ari gara, eta beste bati hasiera eman diogu», esan zuen Magdalena Andersson lehen ministroak, oposizioko buru Ulf Kristersson kontserbadorearekin batera egindako agerraldian.

Errusiak otsailaren 24an Ukrainan hasitako inbasioak Suediaren asmoak eta jarrerak aldatu ditu segurtasunaren alorrean. Anderssonek nabarmendu zuen Suedia erakundeko kide ez den Itsaso Baltikoko herrialde bakarra izango balitz «oso egoera ahulean» egongo litzatekeela eta Errusiak presio handiagoa egingo liokeela. Beraz, haren hitzetan, «herrialdea defendatzeko modurik onena NATOn sartzea da». Hala eta guztiz ere, lehen ministroak oroitu zuen erakundeak eskaera onartzen badu Suediak ez duela nahi aliantzaren base militar iraunkorrik herrialdean, ezta arma nuklearrik ere.

Kristersson oposizio burua, berriz, Errusiaz aritu zen: «Errusiari ez zaio gustatuko Suedia eta Finlandia NATOn sartzea. Hilabete zailetarako prest egon behar dugu. Espero dugu eskaera prozesuak urtebete baino gehiago ez irautea». Bada, erakundeko zenbait kidek —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak, besteak beste— azken egunotan baieztatu dute Suediako segurtasuna «babestuko» dutela atxikimendu prozesuak irauten duen bitartean. Norvegiak, Danimarkak eta Islandiak, bestalde, «konpromiso bateratu bat» hartu dute «bizilagunekin», eta laguntza eskaini diete beren eskaerak izapidetu aurretik eraso egiten badiete. Suediako Gobernuak oraindik ez du argi zein egunetan galdegingo duen formalki erakundean sartzea; «Suediak asmoa baitu eskaera Finlandiarekin batera bidaltzeko», lehen ministroak argudiatu zuenez.

Hain zuzen, Finlandiako Parlamentuan gaiaren inguruan eztabaidatzen ari dira oraindik, nahiz eta alderdi politiko guztiek —ekologistak eta komunista izandakoak barne— azken asteotan iragarri duten berretsi egingo dutela Finlandiako presidente Sauli Niinistok eta Sanna Marin lehen ministroak aurkeztutako eskaera. Halere, prozesuak bi egun iraungo duela aurreikusi dute, Pekka Haavisto Liga Berdeko kideak atzo jakinarazi zuenez.

Bi estatuak, Turkiari begira

Erakundea hedatzeari buruzko edozein erabakik aliantzako 30 kideen onespena behar du, eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek iragan ostiralean esan zuen ez dela Suedia eta Finlandia NATOko kide izatearen aldekoa, politikari erbesteratu ugari hartzen dituztelako; besteak beste, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak. Turkia 1952tik dago aliantzan, eta horrek esan nahi du betoa jarri ahal diela erakundean sartzeko eskaerei. Halere, ez dizkie aliantzara batzeko ateak guztiz itxi bi estatu horiei.

Jokaleku horretan, Stockholmgo zenbait diplomazialari Ankaran dira atzotik, Turkiak ezarritako oztopo horiek gainditzeko. «Espero dut adostasuna lortzeko gai izango garela», esan zuen atzo Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.